Iñigo Lamarca: "Krisian gaudenetik gora egin dute oso modu nabarmenean gizarte laguntzei buruzko kexuek"

Eneko Azkarate Laspiur 2014ko urr. 19a, 09:00

Iñigo Lamarcak (Donostia, 1959) 10 urte bete berri ditu Ararteko moduan. Eta agintaldia amaitu ostean, utzi egingo du kargua. Une honetan, jardunean dihardu hurrengoa aukeratu bitartean. Arartekoaren erakundearen garrantziaz dihardu. Xenofobiak azkenaldian gora egin duela dio. Kezkatuta agertu da horregatik.

Noiz utziko diozu Ararteko izateari?
Agintaldiko bost urte eta gehienez ere bi agintaldi aurreikusten ditu legeak Arartekoarendako. Orain jardunean nago legebiltzarrak beste Ararteko bat aukeratu bitartean. Gehienez ere, sei hilabete egon naiteke karguan, hau da, apirilera arte. Nire ustea da urtarrilerako aukeratua izango dela berria. Hiru bosteneko gehiengoa behar da Arartekoa onartzeko. Gauzak ahal dudan ondoen utzi nahi dizkiot ondorengoari.

Egindakoarekin gustura?
Bai, baina azkenera arte lanean jarraitu beharra dago. Oso modu intentsuan jardun dut. Oso aberasgarria izan da. Gizartekintzatik nator eta zuzenbidean lizentziatua naiz. Hortaz, gauza biak uztartu ahal izan ditut. Opari bat izan da niretako. Zuzenbideari ahalik eta etekinik handiena ateratzea herritarren eta giza eskubideen mesedetan, benetan aberasgarria eta pozgarria da. Motibazio handia izan dut, baina baita buruhausteak ere, eta nekagarria izan da.

Arantzaren bat geratzen zaizu?
Esango nuke ezetz. Baina, batzuetan, kosta egin zait Arartekoaren eskumenen barruan aritzea. Herriaren defendatzaile eta giza eskubideen babesle naizen heinean, herritar askok eskatu digu gehiago egiteko. Baina mugatua da gure jarduna. Administrazio publikoa da gure lan eremua. Eta muga horiek oso kontuan eduki behar izan ditut, esaterako, egin ditudan adierazpenetan. Izan ere, Arartekoaren ebazpenak ez daukate betearazteko indarrik eta, horregatik, oso inportantea da argi edukitzea gure eskumenen barruan ari garela lanean, inpartzialtasun osoz. Alegia, gizartearen aurrean sinesgarriak izatea. Hori egingo ez bagenu, alderdikeriaz ariko ginateke eta gure sinesgarritasuna eta eraginkortasuna kolokan egongo litzateke, ahuldu egingo litzateke.

Inoiz egin diozu galdera zeure buruari: Arartekoa zertarako?
Gure eraginkortasun maila oso handia da. Administrazioren batek zuzen jokatu ez duela ebatzi dugunean, kasuen %87an men egin diote administrazio publikoek gure ebazpenei. Herritarrek ezagutzen dute Arartekoa eta, gutxi-asko, haren eginbeharra zein den ere bai.

Zenbat erreklamazio, kontsulta edo kexu jasotzen ditu Arartekoak urtean?
Urtetik urtera gero eta gehiago. Iaz 9.600 izan ziren. Gehienak etorri dira hiru hiriburuetan ditugun bulegoetatik, baina postaz edo internetez ere egin daitezke.

Krisian gaudenetik aldatu dira kexuak?
Bai. Kexu edo erreklamazioen herenak zerikusia dauka gizarte laguntzekin. Eta krisian gaudenetik %120 gora egin dute era honetako kexuak. Gainerako bi herenak hezkuntzarekin, osasun zerbitzuekin, isunekin, hirigintzarekin edo ingurumenarekin zerikusia dutenak dira… Arartekoan 28 lan arlo ditugu eta horietatik 15 herritarren ekimenez jasotzen ditugun kexuak kudeatzeko dira eta besteak gure ekimenezkoak. Politika publikoak aztertzekoak dira.

Baduzue beste herri defendatzaile batzuekin harremanik?
Harreman estua daukagu Espainiako herri defendatzaileekin. Eta datuak alderatzen ditugu. Esan genezake Arartekoaren efikazia maila altuenetakoa dela. Beti izan da %80etik gorakoa. Beste batzuena hortik behera dago. Baina, bestetik, beste herrialde batzuetako ombudsman-ekin ere badaukagu harremana. Suedian sortu zen erakundea duela 200 urte baino gehiago. Arartekoak 25 urte ditu. Han errotua dago herri defendatzaileen kultura. Demokrazia bera. Suedian eraginkortasun maila ia-ia %100ekoa da. Gure batez bestekoa handia da, baina Suedia daukagu helburu moduan.

