Ogasun Sailak eman dituen datuen arabera, 2020an %7,0ko beherakada izango du langabezia-tasak; hau da, lanaldi osoko 69.000 bat lanpostu inguru galduko dira, besteak beste. Datorren urterako, ordea, egoerak hobera egingo duela ere azaldu dute: "%13,7ra helduko da langabezia 2020an, eta oso zuzenketa esanguratsua lortuko du 2021ean, %12,2ra helduz, hain zuzen ere".
Bestetik, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak eta Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordeak azaldu dutenez, barne-eskaria izango da Koronabirusaren eragin handiena jasango duena; haien hitzetan, funtsezkoak ez diren jarduerak "geldiarazi" egingo direlako eta "mugimenduari mugak" jarriko zaizkiolako: "Zehazki, kalkulatzen denez, barne-eskaria %7,8 jaitsiko da urte osoan. Hurrengo hiruhilekoetan jarduera berreskuratzen joango den arren, ez da espero 2021. urtea ondo aurreratuta egon arte aldakuntza-tasak positiboak izango direnik".
Hego Euskal Herrian, Espainiar Estatuan eta euskal enpresekin harremanak dituzten gainerako herrialdeetan, eten egin dira merkataritza arloko harremanak, eta sailburuek azaldu dutenez, horrek eragina du esportazioetan eta inportazioetan: "Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren kalkuluaren arabera, kanpoko saldoa negatiboa izango da aurten, eta puntu bat baino zerbait gutxiago kenduko dio BPGaren igoerari. 2021ean, azken urteetako egoera ia neutrora itzuliko da".
Eraginak sektore guztietan
Sailburuak sektore guztiek –eta oro har jarduera nagusi guztiek– "oso murrizketa esanguratsuak" izango dituztela esan du. Dena den, salbuespen bat ere badago: lehenen sektorea. Bestetik, zerbitzuen sektorea izango da gehien kaltetutakoa: "Aurreikusten denez, sektoreak balio erantsiaren %9,0 galduko du aurten, eta ia %7,0 berreskuratuko du hurrengo urtean. Industriak, bestalde, %7,8 murriztuko du balio erantsia 2020an, eta hurrengo urtean %6,4 berreskuratuko du". Eraikuntzan ere eragina izango du pandemiak eta jardueraren %5,4 galduko duela aurreikusi dute, baina sailburuen arabera, datorren urtean "parte handiena" berreskuratuko du.
Jaurlaritzaren aurrekontuetan, doikuntzak
Jaurlaritzak Foru Aldundiekin eta Eudelekin lanean ari dela azaldu du, pandemiaren eraginak “modu koordinatuan” kudeatzeko. Duten hipotesiaren arabera, diru-bilketen jaitsiera %18 ingurukoa izango da baina aurreikuspen positiboak ere badaudela azpimarratu nahi izan dute. Apirilean, Jaurlaritzak 2020rako onetsitako zor publiko guztia jaulki duela azaldu dute –ia 9.000.000 euro–: “Horrez gain, 900M/€-ko kreditu-lerroak ere gaitu ditugu, eta gerakinen 300M/€ baino gehiago erabili ditugu”
Bestetik, pandemiak osasun arloan eragindako gastua EAEko FEDER Programa Operatiboaren barruan sartzeko aukera dagoela-eta, horrek egiturazko funtsetatik eratorritako 90 milioi euroko diru-sarrera ekarriko duela adierazi dute: “Aurreko guztiak kontu publikoetan oreka lortuko dela bermatzen badu ere, diru-sarreren jaitsiera hori beste hainbat diru-sarrera lerroren bitartez arindu beharko da, Estatuak autonomia erkidegoei transferituko dien 16.000M €-ko aparteko funts ez-itzulgarriaren bitartez eta euskal zor publikoa nabarmen handituz, besteak beste”
Uztailean Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoan egingo dute eta bertan adostuko dituzte gainerako funtsen doikuntzak.