Positiboek gora egin dute azken astean, batik bat Bergaran

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 24a, 09:39

Bergarako Irala kaleko Pol-Pol tabernako terrazan, bezeroak musukoa jantzita, eguaztenean.

Azken astean hazi egin dira COVID-19 kasuak Debagoienean eta Bergara izan da herri kolpatuena; 19 kasu berri atzeman dituzte herri horretan eta hainbat neurri hartu behar izan dituzte, tabernetan, jatetxeetan eta baita Agorrosin kiroldegian ere.

Bazirudien COVID-19ak atsedena emango zuela, ekaineko eta uztail hasierako datuak onak izaten ari zirelako. Hala ere, azken astean izandako oldarraldiaren ondorioz, kasu berriak agertzen hasi dira bailaran, batez ere Bergaran, gazteen gaueko aisialdiarekin lotuta.

Azken astean 19 izan dira herri horretan kutsatu direnak, eta, Hego Euskal Herriko hainbat herritan moduan, Bergaran ere neurriak hartu behar izan dituzte taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoetan, Eusko Jaurlaritzaren aginduz.

Hala, martitzena ezkero, ezin da Bergarako tabernetako barran kontsumitu, eta terrazetan, gehienez, hamar pertsona egon daitezke mahai bakoitzeko. Horrez gain, 23:30ean itxi egin beharko dituzte tabernak eta barruko edukiera ezin da erdia baino handiagoa izan, ezta jatetxe eta elkarte gastronomikoetan ere.

Azkenik, esan gabe doa maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela establezimendu guztietako langile eta bezero guztientzat, kontsumitzen ari diren unean izan ezik.

Horren harira, eta neurriak ostalariendako onuragarriak ez direla onartuta, Gorka Artola alkateak zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei. "Neurri handi batean, haien esku egongo delako egoeraren bilakaera".

Ostalariak, bestalde, arduratuta azaldu dira neurriek izango duten eraginagatik. "Onik ez digu egingo. Bi edo hiru pauso atzera egitea da. Lehendik ere negozioa murriztuta geneukan eta honek ez digu inongo mesederik egiten", dio Intxorta tabernako Javier Bilbaok. Konfinamendua arintzeko bigarren fasera itzuli direla adierazi du, bestalde, Ganbara tabernako Jon Armendarizek. Halaber, atzerapauso bat dela dio Eusebio tabernako zerbitzari Alba Lozanok ere. "Lehen egindako guztia egin behar dugu orain ere. Baina saiatuko gara ahalik eta ondoen egiten", nabarmendu du. Depor tabernako Sergio Angulok, azkenik, zera dio: "Jende gutxiago ikusten da orain taberna eta terrazetan, eta, batzuen jarrera ez bada normalizatzen, taberna guztiak itxi egin beharko dituzte".

Eusko Jaurlaritzaz gain, Udalak berak ere hainbat zerbitzu moldatu ditu eta horien artean dago, esate baterako, Agorrosin kiroldegia. Izan ere, gimnasio eta bizikleta gela itxita daude orain, ikastaro guztiak bertan behera gelditu dira eta kanpoko igerilekuaren eta berdegunearen edukiera %40ra murriztu dute. Horrez gain, padela zabalik egongo da –nahiz eta ezin den kiroldegian dutxatu–. Igerilekuko kaleak, azkenik, betiko erabilera izaten ari dira.

Era berean, eta egoera "egonkortuta" dagoela baloratu arte, Udalak astean ezarritako neurri berriei eutsiko diela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, dioenez, oraindik ezin da "kontrolatutzat" eman Bergaran izandako agerraldia eta Osakidetzak PCR probak egiten jarraitzen du oraindik.

ASTEBETEAN 37 COVID-19 KASU BERRI ATZEMAN DITUZTE DEBAGOIENEAN

Bergarako 19 kasu positiboez gain, atzeman dituzte beste batzuk ere. Arrasaten, esaterako, 10 kasu berri atzeman dituzte azken astean eta pandemia hasi zenetik 263 arrasatear kutsatu dira dagoeneko. Bailara osoan atzemandako kasuen erdia baino gehiago dira horiek –500 kasu–. Gorakada honekin, Bergara da bigarren positibo gehien daukan herria: 76, guztira.

Aipagarria da azken astean 37 kasu berri baieztatu dituztela Debagoienean, horietako gehienak aurreko asteburuan. Izan ere, egubakoitzetik domekara bitartean, 29 kasu atzeman zituzten bailaran.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian atzo, eguena, argitaratu zutenez, azken datu epidemiologikoak kontuan izanda, prebentzio-neurrien aplikazioari "segida" emango zaie Bergaran, Eibarren, Ermuan, Tolosan eta Zarautzen. Aldiz, "indargabeturik geratzen dira" Ordiziarako ezarritako neurriak, "haren egoera epidemiologikoak bilakaera positiboa" izan baitu. Jaurlaritzak nabarmendu du Osakidetzak EAEko herritarren %14ri egin diela PCR proba.

