XXI. mendeko erronka globalei erantzun komunitario propioa emango dien eraldaketa mugimendua sustatzeko egitasmoa da Debagoiena 2030. Askotariko eragile eta norbanakoen lankidetzatik, metodologia, proiektu eta ekimen ezberdinak bultzatu eta konektatuz, erronka ezberdinetan inpaktu esanguratsua izan nahi duen sarea ari dira sortzen. Hala, lurraldearen garapen komunitarioan sakonduz, 2050. urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoien bateranzko eraldaketa bultzatzea dute helburu lankidetza sare irekia osatzen dutenek.
Hamahiru erakunde lanean
Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sarearen Gobernu Batzordea osatzen duten eragileek etorkizuneko erronkei "erantzun bateratua" emateko konpromisoa erakutsi dute goizean, Eskoriatzako Ibarraundi museoan egindako sinadura-ekitaldian. Debagoieneko eta Gipuzkoako izaera askotariko hamahiru erakundek –publikoak, pribatuak zein kooperatibak– sinatu dute hitzarmena: Fagor, Arrasateko Udala, Oñatiko Uda-la, Bergarako Udala, ULMA, Debagoieneko Mankomunitatea, Garaia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Goiena, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Saiolan eta Agirre Lehendakaria Center. Horiek ordezkatuz ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendari nagusi Sebas Zurutuzak, Fagorreko presidente Joxean Alustizak, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, Debagoieneko Mankomunitateko presidente Maite Antonek, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari Iban Arantzabalek eta Gizabidea Fundazioko Elena Herrartek.
Erronka globalei erantzuna
Sinatze ekitaldiaren bitartez, XXI. mendeko erronka globalei erantzun propio eta bateratua emateko konpromisoa hartu duten erakundeetako ordezkariek. Honela mintzatu da ekimenaren gidaritzaren ardura duen Gizabidea Fundazioko Elena Herrarte: "Garai historiko baten amaiera eta berri baten hasieran gaude. Etorkizunera begira, beharrezkoa da erronka hauei erantzuteko modu proaktiboan lanean jartzea".
Elena Herrarte: "Garai historiko baten amaiera eta berri baten hasieran gaude"
Fagorreko ordezkari Joxean Alustizak azaldu du kooperatibek DNAn daramatela "erantzukizun sozialarekiko konpromisoa", eta, beraz, komunitateak eraldatzeko nahia. Ildo beretik, komunitatean lan egitearen garrantziaz mintzatu da Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea ere: "Sinesten dugu elkarrekin gauzak beste modu batean egin daitezkeela". Goiena Komunikazio Taldeko Iban Arantzabalek azaldu du Goienaren kasuan ere komunitatean eragitea izango dela proiektu nagusia: "Uste dut horrelako ekimenek badutela fruituak garatuago eta eraginkorrago emateko modua, eta horretan egin behar dugu lan". Maite Antonek Mankomunitatearen izenean hitz egin du, eta adierazi garrantzitsua dela D2030 proiektuaren parte izatea: "Bailara moduan elkartzen gaituen administrazioa da Mankomunitatea, eta sarearen parte izatea ezinbestekoa iruditzen zait". Azkenik, Aldundiko ordezkari Sebas Zurutuzak babesa helarazi gura izan dio proiektuari: "Etorkizunera begira Gipuzkoako lurralde orekan lagun dezake D2030ek. Debagoiena aitzindari izan daiteke".
Zazpi eragin eremu
Eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutro baterantz, 2019. urtean egindako esplorazioan oinarrituta, zazpi dira gaur-gaurkoz identifikatu diren eragin eremu edo arloak; eta horietan eragiteko langintzak aktibatuko dira. Hasteko eta behin, lanaren etorkizunean eragin gura dute sustatzaileek, eta kalitatezko enpleguan oinarritutako lanaren bitartez gizartea eraldatzen jarraitu gura dute. Energia ere izango dute lan-arlo; uste dutelako bailaran erregai fosiletatik energia berriztagarrietarako trantsizioa egitea "beharrezkoa" dela. Mugikortasunari dagokionez, garraio partekatuan eta elektro-mugikortasunean oinarritutako eredu berri bat sustatu gura dute. Bestalde, elikadura sistemetan eraginda, elikagai osasuntsu eta iraunkorren kontsumoa sustatzea da beste helburuetako bat. Hezkuntza eredu berri baten beharra ere ikusten dute; erronka konplexuei aurre egiteko gaitasuna izango duten pertsonak heziko dituen ereduaren beharra. Ekonomia zirkularrari dagokionez, garapen eredu "iraunkorra" gura dute, "lineala den eredu ekonomikotik zirkularrera igarota". Beste eragin eremuetako bat izango da inklusioa; eta inor baztertu edo atzean utziko ez duen eredu bat sortu gura dute. Azkenik, komunitatean eragiteko datuak eta teknologia berriak komunitatearen ongizate eta garapenaren zerbitzura jarri gura dituzte proiektuaren bitartez.
Hamalau proiektuk osatzen duten portfolioa
Proiektu sorta elkar ekintzan jartzea bilatzen du porfolioak
Eragin eremuak oinarri hartuta, eskualdeko eraldaketa lortzeko martxan jarritako proiektu ezberdinak ere aurkeztu dituzte. Proiektu sorta horrek portfolio deritzona osatzen du, eta horiek elkar ekintzan jartzea bilatzen du. Hamalau dira, guztira, aktibatuko diren proiektu edo prototipoak. Horien bitartez, gizartean ekimenak izan dezakeen inpaktu aukerak handitzea gura dute.
