Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo duten Euskaraldiaren bigarren ediziorako entitateek ariguneetan izena emateko epea izan dute orain artean –domekan amaituko da–. Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu duenez, epea ixteko egun gutxiren faltan, 4.300 entitatek edo entitatetako egoitzek eman dute izena. Guztira, 13.000 arigune baino gehiago sortu dituzte orain arte; eta horietako gehienak barne-ariguneak direla azaldu du Illarok.
'Ahobizi' eta 'belarriprest' rolak
Norbanakoek izena emateko txanda izango da hurrena. Lehen edizioan bezala, ahobizi eta belarriprest rolak hartzeko aukera izango da oraingoan ere, eta, herritar soilez gain, ariguneetan izena eman duten entitateetako ordezkariek ere norbanako gisa eman beharko dute izena. Horren harira, koordinatzaileak gogora ekarri gura izan du rol bakoitzak ez duela "hizkuntza gaitasuna" adierazten, "ariketa egiteko jokabidea baizik".
Arrate Illaro, Euskaraldiko Koordinatzailea: "Ahobizi eta belarriprest rolek ez dute hizkuntza gaitasuna adierazten, ariketa egiteko jokabidea, baizik"
Gaur goizean aurkeztu dute, Gasteizen, Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta parte hartzeko "dei zabala" egin diote gizarteari. Arratsaldean, aldiz, Euskal Herri mailako izen-emate irekiera ekitaldia egin dute Bergarako Seminarixoan. Ane Zuazubiskarrek eta Gorka Etxabek gidatutako saioa izan da, eta Euskaraldia antolatzeko ardura duten erakundeetako kideak, herriz herri antolaketa lanetan ari diren lagunak eta ariguneak antolatzen ari diren entitateetako ordezkariak izan dira aretoan. Eusko Jaurlaritzako Euskara Zuzendari Estibaliz Alkorta eta Bergarako alkate Gorka Artola ere izan dira ikus-entzuleen artean. Goiena telebistan eta Goiena.eus-en izan da ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera, streaming bidez.
Aurreiritziak apurtu guran
Euskararen inguruko aurreiritziak apurtzeko spotarekin eman diote hasiera ekitaldiari; horren bidez erakutsi gura izan dute askok uste baino jende gehiagok dakiela euskaraz. Jarraian igo dira oholtzara aurkezleak, ekitaldiari hasiera ematera. "Zailtasunak eta kezka nagusi diren urte honetan, ilusio pizgarri izan nahi duen ariketa sozialari heltzea proposatu nahi dizuegu Euskal Herri osoko emakume eta gizonei", iragarri du Ane Zuazubiskarrek. Gorka Etxabek eman dio paso, jarraian, Euskaraldiak dituen ezaugarriak eta atzean dagoen antolaketa lana erakusteko prestatu duten bideoari. Ahobizi eta belarriprest rolen esangura azaldu dute bideoan, baita aurtengo berrikuntzen berri eman ere. Hala, argitu dute entitate ezberdinek ariguneen –euskaraz lasai aritzeko guneak– bidez hartuko dutela parte ariketa sozialean.
Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea: "Askok pentsatuko dute ez dela garai egokia, baina batzuentzat inoiz ez da une egokia"
Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek eta Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illarok ere ez dute hutsik egin. Amonarrizek azaldu du "beharrezkoa" dela Euskaraldia bezalako ariketa sozial bat egitea: "Askok pentsatuko dute ez dela garai egokia Euskaraldia egiteko, baina batzuentzat inoiz ez da euskarari bultzada emateko une egokia". Egoeraren eraginez, herrien izen-ematean "zailtasunik" egon bada ere, Topaguneko presidenteak zehaztu du "aurreko Euskaraldian beste herrik" eman dutela izena aurten ere. Arrate Illarok, bestalde, bigarren edizioko helburuak azaldu ditu: "Hasi genuen bideari jarraipena eman gurako genioke, rolak hobeto ezagututa eta kide berriak erakarrita". Azkenik, Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan leloa "gutako bakoitzari egindako gonbita" dela argitu gura izan du. Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoko Euskara arduradun Antton Curutcharryk bideo bidez mezu bat helarazteko aukera aprobetxatu du, bestalde: "Ohartu gara Ipar Euskal Herrian andana euskaldun daudela, eta horrek bihotzak berotu ditu". Zera esan du hizketaldia amaitzeko: "Gazteak ditugu helburu, baina beraiek hunkitzeko behar dugu erakutsi helduek ere erabiltzen dugula euskara".
Aurreko edizioan parte hartu zuten hiru protagonistak osatutako bideoa ikusteko aukera ere izan dute ikus-entzuleek. Ariketak bakoitzari zein neurritan eragin dion azaldu dute hirurek. Edozelan ere, bat etorri dira "esperientzia aberasgarria" bizi izan dutela esaterakoan.
Herritarren inplikazioaren beharra
Getxoko Euskaraldiko koordinatzaile Maier Arrietak, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari Mikel Arregik eta Iruñerriko Euskaraldiko dinamizatzaile Irati Ornatek hartu dute hitza gero, eta euskararen inguruko aurreiritziak izan dituzte berbagai. Arrietak azaldu du anitzak direla Euskaraldiko parte-hartzaileen profilak, baina "denak direla beharrezkoak". Herrietan sortu diren batzordeei esker hitzak eskaini dizkie jarraian, Arregik: "Kanpainetan herritarren inplikaziorik gabe nekez egin daiteke aurrera". Amaitzeko, herri batzordeen barne antolaketaz, borondatezko lanaz eta lankidetzaz aritu da Ornat. Datozen asteetarako eginkizunak ere zehaztu ditu; izen-ematean zehar egin beharrekoak. Herrietako batzordekideek egindako bideoa ere erreproduzitu dute.
Mikel Arregi, Euskarabideko zuzendaria: "Kanpainetan herritarren inplikaziorik gabe nekez egin daiteke aurrera"
Umoretik ere izan du ekitaldiak; Nerea Arriolak rolei buruzko bakarrizketa eskaini du, hain zuzen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburu Bingen Zupiria eta Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna ere igo dira oholtzara. Lehenak, arlo sozioekonomikoak eta aisialdiaren eremuak Euskaraldian lantzeak dituen garrantziaz berba egin du: "Herritarren egunerokoaren zati handi bat gertatzen da arlo sozioekonomikoan eta aisialdian. Urratsak emateko beharrezkoa da eroso sentitzea eta aldeko giro eta baldintzak izatea". Ildo horretatik, Zupiriak azaldu du urratsak eman daitezkeela Euskaraldia moduko dinamiketan, "baita plangintza luzeagoetan ere". Okarantzak, bestalde, Fagorren egiten ari diren lana eta hartu duten erantzukizun soziala izan ditu berbagai.
Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua: "Urratsak emateko beharrezkoa da eroso sentitzea eta aldeko giro eta baldintzak izatea"
2020ko Euskaraldiko bideoklipa estreinakoz ikusteko aukera izan dute parte-hartzaile zein ikus-entzuleek, eta erritmo alaiarekin agurtu dituzte aurkezleek, ekitaldia jarraitzen ari ziren guztiak. Euskaraldia.eus webgunean edota mugikorrrako sortu duten aplikazioan izena ematera gonbidatu dituzte euskal herritarrak, beste behin.