Gizarte Politikako Departamentuak zenbait gomendio igorri dizkie egoitzei, eta bertan jasotzen dira egoiliarrak kanpora ateratzeko jarraitu beharreko jarraibideak. Mendozak zehaztu duenez, sintomak dituzten edo isolatuta dauden erabiltzaileen irteerak "ez dira baimenduko" eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten senitartekoek ezingo dituzte bisitak egin, ezta egoiliarrei kanpora lagundu ere. "Irteera terapeutikoak egitea, gaua kanpoan ez igarotzea eta leku itxiak eta jendetsuak saihestea" gomendatzen dute; hori horrela, gaua kanpoan igarotzea dakarten irteerak, zentrora itzultzean, sarrera berritzat hartuko dira eta "Osasun Publikoko protokoloek kasu horietarako ezarritakoak kontuan hartu beharko dira.
Irteeren jarraipena, zentro bakoitzak
Laguntzailea erregistratuz eta irteeren ordutegiak zehaztuz egin beharko du zentro bakoitzak irteera bakoitzari dagokion jarraipena. Ezingo dira laguntzaileak zentrora sartu eta horretarako egokitutako espazioetan jaso ahal izango dituzte senideak. Egoiliarrek eta senitartekoek "prebentzio eta distantzia sozialeko neurriak" bete beharko dituzte, "gainerako komunitateak bezala, maskarak erabiltzea barne", gaineratu du bozeramaileak. Zentrora itzultzean, tenperaturaren kontrola egingo da, eta eskuen, oinetakoen, eta bastoiak eta gurpil-aulkiak moduko euskarrien higienea ere bai.
Errealitate Berrira Egokitzeko Plana
Bost fasetan banatutako prozesu bat jasotzen du Gipuzkoako gizarte-zerbitzuetan Errealitate Berrira Egokitzeko Planak, 0tik 4ra bitartekoa; astelehenean, hilaren 22an, hasiko da azkena. Planaren helburua errealitate berrirako trantsiziorako ibilbide-orri bat ezartzea da, COVID-19aren etorkizuneko bilakaeraren aurrean "prebentzioan eta erantzun azkarrean" oinarrituta eta "uneoro pertsona guztien ongizatea eta osotasuna bermatuz”.
Bisitei dagokionez, alarma-egoeraren amaiera dela eta, bi senitarteko egon ahal izango direla jasotzen du Errealitate Berrira Egokitzeko Planak, eta "ez dutela zertan pertsona berberak izan behar beti". Dementzia larriak edo komunikazioa zailtzen duten zentzumen-urritasunak dituzten pertsonen kasuan, kontaktu fisikoarekin egin ahal izango dira bisitak, gainbegiratuta eta prebentzio-neurriak zorroztuta. Bestetik, osasun-krisia hasi zenetik egin izan den moduan, bizi-amaierako bisitak gelan egiten jarraitu ahal izango dira, eta ez dute denbora-mugarik izango.