Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera ezarri zuen martxoaren 13an, eta, bi egun geroago, martxoaren 15ean, Espainiako Gobernuak agindutako alarma egoera sartu zen indarrean Hego Euskal Herrian. Koronabirusaren pandemiaren hasiera zen hura, eta geroztik sei hilabete igaro dira.
Martxoa eta apirila izan ziren hilabeterik zailenak, COVID-19 gaitzarekiko ezjakintasun handia zegoelako eta kasu positiboek eta hildako kopuruak asko egin zutelako gora. Debagoienean, apirila izan da orain arteko hilabeterik okerrena, kasu positiboei erreparatuz gero. 242 kasu atzeman zituzten orotara bailaran, horietatik 69 Arrasaten. "Hasierako hilabeteetan pandemiaren inpaktua handiagoa izan zen Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, Araban gertatutakoaren antzera. Bailarako gainontzeko herrietan gaitzak hasiera hartan izan zuen inpaktua suabeagoa izan zen, Gipuzkoan gertatutakoaren antzera", azaldu du Agustin Agirrek, Debagoieneko Ospitaleko zuzendari medikuak.
Gerora, konfinamenduaren ondorioz, maiatzean eta ekainean nabarmen egin zuen behera kasu positiboen kopuruak, baina uztailean berriro ere goranzko joera hartu zuen kurbak. Hilabete hartan 139 kasu erregistratu ziren Debagoienean, eta abuztuan goranzko joera berretsi zen –187 kasu positibo–.
Osasun larrialdi egoera berriro
Kasu positiboek denean egin zuten gora, eta Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri hartu zituen. Horien artean, maskararen erabilera derrigortu zuen uztailaren 16an, eta, hilabete geroago, abuztuaren 17an, berriro ere indarrean sartu zen osasun larrialdi egoera.
Halaber, Hego Euskal Herrian, abuztuko kasu kopurua martxokoa eta apirilekoa baino handiagoa izan zen zenbait egunetan, eta, hala, abuztuaren 27an, pandemia osoko daturik altuena erregistratu zen: 1.017 kasu positibo egun bakarrean –Debagoienean 17 kasu izan ziren egun hartan–. Uztaileko eta abuztuko datuek, halere, ez zuten apirileko datua gainditu bailaran.
Arrasate, herri kaltetuena
Hasiera-hasieratik, Arrasate izan da bailarako herri kolpatuena, eta kutsatu kopuru altua izan du ia hilabetero. Apirilean, esaterako, 154 kasu erregistratu zituzten. Ekainekoa, halaber, salbuespena izan zen, hiru kasu baino ez baitzituzten atzeman hilabete osoan Arrasaten.
Era berean, Bergara da bailaran bigarren kasu gehien izan dituena. Halere, nabarmentzekoa da azken bi hilabeteetan izan dela igoera handiena han, uztaileko agerraldian eta ondorengo asteetan, hain zuzen. Abuztuan, esaterako, 54 kasu atzeman zituzten Bergaran, Arrasaten bezainbeste –gainontzeko hilabeteetan Arrasaten askoz ere kasu gehiago izan dituzte–.
Oñatin ere Bergaran gertatutakoaren antzekoa gertatu da. Pandemiaren hasieran baino gehiago, azkenaldian hazi dira kasu positiboak. Abuztuan, 41 kasu atzeman zituzten herri hartan eta martxoan eta apirilean, 45. Horrek esan gura du ia bi hilabete zailenetan bezainbeste kasu atzeman zituztela abuztuan.
Aretxabaletaren kasuan, Agirrek adierazi duenez, lehen hilabeteak izan ziren kolpatuenak, eta gerora ez dute igoera nabarmenik izan kasu positiboek. Hala, kasu kopuru bera izan dute martxoan zein abuztuan: 21.
Eskoriatzan, bestalde, uztailean eta abuztuan atzeman zituzten kasu kopuru altuenak, hamaika kasu hilabete bakoitzean. Baina pandemiaren hasieran ere izan zituzten hainbat kasu: martxoan zazpi eta apirilean sei.
Elgetan, Antzuolan eta Aramaion, herri txikiagoak izanik, kasu bakanak izan dituzte sei hilabete hauetan zehar, agerraldi esanguratsu barik. Hala ere, azpimarratzekoa da hiru herrietan maiatzean izan dutela kasu kopuru altuena: sei, bost eta hiru, hurrenez hurren.
Leintz Gatzagan, azkenik, kasu positibo bakar bat ere ez dute atzeman pandemia hasi zenetik.
PCR gehiago egiten dira orain
Kasuen gorakadari lotuta, kontuan hartu beharreko datu bat da orain askoz ere PCR proba gehiago egiten dituela, oro har, Osakidetzak, martxoan edo apirilean baino. Hasieran, 3.000 proba inguru egiten zituzten, eta gaur egun, 9.000 proba ere egin izan dituzte egunean. "Lotura zuzena dago, noski. Egia da proba gehiago egitean kasu positibo gehiago atzemateko aukera daukagula. Modu horretan, asintomatiko asko atzematen ari gara orain, lehen atzematen ez genituenak. Batez ere, gazteak dira horiek", nabarmendu du Agirrek.
"Espero genuen kasuen igoera"
Debagoieneko Ospitaleko zuzendari medikuak adierazi duenez, udan, eta batez ere abuztuan, izan den kasu positiboen igoera aurreikusten zuten. "Opor garaia da, mugikortasun handiagoa dute herritarrek, eta ohi baino denbora libre gehiago ere bai". Hori dela eta, orain, segurtasun neurriak hartzen jarraitzeko dei egin du. "Musukoak modu egokian erabili behar ditugu, distantzia soziala mantendu, eta eskuak ondo eta sarri garbitu. Horrek bakarrik laguntzen du birusaren hedapena murrizten. Neurri horiek modu zorrotzean hartuko balira, ez lirateke hainbeste kasu eta agerraldi berri egongo".
Orain arte, ospitalea egonkor
Hego Euskal Herriko datu orokorrez harago, Agirrek onartu du Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratua egonkor mantendu izan dela hasieratik. "Egia da kasu puntual batzuk izan ditugula, baina ez dugu agerraldi inportanterik eduki, Azpeitian, Getarian, Ordizian edota beste herri batzuetan moduan". Hala ere, azken egunetan geroz eta ospitaleratze gehiago izaten ari dira Hego Euskal Herriko ospitaleetan, eta aldaketak datozela aurreratu du zuzendari medikuak. "Egoera ez da martxokoa bezain txarra, baina geroz eta ospitaleratze gehiago ditugu, eta ikusi egin beharko dugu zer gertatzen den".
Horren ondorioz, Debagoieneko Ospitaleak "garbia" edo "COVID-19 gabekoa" izateari utziko dio astelehenetik, irailaren 7tik, aurrera. "Horrek esan gura du ez ditugula Arabako Unibertsitate Ospitalera bideratuko ospitaleratzeak behar dituzten COVID-19 pazienteak".
Panfleto faltsuez ohartarazpena
Azkenik, Agustin Agirre Debagoieneko Ospitaleko zuzendari medikuak jakinarazi du egun hauetan buzoietan panfleto faltsuak banatzen ari direla Debagoienean eta, batez ere, Oñatin. "Sanitario moduan sinatzen dute, baina haiek diotenak ez du ordezkatzen guk gaitzari buruz dakiguna. Hori dela eta, ohartarazi gura dugu oso arriskutsua izan daitekeela panfleto horietan dagoen informazio eta aholkuak kontuan hartzea".