Debagoienean, parekatuta egon da grebara batu diren eta batu ez diren ikastetxeen zenbatekoa. Halere, zaila da oraindik datuok zenbakitara ekartzea, langile bakoitzak bere hautua egin baitu. Kontuan hartu behar da irakasleez gain, jangelako eta bestelako langileak ere grebara deituta zeudela, eta kasu batzuetan, irakasleek ez dutela greba egin, eta jangelakoek bai. Hortaz, grabaren jarraipen zehatza ez da oraindik zifratara ekarri.
Adibidez, Aramaioko San Martin eskolan ez dute grebarik egin, eta ezta Oñatiko Txantxikun ere. Bergarako San Martin Agirre eskolan ere ez, eta azaldu dute ez dela asanbladarik antolatu eta une honetan dagoen egoerari eman nahi izan diotela "lehentasuna". Elgetan ere, grebak Haur Hezkuntzako gela batzuetan eta bestelako irakasgai batean soilik izan du eragina.
Bestetik, greba egin dutenen artean daude, Eskoriatzako Luis Ezeiza herri eskola, Antzuolako Herri Ikastetxea, Bergarako Aranzadi ikastola, edota Leintz aldeko Arizmendi, besteak beste. Horiekin batera, grebara batu diren Aretxabaletako Kurtzebarri eskolakoek eta Oñatiko Urgain-Errekalde Herri Eskolakoek azaldu dute, oso baliabide gutxi dituztela egoerari aurre egiteko, eta egoerak bultzatuta egin dutela greba. "Termometro bakarra iritsi zaigu 400 ikasleri tenperatura hartzeko, eta gu ari gara FFP2 maskarak erosten. Gainera, ordezkoak ez zaizkigu astebetera arte iritsi. Horrela ezin da lan egin", azaldu du Urgain-Errekaldeko Aintzane Agirrek.
Gutxieneko zerbitzuek haserrea eragin dute
Sindikatuek ohar bateratu batean azaldu dute, atzo eguerdian bidali zela ikastetxeetara zerbitzu minimoen agindua: "Jaurlaritzak, orain arteko irizpide oro aldatuz, inoiz baino zerbitzu minimo handiagoak ezarri ditu osasuna bermatzeko aitzakipean, greba eskubidea urratuz". Bestetik Agirrek ere desadostasuna agertu du neurriekiko, eta esan du inoiz ez dutela "horrenbeste irakasle" behar izan zerbitzu minimoak egiteko: "Grebaren datua disimulatzeko asmoa egon daitekeela uste dugu".
Horri lotuta, sindikatuak zerbitzu minimoen agindua epaitegietara eramatea aztertzen ari dira.
EAEko jarraipena
Mobilizazioak egin dira hiru hiriburuetan, eta sindikatuek egin duten lehenengo balorazioaren arabera, %65eko jarraipena izan du grebak. Eskaeren artean daude ikasgeletan gehienez 10-15 ikasleko taldeak egotea, lanpostu guztietan ordezkapenak lehenengo egunetik betetzea eta arrakalak bideratzeko neurriak ezartzea, besteak beste
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, lehenengo datuak kontuan hartuta, grebaren jarraipena %45,2koa izan dela adierazi du. Bestetik, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek prentsaurrean azpimarratu zuen ez zuela uste grebak "onurarik" ekarriko zuenik momentu honetan, eta "elkarlanerako eta hitz egiteko garaia" zela.