Indarrean daude Jaurlaritzak iragarritako neurri berriak

Uxue Igarza Loiola 2020ko uzt. 29a, 14:03

Atzo, hilak 28, argitaratutako dekretuari jarraiki, gaur indarrean sartu dira Jaurlaritzak astelehenean iragarritako neurri murriztaileak. Neurriak pandemiaren bilakaera "kezkagarria" dela-eta hartu zirela azaldu zuen Murga sailburuak.

Espazio publikoan maskara jarrita eramateaz gain eta orain arte ezarritako edukiera eta distantzia neurriak  bermatzeaz gain, gaur hasita bestelako neurri batzuk ere errespetatu beharko dira EAEn.

Maskararen erabilera

Orain arte bezala, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea sei urtetik gorako pertsonentzat –distantzia edozein dela ere– bai bide publikoan eta baita aire zabaleko espazioetan ere.

Lantokietan, ordea, ez da derrigorrezkoa izango langileak lanpostuetan eserita daudenean, haien artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia egonez gero. Halere, espazioak partekatzerakoan, musukua eraman beharko da (pasabideetan, bileretan, jangeletan…).

Espazio pribatuetan –irekietan zein itxietan–, elkarrekin bizi ez diren pertsonen bileren edo taldeen kasuan, gomendagarria izango da maskara erabiltzea, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-tartea mantendu.

Ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta -zerbitzuetan (taberna eta txokoak barne) maskara elikagaiak edo edariak hartzen diren unean kendu ahalko da bakarrik.

Bestetik, eskaileretan, urbanizazioetako lorategi pribatuetan, orubeetan, teilatu-hegaletan edo antzeko lekuetan musukoa erabili beharko da, eta baita hondartza eta igerilekuetan ere –tokiz mugitzean edo distantzia bermatzen ez denean.

Bukatzeko, Osasun Sailak maskarak behar bezala erabili behar direla esan du; hau da, maskara sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino estali behar da.

Higiene neurriak

Establezimendu, negozio-lokal, erabilera publikoko instalazioetan, jarduera ekonomikoaren titularrak –edo, hala badagokio, zentro, instalazio, erabilera publikoko espazio eta erakundeen zuzendariak– ziurtatu beharko du garbiketa- eta desinfekzio-neurriak hartzen direla.

Horrez gain, txartelarekin edo kontaktu fisikorik eragiten ez duten bestelako bitartekoekin ordaintzea sustatuko da, eta baita horretarako behar diren ekipoak garbitzea eta desinfektatzea ere.

Edukierak

Establezimenduek, instalazioek eta lokalek jendaurrean jarri beharko dute gehienezko edukiera zein den, eta errespetatzen dela ziurtatu beharko dute.

Ahal den neurrian, ibilbideak ezarriko dira bezeroen eta erabiltzaileen zirkulazioa zuzentzeko eta pilaketak saihesteko. Horri lotuta, bi ate edo gehiago daudenean, sarrerarako eta irteerarako erabilera desberdina ezartzen saiatuko da arduraduna.

Beilatokiak eta ehorzketak.

Publikoak zein pribatuak izan, gehienez ere 60 pertsona egon ahalko dira aire zabaleko espazioetan edo espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Eta zenbaketa ez da beti aldi berean egingo. Hala, denbora tarte jakinetan ezin izango da adierazitako kopurua baino pertsona gehiago joan beilatoki horretara. Bertaratutakoen kopurua txikiagoa bada, ezingo da baimendutako edukieraren % 60 gainditu.

Ehorzketetan ere, gehienez 60 pertsonak parte hartu ahal izango dute, betiere eremu irekian egiten bada; leku itxietan egiten bada, ordea, baimendutako edukieraren % 60 errespetatuko da, segurtasun-tarteak mantenduta.

Kultu-lekuak eta zeremoniak

Edukiera gehienez ezin izango da % 75 baino handiagoa izan, eta dagokion udal-agintaritzak onartu beharko du ekitaldiak egiteko, eraikinen kanpoaldea edo bide publikoa erabiltzea.

Akademietako hezkuntza-jarduerak

Euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan egiten den jarduera presentziala gehienez 10 laguneko taldeetan izango da, segurtasun-tarteak errespetatuta eta maskara nahitaez erabilita.

Ostalaritza eta elkarte gastronomikoak

Edukiera-muga kentzen da, baldin eta bermatzen bada 1,5 metroko distantzia fisikoa dagoela mahaien artean edo, mahaien multzoen artean. Dena den, 10 laguneko taldeak hartu ahal izango ditu mahai-multzo bakoitzak. Establezimenduak 100 lagunentzako edo gehiagorentzako lekua badu, edukiera gehienez % 80koa izango da.

Bestetik, barran kontsumitu ahal izango da, bezeroen edo bezero-taldeen artean distantzia bermatuta.

Ordutegiari dagokionez, 01:30ak baino lehen itxi beharko dira lokalak, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen berriz ireki. Bestetik, 00: 00etatik aurrera, lokalen kanpoaldeko kontsumoa terrazetara mugatuko da.

Hotel, kanpin eta ostatu turistikoak

Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako eremu komunetan 1,5 metroko distantzia errespetatu beharko da, eta gehienezko edukiera % 60koa izango da.

Bestalde, cocktailak eta buffetak egin daitezke, gehienez 25 pertsonako taldeetan, baina distantziari eutsiz eta maskara erabiliz. Horrekin batera, animazio-jarduerak edo talde-eskolak ere gehienez 25 laguneko edukierarekin diseinatu eta planifikatu beharko dira. Igerilekuen edo gimnasioen kasuan, horietarako berariaz ezarritako neurriak aplikatuko dira.

Liburutegiak

Honako zerbitzuak daude baimenduta: lanak maileguan hartzea eta itzultzea, irakurtzea, kontsultak egitea, baliabide teknologikoak erabiltzea, ikasgelak erabiltzea eta liburutegi-zerbitzuari dagozkion gainerako jarduera arruntak egitea. Edukiera-muga % 60koa izango da.

Museoak, erakusketa-aretoak eta monumentuak

Ezingo da edukieraren % 60 gainditu, eta taldeen bisitak gehienez 25 pertsonakoak izango dira (monitorea barne). Instalazioetan, pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantedu beharko da, eta maskara, nahitaez erabili.

Kirol-gune itxietan edo bestelako eraikinetan, gehienez ere % 60ko edukiera duten kultura-ikuskizunak egin daitezke publikoarekin, baldintza beretan. Gainera, ikusleek eserita egon beharko dute, eta aurrez esleitutako besaulkia beharko da. Talde artistikoaren kasuan, ikuskizunean zehar interpreteen arteko elkarrekintza baimenduko da.

Aire zabaleko kultura-jarduerak eta ikuskizunak

Hauek ere, % 60ko gehieneko edukierarekin egin ahalko dira, baina gehienez, 1.000 pertsona elkartuz. Pertsonen arteko segurtasun-tartea mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, bestelako irtenbideak bilatu beharko dituzte arduradunek.

Bestetik, ezin izango da toki finkorik gabeko ekimenik egin; esaterako, erromeriariak, musika- edo dantza-erakustaldiak edota desfile-ikuskizun ibiltariak edo publikoak bide publikoan lagundutakoak.

Jarduera fisikoa eta kirol-instalazioak

Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez 30 pertsonako taldeetan. Kasu honetan maskararik gabe egin ahalko da.

Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, baimendutako gehieneko edukiera % 60koa izango da, eta aldagelak eta dutxa-guneak erabil daitezke, babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatuta.

Txapelketak eta kirol-ekitaldiak

Antolatzaileek baimena eskatu beharko diete erakunde eskudunei eta txapelketa egiteko protokolo bat erantsi. Edukiera % 60koa izango da, 600 pertsonako mugarekin.

Bestetik, aire zabaleko kirol-lehiaketetan (hala nola, arraunean, atletismoan, errepideko txirrindularitzan, rallyetan eta antzekoetan), aldez aurretik mugatuko da ekitaldia zein espaziotan egingo den, eta gehienez ere 1.000 pertsona bertaratu ahalko dira.

Arrantza

Baimenduta dago ibaiko eta itsasoko arrantza modalitate guztietan, betiere, pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen bada,eta musukoa nahitaez erabili beharko da.

Gazteen lokalak

Debekatuta dago gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan jarduera oro egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak