Gertuko turismoa, udako denboraldia aurrera atera ahal izateko gakoa

Jone Olabarria 2020ko eka. 13a, 08:45

Pilar Belastegi, Julen Arabaolaza, Iñaki Pildain, eta Monica Lizarzaburu eta Fernando Fernandez.

Uztaileko eta abuztuko hilabeteei begira, orokorrean "itxaropentsu" agertu dira Debagoieneko ostatuetako jabeak. Atzerriko erreserba gehienak bertan behera geratu diren arren, Euskal Herriko eta Espainiako turistak animatzen hasi direla azaldu dute

Debagoienean turismoaren arloan lan egiten duten herritarrentzat denboraldi garrantzitsua izan ohi da udakoa. Aurtengoa, baina, "zalantzaz beteta" datorrela aitortu dute taberna, ostatu eta jatetxeetako jabeek. Alarma egoera eta faseka antolatutako konfinamendu-arintzea gertutik ari dira jarraitzen bailarako turismo eragileak, hain zuzen, normaltasun berria deritzonak bereziki baldintzatu baitezake aurtengo denboraldia.

Oñatin aukera gehien

Mankomunitatetik zehaztutako datuen arabera, Debagoienean, guztira, 720 ohe inguru daude turismora bideratuta. Herrika eta ostatu motaka erreparatuta, Oñati da ohe eskaintza zabalena duena, Debagoienak duen ohe eskaintzaren ia erdiarekin; 350 pertsona ingururendako lekua dago. Arrasaten 150 ohe inguru daude, 51 Bergaran. Leintz Gatzaga da zerrendan hurrena 39 oherekin, 36 daude Elgetan, 39 Eskoriatzan, 29 Aretxabaletan 28 Aramaion eta 12 Antzuolan.

Ostatu horietan galdetuta, azaldu dute konfinamenduan pasatako hilabeteetan bertan behera geratu diren erreserbez gain, udara begira oraindik dituzten erreserba asko galduko dituzten susmoa dutela. Hala ere, orokorrean, "itxaropentsu" agertu dira eta bat etorri dira esaten aurten-go udako denboraldia aurrera atera ahal izateko gakoa gertuko turistak izango direla; Euskal Herriko turistak, baita Espainiatik etorritakoak. Zenbaitek azaldu dute Europako herrialde ezberdinetatik zituztela erreserbak, baina mugek itxita jarraitu bitartean arriskuan jarraitzen dute erreserba horiek.

Hasieratik lanean

Bigarren fasearekin batera ireki zituen ateak berriz ere Arantzazuko Bordak. Bi apartamentutan banatuta, zortzi lagunendako lekua eskaintzen dute, eta zabaldu zutenetik astebururo izan dute jendea, Gipuzkoatik etorritakoak denak. Bordako arduradun Julen Arabaolazak aitortu duenez, zalantza asko argitu gabe dauden arren badirudi egoerak "hobera" egingo duela udan: "Osasun egoera hobetzen joan den heinean jendea animatzen hasi da, eta poliki-poliki badabiltza erreserbak izaten".

Datorren hilabeteei begira bertan behera geratu diren erreserbei dagokienez, gehienak Espainiatik kanpokoak izan direla adierazi du Arabaolazak: "Europako herrialdeetako jendearen erreserba asko izaten ditugu eta horiek bere gehiengoan ezeztatu egin dira; azken finean, ez dakite etorri ahalko diren. Frantsesen batzuk badituzte erreserbak eginda udarako oraindik ere bere horretan jarraitzen dutenak, ea zer gertatzen den".

Arabaolazak adierazi du ekaineko asteburu guztietarako erreserbak dituela dagoeneko: "Etxean hainbeste denbora egon ostean igartzen da herritarrek mugitzeko gogoa dutela".

Langileen erreserbak

Arrasateko Santa Ana hotelean apur bat lehenago berrireki zi-tuzten ateak, maiatzaren 14an, bi hilabetez hotela itxita izan ostean. Bertako arduradun Iñaki Pildainek adierazi duenez, egoera "zail" ikusten du, baina "denboraldia salbatzekotan, bertako eta Espainiatik etorritako turismoak salbatuko du".

Bailarako enpresa handietara eta kooperatibetara etortzen diren langileekin erreserba asko izaten dituztela azaldu du, eta jardun ekonomikoa lehengora itzuli arte ez du aurreikusten ohiko martxara bueltatuko direnik: "Krisi honek eztanda egin aurretik obrako langileak genituen gurean, Leongoak, hemen lanean ari zirela eta. Konfinamenduan, etxera itzuli ziren, baina orain lanari berrekin diotela-eta berriz ere ditugu gurean".

Turismoari dagokionez, Martxotik hasi eta urrira arte zituz-ten erreserba gehienak bertan behera geratu direla aitortu du Pildainek, nahiz eta oraindik baten batzuk mantendu: "Europako herrialdeetatik bidaia abiatu eta Maroko edo Portugal helmuga duten askok gurean egiten dute geldialditxoa. Aurten mugak ere ez dakigu nola egongo diren, ezta hori posible izango den ere".

Abuztua, beteta Urkulun

Logroñoko talde bat hartu behar zuten Urkulu landetxean COVID-19ak eragindako krisiak eztanda egin zuen martxoko asteburu hartan. Alarma egoera ezarri eta dena bertan behera geratu ostean, maiatzaren 11tik aurrera alojamendua eskaintzen ari dira.

Hasierako asteetan langileak eta Gipuzkoako bikoteren bat izan dituzte, baina udara begira aurreikuspena ona dela azaldu du Monica Lizarzaburu landetxeko arduradunak: "Egoerak horrela jarraitzen badu, ondo gabiltza, jendea animatzen dabil etxetik irtetera. Denok dugu familia eta lagunekin egoteko gogoa, eta gure etxea toki aproposa da horretarako, paraje lasaian kokatua".

Udara begira erreserba "politak" dituztela azaldu du: "Abuztua beteta dugu dagoeneko, astean zehar eta asteburuetan. Uztailean lekuren bat geratzen da oraindik, baina ez asko".

Bertakoa eta egonaldi luzea

Ateak berrireki zituenetik "langileren bat edo beste" izan dutela azaldu du Antzuolako Ibarre Landetxeko Pilar Belastegik, baina orokorrean azken asteetarako ez dute erreserbarik izan. Santa Ana hotelean bezala, Antzuola ingurura lanagatik joaten diren asko hartzen dituztela azaldu du Belastegik, eta, lantegietako erritmoa geratuta, euren martxa jaitsi egin dela aitortu du.

Konfinamenduan igarotako hilabeteak beteta zituztela azaldu du: "Aste Santura begira beteta genuen landetxea. Orain, poliki-poliki erreserbak iristen ari dira eta udarako aurreikus-pen nahiko ona dugu. Bertako turista eta nahiko egonaldi luzerako erreserbarekin da profila". Urtero atzerriko familiak hartzen dituztela zehaztu du; aurten, baina, ezingo zirela etorri adierazteko dagoeneko deitu diotela azaldu du Belastegik.

Egoera gorabeheratsua

Aurtengo denboraldira begira hain positiboak ez direnak ere badira bailarako ostatuetan. Gorosarri landetxeko Alex Perezek dioenez, aurtengo udako denboraldia "zaila" izango da: "Ezin da aurreko urteetakoekin alderatu ere egin. Gure bezeroen %60 Europatik etorri ohi da, aurretik egin dituzten erreserba batzuek aktibo jarraitzen dute, baina ez dakigu zer gertatuko den".

Elgetako Eguzkitza landetxeko Mari Carmen Osa ere iritzi berekoa da. Konfinamendu garaian ere zabalik izan du landetxea: "Funtsezko zerbitzuetako langileak izan ditugu gurean; gehienbat, osasun arlokoak. Orain ere hainbat langile ditugu, baina turista gutxi". Udara begira erreserbak mugitzen asteko itxaropena du, baina segurtasun neurriek kalte egingo diotela adierazi du: "Gela batzuek partekatutako komuna dute, eta, ondorioz, bi gela horietako bat ezin da erabili, komuna ez parte-katzeko".

Leintz Zuhaitz Etxeak alojamenduan ere zenbait neurrik "bereziki" kaltetu dituztela azaldu du Randa Farhat bertako arduradunak: "Gure bezeroetako asko Araba, Errioxa eta Nafarroakoak izan ohi dira. Probintziatik ezin irteteak asko eragin digu. Hala ere, badirudi zertxobait hasi dela mugitzen".

Gune lasaien bila

Bailarara gerturatzen diren turista horiek guztiek aisialdi eskaintza zabala dute joan den asteburutik; hain zuzen, Debagoieneko turismo-gune nagusiak apurka-apurka ohiko erritmoa berreskuratzen hasi baitira. Klasikoetako bat izan ohi den Oñatin, joan den asteburutik martxan daude Arrikrutzera bisitak eta Arantzazuko Parketxeko ekintzak. Turismo Bulegoa ere zabalik dago ohiko ordutegian. Lehen asteburuko balorazioaz galdetuta harrera "oso ona" izan duela adierazi dute Turismo Sailetik: "Jendea gogotsu dagoela igarri dugu, bisita ugari egon dira, asko Donostia aldetik. Gune lasaien bila zetozela aitortzen ziguten; askok ez zuten Oñati ezagutzen".

Bisitak berreskuratzen

Bergaran ere aurreko asteburuan berreskuratu zuen Laboratorium museoak bere ohiko ordutegia. Ekainean eguaztenetik domekara eskaintzen dituzte bisitak eta uztailetik aurrera egunero egingo dituz-te. Bertako teknikari Mentxu Zoritak azaldu duenez, bisitariak hasi dira etortzen, nahiz eta "gutxi batzuk" izan: "Gaur, esaterako [eguena], familia bakarra izan dugu Laboratorium bisitatzen. Oraindik martxan dagoen taula periodikoaren erakusketa ikusi dute".

Bisitak egiteko neurriak moldatu dituztela ere zehaztu du, eta udara begira derrigorrezkoa izango da aurretik txanda hartzea, bai bisita gidatuak egiteko, baita museoa bisitatzeko. Dolmenen ibilbidean ere bisita gidatuak martxan daudela adierazi du, lehena domekan. Parte hartzeko izena eman behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak