Jakina denez, COVID-19aren pandemiak baldintzatutako ikasturte hasiera izaten ari da aurtengoa eta, ondorioz, hainbat neurri hartu behar izaten ari dira bailarako ikastetxeetan, birusaren hedapena eta kutsatzeak saihesteko helburuarekin. Ezohiko ikasturte hasiera hori nola bizitzen ari diren eta egunerokoan ze eragin izan duen jakiteko, hezkuntza komunitateko ordezkariekin harremanetan jarri da GOIENA.
ELI BERRIDI: "Elkarlanerako prestutasuna erakutsi dugu guztiok"
Arizmendi-Almen Ikastolako irakaslea da Eli Berridi, eta, azaldu duenez, ikasturte hasiera "berezia" izaten ari da aurtengoa. "Hala ere, ondo ari gara egokitzen guztiok", aitortu du.
Batez ere, pilaketak ekiditeko neurriak hartu dituzte ikastola hartan, horretarako taldekatze finkoak antolatuta. "Barruan gaudenean, ikasgela da elkarbizitza talde handiena. Dena den, saiatzen gara daukagun kanpo espazioa gehiago aprobetxatzen eta ahal dugun guztia kanpoan egiten. Jolastordurako, Lehen Hezkuntzan, hiru eremutan daukagu antolatuta kanpo espazioa, ziklo bakoitzak bere eremua izan dezan". Horretaz gain, etengabe eskuak garbitzen ari dira, xaboiarekin edo gelarekin. "Barruko espazioak une oro aireztatzen ditugu eta ikasleen sartu-irtenak ikasgelaka antolatuta ditugu, irakasleekin igo eta jaitsiz", azpimarratu du.
Egunerokotasunean gerta daitezkeen egoerak aurreikustea izan da zailena, Berridiren esanetan: "Batez ere, ikasleak etorri aurretik dena prestatzea, hain denbora tarte laburrean. Eskolak hasi ostean, berriz, elkarlanerako prestutasuna erakutsi dugu bai ikasle, familia zein ikastolako profesionalok, eta horrek bidea errazten du".
Irakasleak dio ikasleak oso ondo moldatzen ari direla, orokorrean. "Sei hilabeteren ostean, batzuk urduri etorri dira eta beste batzuk, gogotsu, eta, hainbat neurri barneratuta, gainera, musukoaren erabilera, esaterako", adierazi du Berridik.
MIREN ELORZA: "Komunitate izaera nabarmen gelditzen ari da egunotan"
Ikasturte hau prestatzeak inoiz baino ardura gehiago izan duela dio Miren Elorza Oñatiko Elkar Heziko zuzendari akademikoak. "Ikasturtea hasi aurreko egunetako ziurgabetasunaren eta izango zenarekiko kezken ostean, lehen egunetan lasaitasuna gailendu da". Jakitun da, gainera, egoera aldakorra dela eta horrek egokitzeko beharra ekarriko diela. "Inoiz baino garrantzitsuagoa da oraingoan komunitate bezala jardutea, eta, momentuz, izaera hori nabarmen gelditzen ari da", azaldu du. Hala, ikasleak zein gurasoak "daukaten onena emateko" izaten ari diren "konpromisoa eta gogoa" azpimarratu gura izan ditu.
Hartu dituzten neurriei dagokienez, kanpoko espazioak orain arte baino gehiago erabiltzen ari direla eta erabiliko dituztela nabarmendu du Elorzak. "Horrez gain, ikasgela bakoitzaren esleipena tamainaren eta ikasle kopuruaren arabera egin dugu. Ikasgeletako material edota jostailuak, bestalde, galbahetik pasatzen ditugu eta erabilera egokitu edo mugatzen dugu". Azkenik, sarrerak eta irteerak mailakatuta egiten dituzte, eta ikastetxe barruan ibiltzeko ibilbideak seinaleztatu. Ikasleek, gainera, tenperatura hartuta irten behar izaten dute etxetik.
Elorzak dio irakasleentzat gogorra dela etengabe "distantzia" gogoratzen egon beharra. "Bai haurrek eta bai nerabe zein gazteek adinari dagokien behar afektibo-emozional propioak dituzte eta hauek, neurri handi batean, kontaktu fisikoaren bidez asetzen dituzte. Segurtasun tarteak talka egiten du behar horri erantzuteko moduarekin eta zaila da, batez ere, jolastorduetan, momentu oro kontaktu hori ekiditea", adierazi du.
Momentuz, ordea, dio ikasleek ondo barneratu dituztela ezarritako neurriak. "Gainera, kezka eta ziurgabetasunen artean, ederra izan da konturatzea hezkuntzaren, ikas-komunitatearen eta pertsonen arteko harremanak baloratzeko aukera paregabea izan dugula", zehaztu du. "Espero zitekeen ikasle batzuek eskolara bueltatzea modu negatiboan ikustea, baina, momentuz, orokorrean, ilusioa eta eskolara itzultzeko gogoa sumatu dugu".
ESTI RODRIGUEZ: "Zaila da ume bat negarrez etorri eta ezin besarkatu ahal izatea"
Lehen egunetan kezka eta ezjakintasuna gailendu direla nabarmendu du Esti Rodriguez Arrasate Herri Eskolako Erguingo jatetxeko monitoreak. "Ez genekien umeek nola jokatuko zuten eta zenbateraino jakingo zituzten neurriak, baina hasierako egunak, behintzat, nahiko ondo joan dira".
Ikasleak taldeetan banatuta joaten dira jangelara, eta distantzia soziala mantendu behar izaten dute taldeen artean. Halaber, monitoreek eurek ere maskara jantzita eraman behar izaten dute une oro, eta eskuak sarri garbitu behar izaten dituzte, umeekiko distantziak mantenduz, ahal duten heinean. "Haiendako zaila da distantziak mantentzea, gertu egoteko ohitura dutelako. Halaber, guretako ere zaila da, esaterako, ume bat negarrez etorri eta ezin besarkatu ahal izatea".
Azkenik, aspaldiko urteetan eskatzen ari direna berretsi dute: ratioen jaitsiera. Azaldu dutenez, lehengo monitore kopuruak mantendu egin dituzte eta nabarmendu dute ikasleak taldeetan banatuta egonda are eta behar handiagoa dagoela monitore gehiago kontratatzeko.
JUAN LUIS MARKAIDE: "Ez genekien nolako hasiera izango zen; orain lasaiago gaude"
Xuban Markaide eskoriatzarrak Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan hasi du ikasturtea, Luis Ezeiza ikastetxean, eta Juan Luis Markaide aitak aitortu du kezka eta beldur apur bat izan dutela orain arte: "Hasieran, kezka puntu bat geneukan, ea nolakoa izango ote zen ikasturte hasiera, baina, behin hasita, apur bat lasaiago geratu gara. Hala ere, birus hori hor dabil, eta, amona ere gurekin bizi denez, kontuz ibili behar dugu". Era berean, ardura azaldu du, semeak konfinatu beharra izanez gero nola kudeatu beharko luketen egoera. "10 urte ditu eta emaztea edo ni etxean geratu beharko ginateke kasu horretan".
Eskoriatzako ikastetxeko ikasleek etxetik eraman behar izaten dute tenperatura hartuta, eta sartu aurretik berriz ere hartzen diete, eskuak garbitzeaz gain. Semeak aitortu du ez zaiola batere zaila egin egoera berrira ohitzea. "Ondo moldatu naiz, inongo arazorik barik".
OSCAR RODRIGUEZ: "Ikasle bakoitzak bere eserlekua dauka autobusean"
Oscar Rodriguez autobus gidariak Arrasateko Herri Eskolara eta Kurtzebarrira eramaten ditu Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko hainbat ikasle. "6 urtetik gorakoentzat derrigorrezkoa da autobusean maskara erabiltzea. Hala ere, 6 urtetik beherakoen gurasoei ere gomendatu diete maskara jantzi dezaten. Izan ere, ez du zentzu handirik batzuek erabiltzea eta beste batzuek ez. Hala, lehen egunetan bazeuden haur batzuk maskara barik, baina orain gehienek erabiltzen dute".
Horrez gain, ikasle bakoitzari eserleku bat esleitu diote, eta ikasturte guztian eseri beharko dute leku horretan. "Bestalde, guk eskuak garbitzeko gelak jarri ditugu bi ateetan, ikasleek eskuak garbitu ditzaten sartuirten bakoitzean. Gainera, zerbitzu bakoitzaren ostean, autobusa desinfektatu behar izaten dugu gidariok: eskubandak, segurtasun-uhalak, eta abar. Ateak eta leihoak ere irekitzen ditugu, aire berria sar dadin. Alde horretatik, lan apur bat gehiago dugu orain".
Oraingoz, ondo erantzuten ari dira ikasleak, Rodriguezen esanetan. "Baina ikusiko dugu hemendik aste batzuetara nolako jarrera izaten duten. Gu, behintzat, saiatzen gara bakoitza bere eserlekuan joan dadin, maskara jantzita eta segurtasun-uhalarekin, eta bidaia hasi aurretik esaten diet nola joan behar duten. Hala ere, behin martxan, ezin dut autobus guztia kontrolatu", onartu du.
Edukierari dagokionez, ehuneko ehuna bete dezakete autobusetan. "59 eserleku daude autobusean eta 50 ikasle inguru joaten dira egunero".
EKHI CABO: "Ondo egokitu naiz neurrietara, apur bat arraroa izan arren"
Antzuola Herri Eskolan ere txandaka eta mailakatuta sartzen eta irteten dira ikastetxera. "2 urtetik bigarren mailarainoko ikasleak ohiko orduan sartzen eta ateratzen dira, baina hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailetakook ordu laurden lehenago sartzen eta ateratzen gara, patiotik, pilaketarik egon ez dadin. Ikasgelaka antolatuta, bakoitza dagokion ilaran jartzen gara eta irakasleak gela ematen digu eskua garbitzeko, tenperatura hartzeaz gain, egunero. Denok prest gaudenean, ikasgelara igotzen gara ilaran", azaldu du Ekhi Cabok, bosgarren mailako ikasleak. Gainera, une oro maskara jantzita eduki behar izaten dute, eta eskuak sarri garbitu. "Irteterakoan ere ilarak egiten ditugu".
Ikasle antzuolarrak onartu du, halaber, "apur bat arraroa" izan arren "ondo" egokitu dela egoera berrira. "Zailena da denbora osoan musukoarekin egon behar izatea eta eskolan libre ezin ibiltzea, lehen bezala", azpimarratu du. Hala ere, nahiago du ikastetxera joatea klaseak online jarraitzea baino. "Eskolan lagunekin egoteko aukera dut eta lanak hobeto egiten ditut denok batera egonda, bakoitza bere etxean bakarrik egonda baino", nabarmendu du.