40 legebiltzarkidek eman diote botoa Urkulluri; 30 izan dira EAJkoak –batek ezin izan du egon koarentenan dagoelako– eta gainerako hamarrak PSE-EEkoak. Iriartek, ostera, EH Bildukoen 21 botoak jaso ditu. Gainerakoak, Elkarrekin Podemos-IU, PP-Ciudadanos koalizioa eta Vox abstenitu egin dira.
Lehendakari kargua zapatuan hartuko du Urkulluk, Gernikako juntetxean. Behin kargua hartuta jakinaraziko du Jaurlaritza zelan geratuko den osatuta datozen lau urteetarako.
Etorkizunaren aldeko apustua Iriartek
Legebiltzar berria eratzeko Osoko Bilkurari Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak eman dio hasiera gaur goizean. "Trantsizio feminista" baten premia nabarmendu du bere hitzaldian, eta gobernatzeko "beste modu bat", behar dela: "Trantsizio feminista bat behar da, ekologikoa, arlo sozialean aurreratua, sistema publiko indartu batean oinarritutakoa. Trantsizio horretan, pertsonen bizitzak erdigunean jarriko ditugu, zaintza erdigunean".
Bestetik, hezkuntza, osasungintza, gizarte zerbitzuak eta ekonomia ere izan ditu hizpide, betiere, pandemia sasoiari lotuta. Orain arteko eredu ekonomikoak balio ez duela adierazi du, eta ingurumen-desoreka larria eragiten ari dela.
Bukatzeko, erabakitzeko eskubideari heldu dio Iriartek: "Ezin da eskubide sozialez hitz egin, erabakitzeko gaitasunik ez badugu, beti baimen eske ibili behar badugu". Ondoren, biktima guztien eskubideak izan ditu berbagai, eta euskal presoen dispertsoarekin bukatzea eskatu du, 65 urtetik gorako errepresaliatuak eta gaixoak aske uzteko neurriak eskatuz.
Laburbilduz, EH Bilduk "modernitatearen eta etorkizunaren aldeko apustua" egin nahi duela azaldu du Maddalen Iriartek.
Urkullu "pozik" lortutako babesarekin
Iñigo Urkulluk EAJk PSE-EE alderdiarekin adostutako akordioa izan du hizpide. Hitzarmenean jasotako lau ardatzak azaldu ditu, eta " lankidetza" izan da azpimarratu nahi izan duen hitza.
Urkulluren esanetan, aipatutako akordioaren helburuak, osasun sistema sendotzea, enplegua sortzea –langabezia tasa, %10 azpitik egon dadin–, ekonomia suspertzea eta enpresen jarduna babestea dira.
Ondoren, adierazi du pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreetan jarriko dutela arreta, "inor atzean gera ez dadin"; hala esan du: "Erakundeak, berriz ere, pertsona guztiak babesteko erronkaren aurrean gaude, zerbitzu publikoen eta gizarte-politiken bidez".
Bukatzeko, Euskal Autogobernuan sakontzea nahi dutela esan du, eta horren barruan Gernikako Estatutua osorik betetzea: "Oinarri sendoa dugu, estatus politiko berri bat izateko positiboak izatea ahalbidetzen diguna". "Ganbera honetan adostasun sendoa lortzea da erronka", gehitu du.
Lortutako babesarekin pozik dagoela gaineratu du EAJko hautagaiak, eta PSE-EErekin gehiengoa eskuratu duen arren, “lankidetzarako deia” luzatu die gainerako alderdiei.
Zaldibar argituren protesta
Politikari, kazetari eta bestelako gonbidatuak Gasteizko Parlamentura sartzen ari zirenean, Zaldibar Argitu plataformak elkarretaratzea egin du, lehendakariari "erantzukizunak eskatzeko". Plataformako kideek azaldu dutenez, "eskandalu" honen aurrean, ezin dira "isilik geratu"
Horri lotuta, Urukulluk, bere hitzaldia hasteaz batera, "elkartasun eta konpromisoa" helarazi die Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren familiei eta bilaketa lanetan aritu diren pertsonen jarduna goraipatu du. "Tragedia honen akatsak identifikatuko dituen prozesuak aurrera egingo du, eta erantzukizunak bilatuko dira".
Debagoieneko legebiltzarkideen iritziak
Hiru alderditako sei debagoiendar izango dira legebiltzarrean datorren legegintzaldian, eta horiek bertatik bertara jarraitu dute osoko bilkura.
Aitor Urrutia EAJko legebiltzarkide eskoriatzarren iritziz, hautagaien bi jardunak "oso desberdinak" izan dira. Urkulluk bere programa "zehatz eta argi" aurkeztu duela adierazi du, eta Iriartek berriz, berbaldi teorikoago bat eman duela, "ezer konkretatu gabe" eta "itxurarako". Hitz egiteko moduari ere erreparatu diola esan du Urrutiak: "Urkulluk ‘egingo dugu’ esaten zuen bitartean, Iriartek ‘egin beharko litzateke’ zioen". Lehendakariagoa izan da Urkullu, Aitor Urrutiaren esanetan.
EH Bilduko Lore Martinez aretxabaletarrak berriz, Iriartek proposamen "egonkor eta errealista" egin duela uste du, eta Urkullu berriz, "molde zaharretan" geratu dela esan du: "Einsteinek ondo esaten zuen bezala, "emaitza ezberdinak nahi badituzu, ez egin beti berdina". EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, garai zailak datoz, eta hitz egitea, proposamenak aurkeztea eta akordioetara heltzea tokatzen da "herritar guztien bizitza hobetzeko".
Alberto Alonso PSE-EE alderdiko legebiltzarkide oñatiarrak, Idoia Mendiak esandakoaren bidetik, "zubiak eraikitzeko unea" dela uste du, eta zenbait gairen inguruko erabakiak hartzeko, gehiengo zabalagoak lortzea "osasuntsuagoa" dela gizartearentzat. Alonsok, bestetik, Iriartek bere tartea oposizioko lider gisa aurkezteko erabili duela iritzi du, "lerroak markatzeko".