Pantailaz haragoko zuzeneko kultura ekitaldien gosea dute zaleek, eta sektoreko profesionalek "lehenbailehen lanean hasteko gogotsu" daudela adierazi dute, kulturgintzak bizi duen egoerarekin "oso kezkatuta"; izan ere, uda izaten da gehienendako urteko sasoirik lanpetuena eta emankorrena.
Programatzaileen artean jarrera eta erritmo ezberdinak nabari dira, eta hala da Debagoienean ere. Oñatiko eta Aretxabaletako udalek abiatu dute dagoeneko udako kultura eskaintza; gainontzekoetan, egitaraurik ez dute oraindik mahai gainean; programazioa noiz eta zelan abiatzeko protokoloak lantzen ari dira.
Oñatin, 'Esku.ltu.ra'
Herriko gune ezberdinetan –aretoetan eta kanpoan– hamabost ekitaldi egingo dituzte, guztira; aurreko egubakoitzean lehenengoa, eta abuztuaren 30ean azkena. Sarrera dohainik da, baina, edukiera mugatua denez, aurretik txartela hartu behar da. Bi modu daude horretarako: Txokolateixan eta Oñati.eus atarian.
Santa Ana aretoan estreinatu zuten, Barry Manleyren bakarrizketarekin. "40 lagun egon ginen, guztiak maskararekin; areto kanpoan gela zegoen eta eserlekuen artean beharrezko tartea", azaldu du Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek. Neurri berekin egin zuten eguaztenean kultura etxeko zinema aretoan Tuppersex eta ipuin erotikoak lantegia. "Poz-pozik izan ginen denak; Virginia Imaz kontalariak publiko-gosea zuela adierazi zigun", azaldu du Oñatiko bibliotekari Arantzazu Ibarrondok.
Asteburuan bi ekitaldi ziren egitekoak, baina eguraldi txarrak baldintzatuta, gaur, egubakoitza, Foruen plazako pilotalekuan, 22:30ean, eskaintzekoak ziren aire libreko zinemarik ez da izango. Domekan, Lazarragako lorategian musika bandaren eta txistularien kontzertua izango da; sarrerak agortuta daude.
Aretxabaletan, kale-antzerkia
Ekaina kale-antzerki hilabetea izaten da Aretxabaletan, eta 7x7 Kultura kalean programa abiatu zuten herenegun; hilaren 25era bitartean, zazpi ikuskizun egingo dituzte herriko gune ezberdinetan.
"Etengabe aldatzen"
Hala ari direla dio Arrasateko Kultura teknikari Jon Garaik, jasotzen duten informazioaren arabera modu batera edo bestera Udazabalen egitaraua lotu guran. "Kalerako ekitaldiak egin nahi ditugu; edukiera mugatua izango dute, eta toki ezberdinetan egitea da asmoa, baina espazio guztiak ez dira aproposak".
Bergaran ez dute zehaztu izango duten egitaraua, baina, adierazi dutenez, Udala badabil udako eskaintza prestatzen. "Prestatzen ari garen plan integralaren barruan, kultura berriz kalean gozatu ahal izateko baliabideak jarriko dira. Aurreikusita dago uztailean eta abuztuan hainbat kale ikuskizun, kontzertu eta aire libreko zine emanaldi izatea".
Errekan Gora musika jaialdia egiten dute Eskoriatzan uztailean, Atxorrotx kultur elkarteak antolatzen du Udalaren laguntzarekin. "Formula berriak bilatzen ari direla" azaldu dute.
KUPLA plataforma
Askotariko profesionalak –teknikariak, artistak, enpresak...– batzen dituen KUPLA plataforma sortu berriak erakunde publikoei elkarlanerako dei egin die. "Gure eskarmentua eskaini nahi diegu, denon artean egoera honetatik ateratzeko; kultura salbatzeko eta arloko profesionalak, eta horiek guztiek sortzen duten ekonomia-egitura babesteko. Irekitzeko baimena ematen digute, baina jarduera berreskuratzeko aukerarik ez".
Horiek guztiak aldarrikatzeko, bihar egingo duten Kulturaren hileta ekitaldian parte hartzeko proposatu dute; 12:00etan izango da, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik gertu.
Ubane Uzin (Gazpelupeko Hotsak): "Sektore osoa geratzea ez da bidezkoa"
Soraluzeko promotoreak kulturgintzan eskarmentua du; Bergarako Berumuga musika zikloa antolatu izan dute urte askotan.
Hasi zarete lanean?
Hasi dira gauzak mugitzen, baina ez guk gura beste; programatzaileen artean batzuk ausartagoak dira eta hasi dira kontratuak lotzen; gehienak, baina, geldik daude, zain. Hori da dudan pertzepzioa.
Zer esan zain daudenei?
Antolaketa eta kudeaketa arloetan aldaketak eginda kulturgintza aktibatzea beharrezkoa dela; eta manten dezatela kultura arloan duten aurrekontua.
Proposamenik baduzu?
Ordutegia, edukiera eta moldaketak egin beharko dira beste arlo batzuetan egin diren eran, baina hori ezin da sektore osoa geldi egoteko arrazoia izan.