Nekane Murga Osasuneko sailburuak azaldu duenez, 8.887 PCR egin ziren atzo Euskal Autonomia Erkidegoan eta horietatik 546k eman dute emaitza positiboa: 246k Bizkaian, 163k Gipuzkoan eta 91k Araban, eta bestetik 46 izan dira beste lurralde batzuetan erroldatutakoen artean jasotakoak. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, berriz, azken orduetan atzemandako positiboak 134 izan dira. Bailarara etorrita, 3 izan dira baieztatutako kasu berriak: bi Arrasaten eta bat Aretxabaletan. Epidemiak gora egiten jarraitzen duela esan du Murga sailburuak, baina "mantsoago", eta hori "seinale ona" dela.
Ospitaleetatatik jasotako datuak dira, sailburua "gehien kezkatzen" dutenak, izan ere, atzo 61 lagun ospitaleratu ziren. Hala, une hauetan 250 kutsatu daude EAEko erietxeetan, eta horietatik 39 ZIUn. Murgak azaldu du gorakada horrek lotura duela azken astean erregistratutako "ehunka positiboekin". Nafarroan, bestalde, 9 pertsona ingresatu zituzten atzo.
Bestetik, Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du azken astean 27 pertsona zendu direla COVID-19a dela-eta, eta Nafarroan 84 urteko gaixo bat zendu zen atzo.
Halere, Nekane Murgak "joera aldaketa" baten aurrean egon gaitezkeela esan du, R0 datua 1etik beherakoa baita: zehazki, atzo erregistratutako oinarrizko birsorkuntza tasa 0,99koa da, eta hortaz, ondoriozta daiteke pandemia ez zela hedatu.
Ordaindutako baja, positiboak zaintzeko
PCR proban positibo ematen duten haurren gurasoek laneko baja eskatu ahal izango dute; ez ordea, berrogeialdian egon arren, negatibo eman duten seme-alaben gurasoek. Horrela azaldu zuen Espainiako Gobernuko María Jesús Montero ministroak: "Positibo baten bizikide diren gurasoek soilik izango dute laneko baja ordaindua izateko eskubidea".
Bestelako kasuetarako gogorarazi zuen Lan Ministerioak 'Me Cuida' programa abiatu zuela, eta horri esker langileek lanaldia malgutzeko eskubidea dutela, baita % 100ean ere.
Helegitea, gaueko ostalarien aldetik
Espainiako Auzitegi Nazionalean helegitea aurkeztuko dute ostalariek, zehazki, gaueko aisialdiarekin lotuta jarduten dutenek. Espainia Gauez da aipatutako langileak batzen dituen erakundea eta sektorea "bereziki zigortua" izaten ari dela-eta hartu dute erabakia. Legeari dagokionez eta bilakaera epidemiologikoari erreparatuta indarrean dagoen araudiak "oinarririk ez duela" salatu dute, eta gobernuaren aldetik ez dutela babesik jasotzen.
Zaharren egoitzetako egoera
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, Donostiako Hermano Garate-San Ignacio zentroko egoiliar bat hil da azken orduetan, ospitaleratuta zegoena. Bestetik, Hernaniko Santa Maria Magdalena zentroko erabiltzaileen artean 17 kasu positibo gehiago atzeman dituzte azken orduetan; horietako gehienak asintomatikoak dira. Gauzak horrela, Hernaniko egoitza horretan dagoeneko 20 positibo daude guztira. Oro har, 25 dira kutsatuta daudenak Gipuzkoako egoitzatan.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.