Herriaren arabera, musika entsegu lokalen kudeaketa-formula ezberdinak daude; izan ere, lokalen jabetza udalarena bada ere, formazio eta profil ezberdinetako musikariak batzen dituzten elkarteek dute lokalen funtzionamendua eta antolaketa arloko gaiak kudeatzeko eskumena hainbat herritan.
Musikariak, orokorrean, "deseatzen" daude entsegu lokaletan lehenbailehen sartzeko eta taldeen ohiko martxari heltzeko; kontzertuak lotuta dituzte batzuek, eta lan berriak prestatzen ari dira beste hainbat; horregatik, bada, bete beharreko neurrien protokoloa edo arautegia prestatu eta udal ordezkariei aurkeztu dizkiete. Ateak zabaltzeko Udalaren baimenaren zain daude gehienak; oraingoz, Bergarako GoikoRock elkartekoek bakarrik dute aukera.
Bergaran, ostegunean hasita
2009an sortu zuten GoikoRock elkartea, eta musika estilo eta formazio ezberdinetako musi- kariek osatzen dute, taldeka edo bakarka; 80 bazkide dira.
Eguenean hasita, lokalak erabiltzeko aukera dutela azaldu du GoikoRock elkarteko ordezkari Eugenio Pelicanok: "Hainbat neurri betetzeko baldintza jarrita eta erantzukizuna gurea dela argudiatuta eman digute sartzeko baimena. Konfinameduan zehar, bazkideok adostutako arauak eta neurriak batzen dituen protokolo-dokumentu bat prestatu dugu, eta Udalari aurkeztu diogu. Han jasota daude, besteak beste, lokal bakoitzean bost lagun baino gehiago ezin direla egon aldi berean; kideon artean bi metroko distantzia mantentzea; bakoitzak bere tresnak bakarrik erabili behar dituela, eta, hala ez bada, garbitu
egin behar dira aurrez; eta eraikinean maskara erabili beharra. Udalak onarpena eman zigunean, bazkide guztien artean banatu genuen dokumentua, eta guztiok adierazi dugu jasotakoa betetzeko asmoa".
Arrasaten, DeposGaz elkartea
Udaleko Gazteria Sailak du musika entsegu lokalen ardura Arrasaten, eta DeposGaz elkartearekin batera kudeatzen ditu. "Erabiltzeko aukerarik ez dago oraindik. Protokolo bat ari gara lantzen, baina ezin dugu, momentuz, zehaztu noizko izango den indarrean, ezta zabaltzeko aurreikusitako datarik ere", azaldu dute Gazteria Sailetik.
Uarkapeko erabilera askotariko eraikinean daude elkarteko entsegu lokal batzuk, eta garai bateko ur depositu zaharrean besteak; gaur egun, 110 lagunek osatzen dute DeposGaz elkartea. Eurek ere segurtasun neurrien protokoloa prestatu dutela azaldu du Zuhaitz de Inda elkarteko kideak, eta Udalaren onarpenik ez dutela oraindik jaso gaineratu: "Itxialdian ibili gara elkarteko ordezkari batzuk arautegi hori lantzen, Udalari bigarren fasean lokalak zabaltzeko eskatzeko; izan ere, elkarteko hainbatek, afizioaz gainera, ofizioa ere badugu musikagintza, eta hainbat taldek kontzertuak hitzartuta dituzte; era berean, ezaugarri ezberdineko formazioak daude elkartean batuta. Hau da, batetik, taldeak daude, baina bakarka jarduten duten musikariak eta DJak ere bai, eta horiek errazago dute eskatutako baldintzak betetzeko. Protokolo-dokumentuan, baimendutako jende kopurua, maskara erabili beharra, distantziak mantentzea... daude jasota. Komunetan eta lokal bakoitzaren ate ondoan beharrezko gelak eta xaboi poteak jarri ditugu. Horrez gain, guk ordainduta, enpresa garbitzaile bati eskatu diogu birritan etortzeko, eta, ateak zabaldu aurretik, hirugarrenez etortzeko eskatuko diegu".
Eltzia elkartearen barruan
25 talde daude Oñatiko Eltzia kultur eraikinean batuta, eta horietako bat da musikariek osatzen duten Zai Zoi Bele kolektiboa. "Denetariko kultura eta bestelako arloetako taldeak gaude: bertsolariak, argazkilariak, tailaginak, jostunak, Txantxiki familien elkartea, trikitilariak, musikariak... Asanblada bitartez funtzionatzen dugu, eta hiru lantalde ditugu: komunikazioa, mantentzea eta koordinadora; azken horrek erabakitzeko ahalmena dauka, eta hark hartu zuen eraikina ixteko erabakia. Irekiera noiz eta zelan egingo dugun erabakitzeko, ekainaren 10ean bilera egingo dugu, taldeko ordezkari guztiak deituta, eta han erabakitzen dena udal ordezkariei aurkez- tuko diegu. Behar den protokoloa landuko dugu bi aldeen artean. Itxi genuenetik ez dugu aukerarik izan tresnak hartzera sartzeko, eta bazkideen eskaerak aintzat hartuta martitzenean izan genuen horretarako baimena", azaldu du Eltzia koordinadorako kide Ione Zubizarretak.
Gainontzekoetan ere, itxita
Kuartelean dute egoitza Aretxabaletako musikari askok, eta Udalari "zabaltzeko matraka ematen" ari direla diote, baina ez dutela oraindik erantzunik jaso. Eskoriatzan, kiroldegiaren azpiko Udalaren lokaletan daude bost talde, eta "datorren astean sartzeko esperantza" dute.
Aramaioko sei musika taldeak ere "borrokan ari direla" diote, baina, oraingoz, Udalarenak diren lokalak erabiltzeko aukerarik ez dute. Elgetan eta Antzuolan badaude musikariak, baina entsegu lokal publikorik ez.