Krisiaren aurrean, elkartasun mezua

Jone Olabarria 2020ko uzt. 25a, 09:28

Uztailaren 10ean egindako Fagor Elektronikaren batzar orokorreko irudia.

Maiatzean egin ohi dituzten arren, uztailean zehar ari dira Fagor taldeko kooperatibak batzar orokorrak egiten aurten. Egoeraren "ziurgabetasunagatik" aurreikuspenak egitea zaila den arren, kooperatibismoaren balioa azpimarratu dute aurrera egiteko

Uztailaren 10ean hasi eta hilabete osoan zehar ari dira Fagor Taldeko zortzi kooperatibak batzar orokorrak egiten; Fagor Elektronika, Mondragon Assembly, Fagor Ederlan, Galbaian, Fagor Automation, Fagor Arrasate, Fagor Industrial eta Copreci. Gaur egin dituzte banakako azken batzarrak Taldeko kooperatibek, eta talde osoaren batzarrak itxiko du prozesua, uztailaren 29an.

Egoera berezian aurten

Maiatzean egin ohi dituzte Fagor Taldeko kooperatibek beren batzarrak, baina, COVID-19ak eragindako alarma-egoeraren ondorioz, uztailera atzeratu behar izan dituzte aurtengo batzarrak. "Osasunari lehentasuna emateko eta osasun-protokoloak betetzeko", baldintza berezietan egiten dabiltza batzarrak: "Kasu gehienetan, baliabide telematikoak erabiliko dira kooperatibistei informazioa helarazi eta, zenbait kooperatibaren kasuan, baita bozketak egiteko ere".

"Egoeraren konplexutasunagatik eta ziurgabetasunagatik", zaila da 2020. urtea nola bukatuko den aurreikustea Fagor Taldeko kooperatibentzat. Nolanahi ere, dagoeneko "buru-belarri" ari dira alarma-egoerak eragindako kolpe ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartzen, Taldetik adierazi dutenez.

Hala, batzar orokorren helburua bazkideei egoeraren berri "modu zuzenean eta zehatzean" ematea dela azaldu dute: "Ahal den neurrian, urte bukaerara begi-ra aurreikusten den eboluzioaren berri emateko ere baliatuko dira". Fagor Taldeko idazkari orokor Amaia Agirrek Taldearen egoeraren eta etorkizunerako aurreikuspenen berri eman du.

Sektorekako ondorioak

Fagor Taldeko kooperatiben egoeraz galdetuta, Agirrek azaldu du sektoreen arabera inpaktua "ezberdina" izan dela: "Automozioan, adibidez, martxoan, apirilean eta maiatzean zehar eskaera maila oso-oso baxu egon da. Ekainetik aurrera errekuperazio bat izan da, baina, orain-dik orain, 2019. urteko datueta-tik nahiz 2020. urterako gestio planetan geneuzkan aurreikus-penetatik urrun gaude".

Txinako esperientzia

Hala ere, krisiak gurean eztanda egin aurretik, Fagor Taldea hasia zen COVID-19aren lehen sintoma ekonomikoak pairatzen: "Krisia lehendabizi Txinan ditugun plantetan hasi zen sentitzen. Hasieran, hornikuntza arazoak izan genituen, Txinatik zetozen lehengai eta piezek atzerapenak izan zituztelako. Ondoren, konfinamendua etorri zen, eta, halabeharrez, gure lantegiak itxi edo produkzio erritmo minimoetara jaitsi behar izan genituen, eta, hala, kontsumoak izan zuen geldialdiaren ondorioz, eskaera eten handia izan genuen".

"Osasuna lehenetsi"

COVID-19aren krisiak eta alarma-egoerak eragindako kolpe ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartzen jarraitzen du-tela aitortu du Agirrek: "Betiere, lehendabizi, osasunari lehentasuna emanda". Neurri zehatz horiez galdetuta, langileen osasunarekin loturikoak aipatu ditu: "Tenperaturaren kontrola sarreretan, bilera presentzialak bertan behera uztea, telelana sustatzea eta segurtasun protokoloen ezarpena, besteak beste".

"Administrazioaren zerbitzura"

Era berean, alarma-egoera indarrean egon zen hilabeteetan zehar, Fagor Taldeko kooperatibak administrazio publikoaren eta osasun agintarien zerbitzura jarri zirela gogorarazi nahi izan du Agirrek, posible zen heinean une hartan gizarteak zituen beharrei aurre egiteko.

Hain zuzen, Mondragon Assembly babes maila handiko maskaren –maskara autoiragaz-leak eta FFP2 eta FFP3 maska-rak– fabrikaziorako lerroak eta, bestetik, maskara modelo sinpleagoak –kirurgikoak– fabrikatzeko lerroak egiten aritu zen alarma-egoeran zehar. Era berean, Fagor Elektronikak arnasgailuen ekoizpenean parte hartu zuela eta Fagor Healthcar-ek osasun langileak babesteko EPI ezberdinak ekoitzi zituela ere azaldu du, besteak beste.

Neurri ekonomikoei dagokienez, izandako "eskaera jaitsiera bortitzera" egokitzeko "doikuntza neurri ezberdinak" hartu behar izan zituztela azaldu du: "Egitura gastuen murrizketa, lan aurrerakinen jaitsiera, Aste Santuko oporren aurrerapena, beheranzko egutegi mugikorrak, edota, beste hainbaten artean, ERTEak, besteen konturako langileen kasuan".

Aurrera begirako planak

Egoeraren "konplexutasunagatik eta ziurgabetasun maila oso handiagatik" 2020. urtea nola bukatuko den aurreikustea "zaila" den arren, ekainetik aurrera salmenten errekuperazio bat gertatu dela aitortu du Agirrek. Hala ere, "ez dago batere argi" urteko azken lauhilekoan zer gertatuko den: "Kontsumoaren susperraldia mantentzen baldin bada, gure aurreikuspena da Taldeak, oro har, zenbaki positiboekin bukatu dezakeela, nahiz eta irabaziak oso apalak izango diren. Baina osasun krisia dela medio kontsumoak berriro behera egiten badu, asko konplikatu daiteke urtea".

Kooperatibismoari balioa

Taldeak aurrera egin ahal izateko eta krisia gainditzeko "eredu kooperatiboak lehenago ere erakutsi du horrelako egoerak gainditzeko erresilientzia gaitasun handia", azpimarratu du: "Gure interkooperazio eta elkartasun mekanismoak, beste behin ere, oso baliagarriak izango dira krisi hau elkarri lagunduz gainditu ahal izateko".

Oraingoz, "ondo" erantzuten

Hala ere, gogorarazi du oraingoan krisia ez duela arazo ekonomiko edo finantzario batek eragin, eta, zentzu horretan, beste krisi batzuekin alderatuta konponbide ezberdinak eska ditzakeela: "Eskaera maila errealera moldatzeaz harago, gure erreakzio gaitasuna oso baldintzatuta dago kasu honetan". Egoeraren alderik positiboenari keinu egin nahian, ustekabeko krisi honek "zorionez" kooperatibak egoera ekonomiko eta finantzario onean harrapatu dituela azaldu du Agirrek: "Momentuz, ondo ari dira aurre egiten egoera konplikatu honi".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak