Leire Garcia: "Orokorrean, jendeak ez daki zer den zehazki gizarte hezitzaile bat"

Txomin Madina Milikua 2020ko urr. 6a, 19:51

Joan den egubakoitza, urriaren 2a, Gizarte Hezitzaileen Nazioarteko Eguna izan zen. Hori aitzakia hartuta, Arrasaten lan egiten duen Kalexka elkarteko kide eta gizarte hezitzaile Leire Garciak bere lanbidearen nondik norakoak azaldu ditu.

Gizarte hezitzaileek egiten duten lana mahai gaineratzeko asmoz, urriaren 2an Gizarte Hezitzaileen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Debagoienean badira hainbat erakunde behar gehien duten pertsonen interbentzio hezitzaile eta sozialera dedikatzen direnak; horietako bat da Arrasaten finkatuta dagoen Kalexka kolektiboa. Bertan jarduten du Leire Garciak, eta lanbide "berri eta ikusezin" horren nondik norakoak azaldu ditu, ahoan bilorik gabe.

Gizarteak ba al daki zer egiten duen gizarte hezitzaile batek?

Nik uste dut jendeak oro har beste lanbide batzuekin nahasten duela gizarte hezitzaile baten egitekoa. Normala da, nahiko lanbide berria delako. Gure lana pertsonei harreman osasuntsuak sortzen laguntzea da. Bizi egitura finkoa garatzeko baliabideak eskaintzen ditugu, norberaren alderdi pertsonala hobetu eta zaitasunak gainditzeko.

Zein esparrutan egiten duzue lan?

Sektore askotan aritzen gara. Alde batetik daude gizarte zerbitzuak. Baliabideak nork jartzen dituen arabera, Udaleko eta Foru Aldundiko gizarte zerbitzuak bereiz ditzakegu. Era berean, familia eta adin txikikoekin esku hartzeak eta helduekin akonpainamenduak egiten ditugu. Kale hezitzaileok aisialdi ekintzak antolatzen ere ibiltzen gara. Osasunari dagokionez, kanpaina ugari egiten ditugu: drogen kontsumoaren prebentzioarekin lotutakoak, sexualitatearen eta bullying-aren ingurukoak, eta abar. Ludoteketan zein gaztelekuetan gure presentzia edukitzen saiatzen gara, gazteen ohitura osasuntsuetan eragiteko.

Heziketa adin talde guztietara zabaltzen duzue beraz?

Bai; beharra duen edonork jaso ditzake gure zerbitzuak. Garrantzitsua da erabiltzaileen gabeziak ahalik eta azkarren antzematea; bideragarriagoa da arazo bati haurtzaroan erantzuten hastea, gerora konplexuago bilaka daiteke eta.

Zuen lanean pertsona desberdin askok parte hartzen dute?

Noski; hor daude gizarte langileak eta gizarte integratzaileak ere. Lehenengoak beste gestio mota batzuetaz arduratzen dira, eta bigarrenek gure antzeko lana burutzen dute, baina kategoria kontuengatik gaude desberdinduta. Gizarte hezitzaile batek unibertsitate gradua atera behar du, eta gizarte integratzaile batek goi mailako zikloa.

Arrasaten bakarrik ez, beste herri batzuetan ere aritzen zarete.

Bai; Kalexkako langileak Aretxabaletan egoten gara gazteekin, eta Bergaran helduekin. Eibarren, Zumaian eta Mutrikun ere esku hartzen dugu. Herri guztietan daude behar bereziak, Arrasate ez da salbuespena.

Nola eragin du pandemiak zuen eragin esparruan?

Bazterkeria egoeran dauden pertsonek nabarmen sufritu dute osasun krisia dela eta. Sektore gehienetan bezala, gizarte hezitzaileok lan egiteko modua aldatu behar izan dugu. Gertukotasunaren kaltetan, telefonoz eta Internet bidez mantendu behar izan dugu harremana erabiltzaileekin. Eskaintzen ditugun zerbitzu ugari ere itxi behar izan ditugu, bitartekaritza lanak, adibidez, bulego eta arreta zerbitzu askok funtzionatzeari utzi diotelako. Edonola ere, beharra duten pertsonekin kontaktua izaten jarraitu dugu.

Aurreikusi gabeko lan horrek aitortzarik jaso al du?

Nik uste dut gure lana nahiko ikusezina izan dela; sentsazio hori daukat, behintzat.

Kolektibo gisa, zer aldarrikatzen duzue gizarte hezitzaileok?

Gustatuko litzaiguke gizartearengandik ofizio honek merezi duen aitortza jasotzea. Komunikabideetan agertzeak mesede egiten digu, zalantzarik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak