Konfinamenduaz geroztik positibo kopuru altuena atzeman dute EAEn; 569 kasu egun bakarrean

Maider Arregi 2020ko abu. 13a, 13:14

EAEn, 569 positibo atzeman dira azken 24 orduetan. Konfinamendu osteko daturik txarrena da eta martxoa bukaerako datuetara gerturatzen da. Debagoieneko datuei erreparatuta beherakada txikia izan da: Arrasaten kasu bakarra detektatu da.

Guztira, 6.618 PCR egin zituzten atzo, abuztuak 12, eta 569 positibo atzeman dira EAEn. Gorakada nabarmena Bizkaian: 402 kasu positibo egun bakarrean; Gipuzkoan 72 eta Araban 75.  Euskaditik kanpo bizi direnen artean 20 kasu detektatu dira. Ospitaleratzeei dagokienez, gero eta herritar gehiago dago erietxean eta atzo 26 lagun ospitaleratu zituzten, guztira 121 lagun daude.  9 pertsona, aldiz, ZIUn daude. 1,31 da gaurko R0 indizea. 

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak ohartarazi du Bizkaian emandako gorakadak neurri murriztaile gehiago hartzea ekar dezakeela. "Osasun larrialdi egoera berrezartzea ez dugu baztertzen positiboek goraka jarraitzen badute", adierazi du Murgak.

 

Nafarroan 82 kasu berri

Azken 24 orduetan hildako bat eta 82 kutsatu berri atzeman dira Nafarroan. Hiru lagun ospitaleratu dute. Gaurtik, gainera,  indarrean da kalean edatearen debekua. Neurria pandemiaren egoera arindu ahala bertan behera geratuko dela argitu du Nafarroako Gobernuak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak