Gaur, egubakoitza, aurkeztu ditu Jaurlaritzak ikasturte berriari ekiteko neurriak. Uriartek azaldu duenez, Hezkuntza Saila Osasun Sailarekin aritu da lanean eta batera adostu dituzte segurtasun neurriok, 2020-2021 ikasturteko plangintza egiteko.
Itzulera mailakatua
Ikasle guztiak ez dira batera bueltatuko ikasgeletara. HH, LH eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak irailaren 7an itzuliko dira –edo ikastetxe bakoitzak aurreikusita zuen egunean–. DBHko 3. eta 4. mailakoak eta Batxilergoko ikasleak, berriz, irailaren 15ean.
Bestetik, Lanbide Heziketari dagokionez, tailerrak eta lantokietako praktikak "antolatu beharra" dagoela-eta, ikasleak irailaren 14tik aurrera bueltatuko dira: Goi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailakoak irailaren 16an eta 2.mailakoak, 14an; Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1.mailakoak irailaren 23an eta 2. mailakoak, 21ean; eta bukatzeko, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleen kasuan, ikastetxeetan ematen bada, 1.mailakoak irailaren 30ean eta 2.mailakoak, 28an, eta udal zentroetan bada, 1.mailakoak 16an eta 2.mailakoak 14an.
Maskararen erabilera, nahitaezkoa
1,5 metroko distantzia bermatu arren, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea irakasle guztientzat eta LHko 1. mailatik gorako ikasleentzat. 6 urtetik beherakoentzat berriz, gomendagarria baino ez da izango musukoa.
Ikastetxe bakoitzean, arduradun bat
Uriartek azaldu duenez, ikastetxe bakoitzak arduradun bat izendatu beharko du COVID-19rekin lotutako alderdiak lantzeko: pertsona hori eta zuzendaritza arduratuko dira Osasun Publikoarekiko koordinazioaz. Horrez gain, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko ESI bat izan beharko du, norbaitek sintomarik badu, harremanetan jartzeko.
Horri lotuta, Jarraipen Batzorde bat ere egongo dela azaldu du sailburuak Osasun Publikoak eta Hezkuntza Sailak osatua, eta baita Hezkuntza-COVID Aholku Batzordea ere.
1.000 irakasle gehiago
Egoera berriari aurre egiteko Hezkuntza Sailak 1.000 gehiago kontratatzea aurreikusten du, Uriarteren esanetan, "hezkuntza-zerbitzua indartzeko". Errefortzuak ikasgela bakoitzeko ikasle gehien dituzten ikastetxeetara bideratu nahi dituzte.
Arrakala teknologikoa, arazo
Cristina Uriartek esan du Hezkuntza Sailak funtsezkotzat jo duela 24.361 ordenagailu eramangarri erostea, premia duten ikastetxeen eta familien eskura jartzeko.
Jardun presentzialerako guneak
Aste honetan aurreratu bezala, Hezkuntza Sailak udalei eskatu die herrietako espazio publikoak izendatzeko, ikastetxeetan sor daitezkeen arazoak ekiditeko. Liburutegiak, ludotekak edota kultur zentroen gisako guneak identifikatu eta zerrendatzeko eskatu die zehazki EUDELek alkateei, baina horiek "beharrezkoak" diren kasuetan bakarrik erabiliko dira.
Segurtasun-materiala ikastetxeentzat
Uriartek esan duenez, Hezkuntza Sailak segurtasun-materiala emango die ikastetxeei, egoerari "berme guztiekin" aurre egiteko. 500.000 maskara bidaliko dituzte hilero ikastetxeetara, eta ikasturtea hasi aurretik, 800.000 maskara kirurgiko emango dira. Bestetik, termometro digitalen banaketa ere egingo dute, eta 5.000 litro gel hidro-alkoholiko banatuko dituzte; iraileko lehen astean, berriz, 500 ml-ko 10.000 poto banatuko dira ikastetxeetan. Bukatzeko, aurreratu dutenez, ikastetxeetako garbiketako langileak goizez arituko dira lanean, "segurtasuna indartzeko".
Eskola-garraiorako jarraibideak
Eskola-garraioari dagokionez, indarrean dagoen araudia aplikatuko dela azaldu du Uriartek: "Gomendagarria da ikasleek autobusean eserleku jakinak edukitzea, autobus bakoitzean garraiatzen diren haurren zerrenda izatea eta hauek autobusean zein lekutan esertzen diren ezagutzea".
Jantokiak, irekita
Jantokiari dagokionez, sailburuak esan du "ikasle kalteberak" dituzten ikastetxeetako jantoki-zerbitzua lehenetsiko dela, ikastetxeak jantoki-zerbitzuaren inguruan hartutako erabakiaren arabera, eta lan-arriskuen prebentziorako neurrietan ezarritako neurriak errespetatuz.