Lizardi sariak, Debagoienera

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ira. 12a, 09:22

Zarauzko Modelo aretoan jokatu zuten egubakoitzean, Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketaren finala. Argazkia: Erlo Telebista.

Zarauzko Motxian bertso Eskolak udalaren laguntzarekin antolatzen duen Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketaren 44. aldia jokatu zuten egubakoitzean; Ane Zuazubiskarrek eskuratu du sari nagusia eta Oihana Aranak, bigarren saria eta bertso onenarena.

"Gai-jartzaileak nire izena esan zuenean sorpresa eta sustoa hartu nuen hasieran, baina, geroago, saioaren errepasoa egin ondoren konturatu nintzen uste baino gusturago geratu nintzela egindako lanarekin", dio Ane Zuazubiskar arrasatearrak, eta zera gaineratu du Eskoriatzako Oihana Aranak: "Aurreko astean jokatutako kanporaketan oso sentsazio txarrak izan nituen eta horregatik urduri samar joan nintzen finalera, baina saioa hasi orduko lasaitu eta eroso sentitu nintzen agertokian. Ariketa guztietan ez gura beste, baina, orokorrean, asmatzen ari nintzela sentitzen nuen".

Zarauzko Motxian Bertso Eskolak du Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketa antolatzeko ardura, eta, bertso eskolako Aitor Urbietaren esanetan, finaleko kartelak saio ona izango zela aurreikusten zuen: "Parte hartzaileen ibilbideari begiratuta goi mailakoa izango zela aurreikusten genuen, hala izan ziren-eta kanporaketak, eta hala berretsi zuten finalista guztiek".

Ane Zuazubiskar, txapela buruan, aitaitari eskainitako agur bertsoa kantatzen. Argazkia: Erlo Telebista.

Hamaseitik sei, finalera

Abuztuaren 27an eta 28an jokatu zituzten kanporaketak, Imanol Urbieta musika eskolan. Guztira, hamasei bertsolari gonbidatu dituzte. "18 eta 25 urte bitartekoak dira, eta saiatzen gara jatorria eta generoa aintzat hartzen bertsolariak aukeratzeko orduan. Azken urteotako araua da behin irabazi ondoren ezin dutela gehiagotan parte hartu. Planteatu izan dugu dataz aldatzea, ez da bertsolariendako oso data ona, baina betidanik izan da finala Euskal Astean".

Sei bertsolari izan zien egubakoitzean Modelo aretoan jokatu zuten finalean: Zuazubiskarrez eta Aranaz gain, Eneko Araiztegi, Xabat Illarregi, Aner Peritz eta Mikel Iturriotz. "Aspalditik gara bertsokideak, nahiz eta elkarrekin kantatzeko aukera gutxi izaten dugun, gazteendako saioetan ez bada. Oihana ere agertokian egoteak asko lagundu zidan. Bezperan bertso eskola bat egin genuen biok, eta ez ginen oso gustura geratu emaitzarekin; zorionez, finalean bestela izan zen", dio Arrasatekoak.

ANE ZUAZUBISKAR (BERTSOLARIA): "ESKERTZEKOA DA ANTOLATZAILEEK SARIKETAREKIN AURRERA EGITEA"

Aranak asko eskertu zuen agertoki gainetik kantatzea, hankadun mikroarekin, publikoari begira; izan ere, kanporaketetan ez zuten hala egin. "Publikoaren lehenengo besaulkietan jarrita geunden, mikroa eskuan, eta txandaka igotzen ginen agertokira kantatzera; oso gogorra eta zaila egin zitzaidan; horregatik, finalean askoz erosoago egon nintzen".

Aitaitari eta amamari eskainita

Proposatutako gaietan pandemiak zenbateko protagonismoa izango zuen kezka zuen Zuazubiskarrek, baina ez zen hala izan. "Neurriko gaiak iruditu zitzaizkidan alde horretatik". "Denetarikoak izan ziren. Mojen koba bat okupatzea tokatu zitzaidan niri, eta lagun baten jatetxeari buruz ere bai. Bakarkako gaia ere bitxia izan zen: Bakezalea zara, baina gaur norbaiti muturrekoa ematea erabaki duzu.... Kostatu zitzaidan gaia harrapatzea, eta, azkenean, burua galdu samar duen amama baten paperean sartuta alabari eman nion belarrondokoa. Bertsorik onenaren saria Zeren alde egingo zenuke borroka? galderari erantzunez irabazi nuen, neure buruaren alde erantzunez".

Kartzelara burumakur joan zela dio Zuazubiskarrek: "Aurreko ariketan ez nintzen oso gustura geratu, baina buelta eman, eta azkeneko asteetako gogoa bete nuen Izarren hautsa doinuarekin abestuta". Ospitalean dagoen aititari eskaini zion agur bertsoa Arrasatekoak eta bertsotarako zaletasuna bultzatu dion amamari, eskoriatzarrak.

Bigarren saria eta bertso onenarena eskuratu berri, Oihana Arana kantuan. Argazkia: Erlo Telebista.

"Erreferentziazko sariketa"

Izena eta xarma duen sariketa da, eta Debagoienera hango hainbat sari ekarri dituzte. "Gogoan dut Euzkitzeren ostekoa irabazi zuela Jon Sarasuak. Txapelketa serioa da; izen handiko bertsolari askoren tranpolina izan da", kontatu du Patxi Goikolea bertsozaleak, eta zera gaineratu: "Biak ditut oso gertukoak; makina bat eskolarteko saiotara joan gara Aneren ama eta biak elkarrekin autoan; eta Oihana eta haren ahizpa biki Haizea ere etxekoak ditut. Gaztetatik jarraitu ditut, eta asko poztu nintzen. Eskualdean maila polita dagoela ikusten da garbi, eta eskolartekoetan ere hala da. Gure eskolaren hastapenetan Arantzazu Loidi zen neska bakarra, eta orain, oso pozgarria da asko eta gogor daudela eta datozela ikustea".

OIHANA ARANA (BERTSOLARIA): "BERTSOLARI GAZTEENDAKO ERREFERENTZIAZKO LEHIAKETA DA"

Debagoieneko irabazleak

Eskualdeko bertsolariek Zarauzko lehiaketako saria eskuratu izan dute aurrez.
  • Jon Sarasua 1983an jokatu zuten txapelketako sari nagusia irabazi zuen Aretxabaletakoak.
  • Ainhoa Agirreazaldegi Elgetan jaio eta Bergarako bertso eskolan hazi zen bertsolariak birritan eskuratu zuen sari preziatua, 1995eko eta 1999ko aldietan.
  • Maider Arregi Oñatiko Txinparta Bertso Eskolako kidearentzako izan zen iazko sari nagusia.

 

Udazkenean ere, saio gutxi

Udan oso bertso saio gutxi antolatu dira; Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartekoen esanetan, "lehengo kopuruen %25 egiten dira bakarrik, eta ez da aldaketa handirik sumatzen".

Bertso eskoletan, ateak zabalik

Urrian dute bertso eskolek ikasturtea hasteko asmoa. "LHko eta DBHko mailetan bertsolaritza ikasgaia izango da ikastetxeetan, eta bertso eskoletarako zubi-lana egiten da horietan. Izen ematea zabalik dago, Gipuzkoa@bertsozalea.eus helbidera idatzita egin daiteke bertso eskoletan parte hartzeko eskaria", dio Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Eneritz Artetxek.

Oraingoz, ez dago zehaztuta Debagoienean zenbat talde egongo diren; asmoa da iazko eskaintza bera egitea. "Bergaran, Jardunen bitartez, haurren eta helduen talde bana izan ziren iaz; Antzuolan, haurren talde bat; adin guztietarako eskaintza Oñatiko Txinparta Bertso Eskolan; Arrasaten iaz gazteen eta helduen talde bana egon zen; eta Aretxabaletan haurrena sortzeko saiakera egingo dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak