"Erantzukizunak" eskatu dituzte Eibarko kaleetan

Txomin Madina Milikua 2020ko uzt. 4a, 19:53

Zaldibar Argitu plataformak deituta, manifestazioa egin dute arratsaldean Eibarren. Antolatzaileek, besteak beste, esan dute Zaldibarko zabortegiaren lur-jausiaren ondorioz desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran aurkitzea "lehentasunezko gaia" izan behar dela.

Eibarko Untzaga plazan hasi eta herriko kaleak zeharkatu ostean, leku berean amaitu da gaur arratsaldean Zaldibar Argitu plataformak deituta Erantzukizunak nahi ditugu lelopean egin duten manifestazioa. Deitzaileak gustura agertu dira izandako parte-hartzearekin, plataformako kide Janire Lazkano elgetarrak azaldu moduan: "Konfinamendua amaituta eta eguraldi ona eginda, beldurra geneukan, baina oso pozik gaude erantzunarekin".

Manifestazioaren amaierako ekitaldian, plataformako kideek gogorarazi dute astelehenean, uztailaren 6an,  bost hilabete beteko direla Verter Recycling zabortegia amildu zenetik, eta adierazi dute lur-jausiak harrapatu zituen Joaquin Beltran eta Alberto Solozabal langileak aurkitzea lehentasunezko gaia izan behar dela, horretarako "beharrezko baliabideak" eskatuz.

Gaineratu dute herritarrei "egia zor" zaiela, eta Zaldibarren gertatu dena berriz ez gertatzeko bermeak exijitu dituzte. Zentzu horretan, hondakinen kudeaketa "publikoa, zentzuzkoa eta zuzena" aldarrikatzen dutela azaldu dute. Era berean, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren dimisioa eskatu dute, baita auzia argitu bitartean kargu politikoetatik urruntzea ere.

Ekitaldia amaitzean , Zaldibar Argitu plataformatik adierazi dute "zoritxarrez" mobilizazioekin jarraituko dutela, ez dutelako uste egiten dituzten aldarrikapenak epe motzean erantzunik izango dutenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak