2019ko kontuak onartuta, Fagor Taldeak "zuhurtziaz" begiratzen du etorkizun hurbilera

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko uzt. 30a, 09:51

HUHEZIren Aretxabaletako ikus-entzunezko aretotik telematikoki egin zuten Fagor Taldeko azken batzarra. (Argazkiak: Fagor)

Maiatzean egitekoak ziren Batzar Orokorrak uztailera atzeratu behar izan zituzten Fagor Taldeko zortzi kooperatibek. Hala, atzo, uztailaren 29an egin zuten azken batzarra, Fagor Taldearena. Bertan azaldu zutenez, "2019ko datu onei esker", COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko "baldintza onetan" daude Fagor Taldeko kooperatibak. 

Uztailean zehar Fagor Taldea osatzen duten zortzi kooperatibek beren prozesuak bete dituzte: hitzaldi informatiboekin hasi, segidan Batzar Orokorrak egin, eta, azkenik, hainbat bozketa burututa. 

Aurreikuspenak "hankaz gora"

Fagor Taldearen helburua urtea zenbaki positiboekin amaitzea bada ere, etorkizun hurbilari "zuhurtziaz" begiratzen diote. Izan ere, "zalantza handiak" dauzkate irailetik abendura bitartean gerta daitekeenari buruz: "Maiatzetik aurrera susperraldi ekonomiko txiki bat egon den arren, jarduera-mailak oso urrun jarraitzen du iaztik eta 2020rako aurreikusitako mailetatik".

Eskaerak izandako "jaitsiera bortitzari" aurre egiteko, zenbait neurri hartu zituztela ere azaldu zuten atzoko batzarrean, horien artean daude; "egitura gastuak murriztea, lan-aurrerakinak jaistea, Aste Santuko oporrak aurreratzea, beheranzko egutegi mugikorrak aplikatzea eta besteen konturako langileei ABEEak ezartzea".

Era berean, egoera berrira egokitu eta osasun agintarien zerbitzura jarriz, osasun krisiari aurre egiteko laguntza eskaintzeko gai izan zirela azpimarratu zuten. Laguntza horien artean aipatu zituzten Mondragon Assemblyk maskarak ekoizteko egin zituen makinak, Fagor Elektronikak arnasgailuen ekoizpenean parte hartu izana, eta Fagor Healthcarek osasun langileak babesteko EPIak egin izana. Horrez gain, Fagor Industrialek ere maskarak ekoizteko zereginean diharduela esan zuten. 

Joxean Alustiza: "Testuinguru zail honetan, Fagor Taldearen lankidetza- eta elkartasun-mekanismoak oso erabilgarriak izango dira berriro krisia gainditzeko, elkarri lagunduz".

Pandemian, langileen osasuna bermatzea "lehentasun" moduan jarrita, kooperatiba gehienek "jardunarekin jarraitu" ahal izan zutela azaldu zuten. 

Hala, Joxean Alustiza Fagor Taldeko lehendakariak, langileen osasuna eta jarduera mantentzearen arteko orekari buruz hitz egin zuen: "Etorkizun hurbilean, ekaitz gogor baten erdian, bi helburu argi daude: ontzia ur gainean mantentzea eta bidean marinelak ez galtzeko neurriak hartzea".

Horretaz gain, kooperatiben "erresilientzia gaitasun handia" azpimarratu zuen Alustizak, eta gogoratu zuen kooperatiben ereduak "behin baino gehiagotan" erakutsi duela egoera zail eta korapilatsuak gainditzeko gaitasuna: "Testuinguru zail honetan, Fagor Taldearen lankidetza- eta elkartasun-mekanismoak oso erabilgarriak izango dira berriro krisia gainditzeko, elkarri lagunduz". 

 

2019a urte ona

Batzar Orokorretan 2019ko kontuak onartu dituzte, eta Fagor Taldearentzat, oro har, 2019a urte "ona" izan zela azaldu zuten. 2018arekin alderatuta, salmentak % 9,5 igo ziren, 1.586 milioi euro arte. Irabaziak, berriz, aurreko urtearekin alderatuta, 63,72 milioi eurokoak izan ziren, igoera nabarmenarekin. 

Enpleguari dagokionez, Fagor Taldeak Euskal Herrian dituen lantegietan 5.322 pertsona aritu ziren lanean. Datu horiek kontuan izanik, krisi ekonomikoari aurre egiteko "baldintza onetan" daudela uste dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak