Lau positibo berri baieztatu dituzte Debagoienean

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko ira. 15a, 13:35

Astelehenean egindako probetan Arrasaten hiru kasu berri atzeman zituzten eta Bergaran bakarra. Bailarako gainontzeko herrietan ez da positibo berririk egon azken orduetan.

Asteburuan zehar baieztatutako kasu positiboekin alderatuta beherakada egon da Debagoienean. Hala ere, azken zazpi egunetako kutsatze kopurua handia da zenbait herritan; Arrasaten 58 pertsona kutsatu dira irailaren 8a eta 14 bitartean. Bergaran hamabi lagunek eman dute positibo astebeteko tartean, eta Oñatin astelehenean positiborik egon ez bada ere, azken astean hogei kasu berri egon dira. Beste aldean kokatzen da Leintz Gatzaga, positibo gabe jarraitzen duen herri bakarretakoa da, eta Elgetan ere ez da positiborik atzeman abuztuaren 20tik.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Hego Euskal Herrian, 598 kasu berri

Positibo gehienak Nafarroan jaso dira, 311 guztira, eta horien %64 asintomatikoak direla jakinarazi dute Nafarroako Gobernutik. EAEn 287 positibo baieztatu dituzte: Bizkaian 169, Gipuzkoan 86 eta Araban 26. Beste lurralde batzuetan erroldatutakoen artean sei izan dira EAEn ezagututako kasuak.

PCR probei dagokienez EAEn 6.721 PCR proba egin zituzten atzoko egunean zehar eta Nafarroan 2.230.

EAEko positiboak adin tarte guztietan eman dira, eta nahiko banatuta daude: 0-9 artean 27, 10-19ko adin tartean 23, 20tik 29ra bitartean 38, 30-39 artean 25, 40 eta 49 artean 47, 50tik 59ra 40, 60-69 artean 28, 70-79ko adin tartean 19, 80-89 artean 26, 90etik gora 11 eta adina zehaztu gabeko hiru kasu. Nafarroan ere, oso banatuta egon dira kasu berriak eta horien bataz besteko adina 36,2 da.

EAEko oinarrizko birsorkuntza datua 0,84ra jaitsi da, azken egunetako beheranzko tendentzia mantenduz; atzo 0,90ean kokatzen zen eta herenegun 0,95ean.

Bestalde, EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 39 pertsona ingresatu zituzten. Guztira 319 lagun daude ospitaleetan eta 60 ZIUn. Nafarroako ospitaleetan 138 pertsona daude COVID-19 gaitzarekin ingresatuta, eta horietatik 10 ZIUn daude. Gainera, azken orduetan 90 urteko emakume bat hil dela jakinarazi dute. EAEn Osakidetzak ez du datu hori egunero berritzen, eta irailaren 9an eman zuen azkenekoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak