Susperraldi ekonomikoaren lehenengo zantzuak 2022rako aurreikusten ditu Aldundiak

Uxue Igarza Loiola 2020ko ira. 3a, 16:43

Azken aurreikuspenen arabera, EAEn, BPGa% 9 inguru jaitsiko da 2020an eta % 7tik beherako hazkundea espero da 2021erako. "Ziurgabetasun eszenatokian" gaudela azaldu du Imanol Lasa diputatuak, eta diru laguntzak aurkeztu ditu, pandemiaren inpaktua "leuntzeko".

Ekonomiaren geldialdiak 8.400 lanpostu galtzea eragin du Gipuzkoan, 2020ko lehen sei hilabeteetan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, langabezia tasa %9koa den arren, "ia segurtasun osoz" bi digituetara iritsiko da. "Hilabete gogorrak" etorriko direla aurreratu du Lasak, eta gakoa ekonomia "bizirik mantentzean" dagoela dio: "Jarduera ekonomikoko sektoreen ziurgabetasun-maila eta bilakaeraren zehaztugabetasuna oso handia da. Horregatik, lurraldeko enpresek bezala, ingurunea etengabe monitorizatu behar dugu, etorkizuneko egoerei aurrea hartzeko apustuak egin, eta gure portaerak eta jarduera-ildoak malgutu".

Ekainera arte, Gipuzkoako enpresen %80k beren jarduera murriztu dute eta txikizkako merkataritzan, % 12,5 murriztu zen urteko lehen seihilekoan. Aurreikuspenen arabera, oraindik, enpresen % 70ek baino gehiagok % 20tik gorako beherakada izango du fakturazioan. Hala, Lasak ez du uste 2022ra arte egoerak hoberako joera hartuko duenik.

Dirulaguntzetan, lerro berria

Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Planean jasotako dirulaguntzen %95 aktibatu direla jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta lerro berri bat aurkeztu du, "telelanaren gastuei" aurre egiteko. Diputatuak zehaztu duenez, 376 enpresa eta 3.239 langile izan dira onuradunak, enpresen %57 bost langilek edo gutxiagok osatzen dutelarik. Lerroa 850.000 eurokoa izan da.

Ekonomia Berreskuratzeko Planak 88 milioiko inbertsioa du, eta dagoeneko esleitu dira, lerro berriaz gain, bestelako laguntza batzuk. Lasak esan duenez, 1.500 biztanletik gorako 55 udalek 2 milioi jaso dituzte, txikizkako merkataritza eta ostalaritza sektoreetako autonomo eta EPEen jarduera ekonomikoa bultzatzeko. Bestetik, 860.000 euro bideratu dituzte 32 enpresatara, ikerketa eta garapena sustatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak