Asteburuak utzitako datu kezkagarrien ostean, Debagoienean egoerak hobera egin duela esan daiteke gaurko datuak ikusita, azken orduetan ez baita kasu berririk hauteman. Halere, pandemia hedatzen ari da EAEn; izan ere, oinarrizko birsorkuntza tasa 2,13koa da. Hala, kutsatutako pertsona batek, batez beste, bi lagunetik gora kutsa ditzake.
Ospitaleetako egoerari dagokienez, Osasun Sailak jakinarazi du 4 lagun izan zirela atzo Autonomia Erkidegoan ospitaleratu zituztenak eta bi direla ZIUn jarraitzen dutenak.
Nafarroan, 98 positibo
Hego Euskal Herriko kasuen erdia baino gehiago atzeman dira Nafarroan, hain zuzen ere, 98; horietatik 22 Mendillorriko fokuarekin lotuta daude, eta, dagoeneko, guztira, 116 kutsatze eragin ditu fokuak.
Oxfordeko txertoak, emaitza onak
Oxfordeko Unibertsitatean garatzen ari diren COVID-19aren aurkako txertoak "erantzun immune handia" ematen duela baieztatu dute azken probek. Oraindik azterketa gehiago egin behar dituzte, baina dagoeneko 1.077 pertsonarekin egin dituzte probak, eta antza, ez dute "kalterik" eragin haiengan; bai ordea, buruko mina edota sukarra.
Txertoa sortzeko, txinpantzeei eragiten dien birus bat genetikoki eraldatu dute –COVID-19aren tankera izan dezan–, eta hortik abiatuta ari dira erantzunak sortzen. Txertoaren helburua birusaren aurakako antigorputzak sortzea da eta baita T-zelulak aktibatzea ere –infektatutako zelulak hauteman eta suntsitzeko–. Oraindik, ordea, ez dago argi zenbat irauten duten antigorputz horiek pertsonengan, eta horri lotutako probak egiten ari dira milaka herritarrekin, munduko hainbat herrialdetan.
Espero dituzten emaitzak izanez gero, Oxfordeko txertoa urte bukaerarako egon daitekeela aurreikusi dute, baina ekoizpen baliabideak "urriak" direla onartu dute, eta beraz, hedapena ez dela "bat-batekoa" izango. Halere, Oxfordeko txertoaz gain, mundu mailan beste 23 ari dira gizakiekin frogatzen; horietatik dezente aurreratuta daude Txinakoa –Wuhanen frogatzen ari direna– eta Moderna laborategikoa –azkenengo fasean dago eta 30.000 estatubatuarrekin frogatuko dute uztaila bukaeran–.