1. Debagoieneko Antzerki Plataforma
- Sustatzailea: Debagoieneko antzerki eragileak.
- Deskribapena: Arte eszenikoen eta kultur arlotik egingo den herrigintzarako sostengu izango den plataforma sortzea da helburua, eraldaketa sozialera eta gizarte askotariko, enpatiko eta kohesionatu bat sortzera bideratua.
2. D2030HUB
- Sustatzailea: Goiena.
- Deskribapena: Goienak komunitatearekin duen harremana indartu nahi du, elkar elikatze horretan jauzi bat eman, sorreratik gizartearekiko duen erantzukizuna indartzeko. Horretarako, komunitateak eta Goienak berak nola elkar elikatuko duten definituko dute, parte hartze kanalak irekiz.
3. Arizmendi - Torrebaso
- Sustatzailea: Arizmendi.
- Deskribapena: Prototipo honen helburua Almen guneko eskalan etorkizuneko gizarte iraunkorra nolakoa izan behar den irudikatu eta diseinatzea izango litzateke, horretarako erronka hauen soluzio berriak prototipatuz: besteak beste, jangela, espazio iraunkorrak eta mugikortasuna.
4. Jangelak hornitzeko Debagoieneko plataforma
- Sustatzailea: Ereindajan Bergara.
- Deskribapena: Eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitzeko plataforma sortzea da honen helburua. Elikadura-kateko katebegien arteko saretzea eta lankidetza handitzea, sinergia ezberdinen sorrera bermatuta.
5. Tantai Baso Jabe Kooperatiba
- Sustatzailea: Errez.
- Deskribapena: Baso jabeen kooperatiba sortzea da helburua, ustiaketa eredu iraunkorragoa lortze bidean. Basoak egokitzapen ahalmena duten sistema konplexu moduan kudeatuz, ekosistema zerbitzu osoagoak bermatzea bilatuko da.
6. Birgaitzen
- Sustatzailea: H-enea.
- Deskribapena: Etxebizitzetako konfort baldintzak hobetu eta CO2 emisioak murriztu daitezkeela frogatu gura da pilotu baten bidez. Isolamendu soluzioa era kolektiboan eta prezio eskuragarrietan eskainiko zaie errenta baxuko zein pobrezia energetikoa pairatu dezaketen pertsonei.
7. Energia komunitatea CER
- Sustatzailea: Goiener.
- Deskribapena: Energia Komunitate Berriztagarri bat definitu eta martxan jarri nahi da. Erronka nagusiak hauek dira: hasierako parte hartzaileak ikuspegi zabal eta pluralarekin identifikatzea eta une oro kide berriei irekita egotea; komunitateen jarduna identifikatzea...
8. FV Etxean. Kasua sortzen
- Sustatzailea: Arrasateko Udala, H-enea, Ekitermik.
- Deskribapena: Etxebizitza komunitate batean autokontsumorako fotovoltaikoak ezartzeko prozesua abiatuko da honen bitartez. Ondoren, fotovoltaikoak etxebizitza komunitate batean ezarri eta sortuko dituen eraginak neurtuko dira.
9. BHR. Bero hondakinen errekuperazioa
- Sustatzailea: Ekitermik.
- Deskribapena: Metalen tratamendura zuzentzen diren enpresa industrialetan, tratamendu, beroketa edo fusiorako erabiltzen diren labe industrialek kanporatzen duten beroa autokontsumorako energia elektrikoa sortzera bideratzean datza proiektua.
10. Hazi Berriak
- Sustatzailea: Guhaziakgara.
- Deskribapena: Guhaziakgara elkartea transformatu gura da inklusio soziolaboralerako saltoa egin dezan. Elkartearen helburuak, misioa eta bisioa birpentsatuko dira, eskaintzen diren ikastaroen homologazioa lortzeko pausoak emango dira eta ehungintzara bideratutako enpresa-plana garatuko da.
11. Industria-inguruneetako ikaskuntza-soluzioak
- Sustatzailea: Mondragon Taldea.
- Deskribapena: Industria berde eta digitalago baten bidean, lanaren edukia etengabe aldatzen ari da, eta, honi erantzuteko, trantsizio profesional sakonak bizi eta biziko ditugu gure ibilbide profesional osoan.
12. Platform Coops
- Sustatzailea: Mondragon Unibertsitatea eta Mondragon Taldea.
- Deskribapena: Digitalizazioa oinarrizko abantaila lehiakorra da garai hauetan. Negozio eredu berri hauek, aldiz, errentagarriak dira jabeentzat bakarrik; esplotatzaileak, berriz langileentzat, hornitzaileentzat eta ingurunearentzat.
13. Talent House
- Sustatzailea: Mondragon Unibertsitatea.
- Deskribapena: Talentua erakartzeko eta bertan mantentzeko azpiegitura, ekipamendu, kultur-jarduera eta zerbitzuen proiektu integrala sortuko da. Lortu gura da ikasleek, ikerlariek zein profesionalek bizimodua Debagoienean egin dezaten.
14. E-Labs
- Sustatzailea: Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa.
- Deskribapena: E-Lab gizartera zabalik egongo den espazio bat izango da; enpresekin eta beste agente batzuekin diziplinarteko kokreazioa, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatuko da, trantsizio industrial jasangarri eta justuaren mesedetetan.