Berdinsareak Berdinlan batzordeak abiarazi ditu, normaltasun berrian genero ikuspegia lantzeko. 69 udalerritako teknikariek eta politikariek diseinatu eta adostu dituzte ekintza eta irizpide komunak, eta azaldu dutenez, udal guztietara hedatuko dira.
Gaur 10:30ean egin dute lehenengo bilera, eta bertan, emakumezkoen eta gizonezkoen artean dauden "eragin bereizgarriak" aztertu dituzte, ondoren zer egin daitekeen ikertzeko: “Egungo egoeran berdintasuneko udal politikek zer eragin duten ikertu behar da, pandemiaren ondoriozko eraginak eta ezarritako kontrol-neurriak kontuan hartuta”.
Bileraren helburua udal politikak “bideratu eta indartzea” dela azaldu dute, pandemiaren eragin negatiboa “konpentsatzeko”, eta, bereziki, genero-arrakala “saihesteko”.
Momentuz, hiru batzorde
Normaltasun berriak politikak diseinatzerako orduan “norabide berriak” hartzea eragin duela azaldu dute, eta horrenbestez, emakumeenganako indarkeriaren kontrako neurriak diseinatzeko ere formula berriak sortu dituztela.
Berdinsarea EUDELen baitan koordinatzen da, eta esan bezala, batzordeak osatu dituzte udaletako politikari eta teknikariekin: “Batzorde bakoitzak gai zehatz bat jorratzen du, eta udalen talde batekin egiten du lan”. Une honetan, hiru batzorde abiarazi dituzte: udal txikiei babesa emateko batzordea, genero ikuspegia udal politikan batzordea eta indarkeria matxistaren kontrako batzordea.