Euskaraldian parte hartzen duten hezkuntzako eta haur eta nerabeen sektoreko eragileek lankidetzan dihardute 2018tik hona, eta elkarlanaren emaitza aurkeztu dute orain: hezkuntzako etapa ezberdinetan lantzeko proposamen didaktikoa.
Ikastolen Elkarteak, Irrien Lagunek eta Urtxintxa Gipuzkoak egin dute lan hori, eta materiala hezkuntza sare osorako jarri dute eskuragarri, Euskaraldiko wegbunean. Programak Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa barnebiltzen ditu; adin guztietan lantzeko unitate didaktikoak prestatu dituzte, alegia.
Eremu formal eta ez-formaletarako materiala
Euskaraldiko kideek azaldu dutenez, unitate didaktikoak ikastetxeetan landuak izateko prestatu diren arren, eremu ez-formaletan baliatzeko modukoak ere badira; izan ere, helburua bera da: "Helburu nagusia zera da: modu ludikoan zein dinamika egingarrien bitartez, haur eta gazteek Euskaraldiaren berri izatea eta euren inguruko helduei ekimenaren berri ematea".
Gazteenak xaxatzaile lanetan
Programaren funtsa haurrak helduen xaxatzaile izatea dela azaldu dute sustatzaileek –xaxatzaileek helduei Euskaraldiaren berri emango diete eta parte hartzera animatuko dituzte–, baina adinaren arabera ere helburu berezituak finkatu dituzte.
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako txikiek euskararekin "esperientzia atseginak" izatea bilatzen du ekimenak, eta esan bezala, baita helduen xaxatzaile izatea ere, "euren buruari garrantzia emanda".
12 eta 15 urte bitarteko gazteentzat berriz, xaxatzaile lanez gain, gogoeta egiteko dinamikak prestatuko dituzte: "Beren hizkuntza praktikei buruzko gogoeta egitea da helburua, hau da, aurrera begira ahobizi edo belarriprest izateko prestatzea".
Bukatzeko, DBH 4, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako gazteak ere gogoetara egitera animatuko dituzte, eta baita ekimenean ahobizi zein belarriprest gisa parte hartzera ere.