Ikasturtea aurrez aurreko eskolekin hasi gura du Jaurlaritzak, irailaren 7an

Mireia Bikuña 2020ko abu. 18a, 16:00

Elgetako ikasleak, gelan.

Jarduneko Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek baieztatu du ekainean osatutako protokoloren segitzen dutela lanean, eta erabateko segurtasuna bermatzeko neurri guztiak beteko dituztela. "Badakigu infekzioak egongo direla. Baina, oso inportantea da, aurrez aurreko eskolen aldeko apustua egitea", esan du gaurko agerraldian.

21 orriko protokolo orokorra hezkuntza sarera bidali zuen Uriarteren sailak ekainean, eta dokumentu hura oinarri hartuta, ikastetxe bakoitzak, bere ezaugarrien araberako kontingentzia plana landu eta ezarri zuen. Adibidez, ikastetxe batzuek erabaki dute dagoeneko goizeko ordutegiarekin egingo dutela lan bakarrik.

Protokolo horrek, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, hiru aukera aurreikusten ditu: aurrez aurreko eskolak, batetik; aurrez aurreko eskolak eta eskola telematikoak tartekatzea, bestetik; eta, azkenik, eskolak, on-line bidez, etxetik jasotzea. Azken hori, konfinamendu berri baten kasuan gertatuko litzateke.

Horren arabera, 2020-2021 ikasturtea irailaren 7an hasiko litzakete, ikasle guztiekin gelatan. Adin txikikoetan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, talde iraunkorren aldeko apustua egingo da. Hau da, beti ume berberak ibiliko dira taldean, tutore bakarrarekin. Ezin izango dute beste talde batzuetako umeekin harremanak eduki. Hala, taldeko umeren batek edo tutoreak positibo emango balu, taldea bera konfinatuko litzateke, bi astez, etxean egonda.

Irakasle gehiago kontratatzeko eskaera

Hego Euskal Herriko hainbat ikastetxek irakasle gehiagoren kontratazioa eskatu dute, eskolak ahalik eta seguruen eman ahal izateko. Uriarte sailburuak esan du, oraingoz behintzat, irakasle gehiago kontratatzea baztertu egin dutela. Eta datuak eman ditu: Haur Hezkuntzan gela bakoitzeko ume kopuruaren ratioa 23koa da, eta EAEn 18,5eko; eta Lehen Hezkuntzan 25 eta 19,6. 

Gaua pasatzeko ekintzak, debekatuta

Cristina Uriarte sailburuak esan du irailean hasiko den ikasturterako debekatu egin direla ikastetxetik kanpo gaua pasatzeko aukera ematen duten ekintza, irteera edo bisita guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak