2.948 PCR proba egin ziren atzo, eta 5 positibo berri daude Euskal Autonomia Erkidegoan: bi Bizkaian eta hiru Araban. Halere, horietako bat bera ere ez da Aramaion hautemandakoa, beraz, bailaran ez dago PCR bidez atzemandako kasu berririk. Bestetik, 1.106 test azkar egin ziren, eta 65k emaitza positiboa eman zuten. Proba horien kasuan, Osasun Sailak ez du jakinarazten non hautematen diren, eta hortaz, ezin da jakin Debagoienean gisa horretako positiborik egon ote den.
Horrez gain, aipatzekoa da Aretxabaletako GSR Debagoiena dela Gipuzkoa osoan Koronabirus kasuak dituen egoitza bakarra. Zehatzago esanda, kasu positibo bakarra dago bertan, eta beste lau egoiliarrek emaitza indeterminatua dut; hau da, lau antigenotik batek oraindik gene positibo batzuk ditu.
Erregistratutako heriotzei dagokienez, 2 pertsona zendu ziren atzo EAEn, eta 96 lagunek jaso dute alta. Hartara, 1.639 dira une honetan gaixorik jarraitzen dutenak.
Nafarroan 10 positibo
Osasun Ministerioak emandako datuaen arabera 10 positibo atzeman zituzten atzo Nafarroan. Bestetik, ez da heriotza berririk erregistratu.
Espainiako bigarren seroprebalentzia azterketaren datuak
Espainiako Gobernuak eta Karlos III.a Institutuak atzo jakinarazi zituzten bigarren seroprebalentzia azterketak emandako datuak. Adierazi dutenez, azterketa Koronabirusak izan duen intzidentziaren "estimazio bat" da.
Emaitzek erakutsi dutenez, Hego Euskal Herriaren kasuan, herritarren %4,3 soilik kutsatu da pandemia hasi zenetik; orotara, 124.000 lagun. Ehunekoa ez da horrenbeste aldatu maiatzean egin zen lehenengo azterketatik hona, baina lurraldeen baitan egon dira aldaketak: Araban ia puntu bat jaitsi da, eta Nafarroan ia puntu bat igo. Bizkaian eta Gipuzkoan ere igo egin da, baina ez modu esanguratsuan.
Herritarrei test azkarrak egin dizkiete, horrela, antigorputzak eta garatutako immunitatea atzemateko. Guztira, Hego Euskal Herrian 4.750 pertsonari egin dizkiete testak, baina ekaina amaierara arte, ez dute datuen berri emango. Halere, zerbait aurreratu dute: hiru kutsatutatik batek ez duela sintomarik izan.
Aipatzekoa da bestalde, Espainiako Osasun Ministerioaren seroprebalentzia azterketaz gain, Jaurlaritza eta Osasun Saila ere ikerketa bat egiten ari direla.
Autonomia erkidegoen kritikak Madrili
Atzo kritika gogorrak jaso zituen Espainiako Gobernuak erkidegoen aldetik. Espainiako Gobernuaren txostenetan, Autonomia erkidegoek erregistratutakoa baino heriotza "kopuru txikiagoa" argitaratzen dutela salatu zuten hainbat lurraldetako agintariek.
Horrekin lotuta, Munduko Osasun Erakundeak ere Espainiar estatuan Gobernuak argitaratutakoak baino 2.730 heriotza gehiago zenbatu zituen webgunean; baina ordu gutxiren buruan, kopurua aldatu zuen –datuak helarazterako orduan arazoak egon zirela argudiatuta–. Halere, Espainiako Gobernuak erregistratutakoak baino 812 kasu gehiago dituzte zenbatuta une hauetan.