UDALEKU ETA ZAINTZA ZERBITZUETAN ERABAKI EZBERDINAK HARTU DITUZTE

Udalekuei dagokienez, hautsak harrotu zituen zapatuan Eusko Jaurlaritzak hauek bertan behera uzteko hartutako erabakiak. Eudelen bitartez, udaleku publikoak etengo zituztela azaldu zuen, eta pribatuei ixteko gomendioa eman. Hala ere, gerora, Jaurlaritzak ez zuen inongo dekreturik kaleratu udalekuak bertan behera utziko zituela azalduz, eta zalantza handiak egon dira aste hasieran.

Hala, asteko lehen egunetan, herri batzuetan eten egin dituzte haurrendako zaintza zerbitzuak edo udalekuak: Bergaran, Antzuolan, Aramaion, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, hain zuzen. Eguaztenean, berreskuratu egin zuten jarduna Eskoriatzan eta Aretxabaletan, esaterako, baina besteek etenda jarraitzen dute.

Leintz Gatzagan, bi taldetan banatuta, batzuk Etxarri Aranatzera joatekoak ziren eta beste batuk, Otsagabiara, baina irteerak bertan behera utzi dituzte, "Eusko Jaurlaritzaren eta Eudelen komunikatuak aintzat hartuz, nahiz eta jakin leku horietan hemen baino seguruago egongo diren haurrak".

Bestalde, Arrasaten, Oñatin eta Elgetan zaintza zerbitzuak mantendu egin dituzte aste guztian. "Zaintza zerbitzuaren inguruko gomendiorik eta dekreturik ez egonda, aurrera jarraitzea erabaki dugu", azaldu dute.

NEURRIAK HARTU DITUZTE ADINEKOEN EGOITZETAN, ALDUNDIAK AGINDUTA

Aurreko asteburuan, "kasu positiboen gorakada ikusita", hainbat neurri hartu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak; hasiera batean, astebeterako. Hala, adinekoen egoitzak itxita egon dira aste osoan: egoiliarrak ezin izan dira egoitzatik irten eta bisitari bakar bat eduki ahal izan dute, egunean behin. "Egoiliarrentzat oso gogorra izaten ari da eta triste daude", adierazi du Mizpuralde egoitzako buru Alazne Irazabalek.

Eguneko zentro guztiak ere itxita egon dira aste osoan, Aramaiokoa izan ezik. Jarduerarekin jarraitu dute han. "Erabakia tentuz eta arduraz hartu dugu eta, edozein arrazoiengatik, egoera herrian bertan zein zentroan aldatuko balitz, kasuren bat agertuz edo hauek areagotuz, orain arte bezala beharrezkoak diren erabakiak eta neurriak hartuko ditugu", azaldu du Lierni Altuna alkateak.

ERTZAINTZAK 16 SALAKETA JARRI DITU EGUNOTAN MUSUKOA EZ ERABILTZEAGATIK

Musukoa kaleko paisaiaren parte bihurtu da, eta ia herritar guztiek daramate dagoeneko, Roberto Kapelastegi ertzainak azaldu duenez. "Nabaritzen da herritar gehienek erabiltzen dutela orain musukoa. Gainera, uste dut komunikabideok indar handia egin duzuela horretan eta orain guztiok dakigu kalean musuko barik ikusten dugun herritarra gaizki jokatzen ari dela", nabarmendu du. Hala ere, gaineratu du beti dagoela norbait musukoa erabiltzen ez duena. "Normalean, herritar bat musuko barik ikusten badugu, informatu egiten diogu, lehenik, eta, kasu puntualetan, salaketa ere jartzen diogu".

Hala, azken egunetan 16 bat salaketa jarri ditu Ertzaintzak. "Baina, esan moduan, oso kasu puntualak dira. Normalean, herritarrei musukoa jartzeko eskatzen diegu, lehenengo, abisua ematen diegu, eta kasu egiten digute", gaineratu du.

Onartu duenez, herritar batzuengan badago joera bat Ertzaintza noiz agertuko zain egoteko eta bitartean maskara ez erabiltzeko. "Batez ere, tabernetan eta terrazetan egiten dute hori, jateko eta edateko tarte horiek luzatuz. Badakigu, gainera, arriskua hor dagoela eta kontziente izan behar dugu horretaz; beraz, arduraz jokatzeko dei egiten dugu berriro".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak