Unibertsitateen Ministerioak azaldu du baldintzak betetzen badira bakarrik egin ahalko direla aurrez aurreko eskolak unibertsitateetan. Osasun Ministerioak ezarritako baldintzak aintzat hartuta, unibertsitate bakoitzak ezingo du gehienezko ikasle-kopurua gainditu, eta uneoro bermatu beharko da 1,5 metroko distantzia, maskararekin.
Hala, matrikulatutako ikasleek gehienezko edukiera gainditzen badute, eskolak ezingo dira presentzialki egin eta bestelako formulak bilatu beharko dituzte unibertsitateek. Halere, argi utzi nahi izan dute, gelak bikoiztea ez dela aukera ona, kasu gehienetan ez dagoelako "behar beste baliabide". Dena den, esan dute unibertsitateak prest egon behar direla bestelako irtenbideak bilatzeko eta ikasle guztiek eskolak jasotzeko; baita positibo ematen dutenek ere: kasu horretan, bakartuta eta bideokonferentzia bidez.
Horri lotuta, sintomak dituztenentzat, baina PCR frogaren emaitzak jaso ez dituztenentzat, "egokitutako guneak" prestatzeko gomendatu du Ministerioak: ondo aireztatuta daudenak eta edukiontziak dituztenak berrerabili ezin diren zapiak botatzeko.
Esandakoa lortzeko, "funtsezkotzat eta estrategikotzat" jo du teknologia baliatzea, baina, betiere, arrakala teknologikoa ekidinez: "Etrategia horrek berekin dakar unibertsitateetako ekipamendu informatikoa eta sare telematikoak hobetzea, irakasleak komunikazio digitalaren erabileran trebatzea eta unibertsitate-administrazioaren laguntza izatea ikasle guztiak behar bezala konektatzeko".
Positiborik bada, protokoloa
Ikasle edo irakasle batek positibo ematen badu, 10 egunez egon beharko da bakartuta, eta jarraipena egingo zaie, besteak beste, kutsatutakoarekin segurtasun neurriak errespetatu gabe 15 minutu baino gehiago egon direnei. Hala, horiek ere bakartuta egongo dira, PCR proba egin arte.
Ministerioak gomendio gehiago emango dituela aurreratu du, irailaren 3an.