Fagor Etxetresnen itxiera dela-eta, Ordaindu eta Eskuratu plataformakoekin elkartu zinen. Zein izan da zure gomendioa?
Arartekoaren esparrua erakunde publikoak dira. Baina, krisiarekin batera, enpresa pribatuek euren langileekin dituzten arazoen gaineko kontsultak handitu egin dira. Horietako bat da aipatzen duzuna. Aholkularitza juridikoa eman dugu eta bitartekari lana egin dugu, esaterako, eskatuz, Mondragon Taldeko buruei plataforma horietako kideekin batzartzeko. Elkartu izan direla erantzun ziguten.

Euskal erakunde guztiek betetzen dituzte modu berdinean Arartekoaren ebazpenak?
Bai. Administrazioen artean ez dago ezberdintasun nabarmenik. Herritarren kexu, erreklamazio edo iradokizunik bada, lehenbizi, erakundearekin jartzen gara harremanetan eta erakundeak obligazioa du informazioa emateko. Bestetik, iaz egindako erreklamazioen osteko txosten guztien ostean, ondorioztatu genuen, erreklamazioen %55ean ez zela zuzena izan administrazioaren jokabidea. Eta, honenbestez, eskatu zitzaion erakundeari alda zezala bere erabakia edo prozedura eta, esan bezala, %87an gure eskaera bete zuten. Administrazioaren obligazioa ere bada, gure ebazpena bete behar ez badu, zergatik egingo ez duen erantzutea. Argudioak bidaltzea.

Oraintsu Gipuzkoako Diputazioaren eskaeraz egindako inkesta baten arabera, gipuzkoarrak ez gara arrazistak. Hala uste duzu zuk ere?
Ondorioa zen gipuzkoarron gehiengoa ez garela arrazistak. %80 baino gehitxoago. Baina batzuk aitortzen zuten arrazistak direla. Bestetik, gure lanaren ondorioz, esan genezake, xenofobiak gora egin duela azkenaldian. Gurera etortzen den jendeari entzunda, edizio digitaletako iruzkinak ikusita…, nabarmendu daiteke badela gutxiengo bat arrazista dena eta, azkenaldian, hazten ari dela xenofobia gure gizartean.

Javier Maroto Gasteizko alkatearen berbak ere hor daude.
Bai. Marotok esan zuen, eta hori ari da aztertzen fiskaltza, magrebiarrek ez dutela lanik egin nahi. Beste kontu batzuk ere esan eta egin du. Baina hori esan zuen eta ez du zuzendu esandakoa. Gutxienez, bidegabekeria izan zen.

Ze helbururekin egindako adierazpenak dira?
Ez dakit. Hark dio kalean jende askok arrazoia ematen diola. Kargu publikoan dihardugunok erantzukizunez jokatu behar dugu. Demagogia egitea erraza da, baita sua piztea ere. Ez dut esaten Marotok hori egin duenik. Orokorrean dihardut. Nazioarteko Giza eskubideen adierazpenak lehen artikuluan dio gizon eta emakume guztiok dugula duintasun berbera izateko eskubidea. Krisiak jende asko kolpatu du eta horrek sortzen du gizartean beldurra, egon eza… Eta horren ondorioz sortu ohi dira jarrera populistak. Baina saihestu egin behar dira. Gustatuko litzaidake halakorik ez errotzea gure komunitatean.

Zer gertatzen da Hondarribian edo Irunen alardearekin. Arartekoak, Emakundek, erakunde ezberdinek esandakoaren kontrara dihardute han. Zer egin?
Aldaketak izan dira. Eta erakundeak erantzukizunez jokatu behar dute. Giza eskubideak tartean daudenean, are gehiago. Hondarribiko edo Iruneko udalek ez dute erantzukizunez jokatzen. Bizikidetzaren aldetik urteen poderioz hobera egin du egoerak, baina ez udalek egin dutenarengatik. Beste alde batera begiratu dute udal horiek. Herritar batzuen ahaleginari esker hobetzen joan dira gauzak. Berdintasun eskubidearen inguruan udal horiek ez dute egiten egin beharrekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak