Araban bi positibo, Bizkaian bost eta Gipuzkoan bi, guztira bederatzi kasu berri EAEn azken 24 orduetan. Debagoienean, aldiz, ez da kasurik argitara eman Osasun Sailak kaleratu dituen datu berrien arabera. Hiru lagun hil dira, aldiz, azken orduetan, koronabirusaren ondorioz.
Aita Menni Ospitaleko kutsatze kasuen harira, Osakidetzak ez du, gaur-gaurkoz, kutsatze berririk antzeman. Bai, ordea, Txagorritxun (bi positibo berri, guztira 9 dira) eta Basurtun (positibo bat, guztira 38 dira).
EAEko lurralde guztietan atzeman dira positiboak azken orduetan: bi positibo berri izan dira Araban (Gasteizen), bost Bizkaian (lau Bilbon eta bat Portugaleten) eta bi Gipuzkoan (Donostian eta Ordizian).
Hiru hildako
Azken orduetan hiru lagun hil dira koronabirusaren ondorioz. Pandemia hasi zenetik EAEn 1.592 pertsona hil dira. Osasun sailak jakitera eman duenez, atzo 4.060 proba egin zituzten (3.976 PCR eta 84 test azkar). Guztira, 20.415 pertsona kutsatu dira EAEn.