Jatetxe handiak "kalte nabarmenak" jasanda ari dira lanera itzultzen

Maialen Santos 2020ko eka. 5a, 12:15

Koldo Lasa, Bergarako Lasa jatetxeko sukaldaria, jatetxeko jangela nagusian, atzo, irekiera egunean.

Bailarako jatetxeak ari dira ateak zabaltzen, gutxinaka. Gordetako elikagaietako asko aprobetxatu ezin izanak eta gastu finkoei aurre egin beharrak galera ekonomikoak eragin dizkie ostalariei. Ospakizun gehienak bertan behera geratu dira, gainera.

Bailarako jatetxe handiek ateak itxita izan dituzte martxoaz geroztik, eta euren jarduna eten behar izanak "kalte ekonomiko handiak" eragin dizkie guztiei. Konfinamendua arintzeko planaren baitan, zabaltzen ari dira berriro, pixkanaka; batzuek azken egunetan ireki dituzte ateak eta beste batzuk datozen asteetan irekitzeko ari dira prestatzen.

Erreserbak hartzen hasita

Arrasateko Arteaga jatetxean martitzenean hasi ziren martxan, "etenaldi luze baten ostean". Bertako arduradun Maider Larrañagak azaldu du lehen egunetan jatetxea "topera" izan dutela, eta datozen egunetarako ere "erreserba ugari" egin dituztela bezeroek. Hala ere, uste du "irekieraren nobedadeak" erakarri duela jendea, eta dio egunak pasa ahala bisita kopurua "egonkortuz" joango dela, ziur aski. Bergarako Lasa jatetxeak, bestalde, atzo zabaldu zituen ateak, eta lehen egunetarako erreserba batzuk izan dituela aitortu du bertako arduradun Koldo Lasak: "Batez ere, ostiral eta zapatuan etorriko zaizkit bezeroak". Zabaldu aurretik, baina, jatetxea atontzen aritu da bi egunez: "Hainbeste denbora itxita izan ostean, garbiketa lan ugari egin behar izan ditut". Eta Lasako sukaldeburuak "argi" du: koronabirusa indarrez itzuliko balitz, berriro itxiko luke jatetxea.

Maider Larrañaga, Arteaga jatetxea: "Irekitzeaz bat, erreserbak izan ditugu; jatetxea bete egin dugu"

Oraindik itxita dauden arren, zabaltzeko prestatzen ari diren bailarako jatetxeetako bi dira Oñatiko Zelai Zabal eta Leintz Gatzagako Gure Ametsa. Lehenak ekaineko azken asteetan irekitzea aurreikusten du, eta bertako arduradunak, Alberto Elorzak, adierazi du dagoeneko gauzak prestatzen hasita daudela. Edozelan ere, dio zabaltzen dutenean ikusiko dutela zein "martxa" dagoen. Gure Ametsaren kasuan, "laster" dira zabaltzekoak. Josune Ibabe arduradunak GOIENAri azaldu dio "traba" handi bat dutela; izan ere, Arabarekin mugan dago jatetxea, eta, probintzia arteko mugimenduak debekatuta daudenez, ezin dute bezero arabarrik hartu: "Zabalduko bagenu, zati handi batek ezingo luke etorri". Gauzak horrela, ziur aski, konfinamendu-arintzearen hirugarren fasera arte itxarongo dute jatetxeko ateak irekitzeko.

Segurtasun neurri "guztiak"

Jatetxeetatik azaldu dute segurtasun neurriak errespetatu ahal izateko "espazio arazorik" ez dutela, laurak baitira jatetxe handiak, "leku askokoak". Arteagatik adierazi dute bezeroak "izugarri ondo" ari direla betetzen segurtasun neurriak: "Maskararekin etortzen dira, eta distantziak mantentzen ere saiatzen dira". Gaineratu duenez, sarrera eta irteera banatu egin dituzte, "jendeak topo egin ez dezan".

Alberto Elorza, Zelai Zabal jatetxea: "Desinfekzio lanak egiteko pertsona bat jartzea ari gara aztertzen"

Zelai Zabal ere ari dira prestatzen; mahai batzuk kendu egin dituzte, eta elkarren artean distantzia handiagoa utzi. Elorzak azaldu du, gainera, langile bat desinfekzio lanak egitera soilik bideratzea ari direla aztertzen, "komunak eta barandak garbi mantentze aldera".


Arrasateko Arteaga jatetxea, eguen eguerdian, jendez beteta dagoela. (Argazkia: Maider Larrañaga)

Ospakizunak, bertan behera

Arrasateko Arteagan azaldu dute jatetxean egitekoak ziren jaunartzeak "bertan behera" geratu direla. Hori bakarrik ez; ezkontzak egiteko ere "arazoak" izaten ari dira, eta bertan behera geratu ez direnak "atzeratu" egin dituzte. Arteagan egingo duten lehen ezkontza uztailean izango da, eta "era berezian" egingo dutela kontatu du Maider Larrañagak: "Ehun gonbidatu inguru dira etortzekoak, baina ezin ditugu guztiak batera hartu". Horrenbestez, ezkontzaren ospakizuna bi egunetan egitea erabaki dute ezkongaiek: "Batean, familiarekin, eta bestean, lagunekin". Koldo Lasak azaldu duenez, bihar, zapatua, ospatuko dute lehen ezkontza Lasa jatetxean: "Urrezko ezteiak ospatuko dituzte. Baina ez da ospakizun handia izango; hogei bat lagun elkartuko dira". Zelai Zabalen ere apiriletik hasita ezkontzak ospatzekoak ziren, baina asko "datorren urtera" atzeratu dituzte. "Kintada bat eta bazkari familiar ugari ere egitekoak ginen", zehaztu du Alberto Elorzak. Hala, uztailaren 25ean izango dute lehen ezkontza, "dena ondo bidean". Gure Ametsako egoera ere antzekoa da, eta kalkulatu dute hamar ezkontzetako otorduak atzeratu egin direla. "Halere, iraileko eta urriko ezkontzak mantendu egiten dira, momentuz".

Koldo Lasa, Lasa jatetxea: "Ezkontzak bertan behera geratzeak kalte handiak eragin dizkigu"

Itxiera, "kolpe latza"

Jatetxeak itxi behar izateak "kalte handiak" eragin ditu ostalariengan. Gure Ametsako arduradunak dio urteko sasoi hau "oso indartsua" izaten dela ostalarientzat, eta, beraz, hozkailu eta izozkailuak "goraino beteta" izaten dituztela. Gauzak horrela, "ezustean" harrapatu zuen itxieraren aginduak, eta jatetxean zituzten elikagai fresko guztiak langileen artean banatu zituzten, "gal ez zitezen". Izozkailuko zenbait elikagai mantendu ahal izan dituzte, baina beste batzuk "galdu" egin direla aitortu du Koldo Lasak. Elikagaiez haratago, izandako gastua "handia" izan dela dio: "Esaterako, argindarra ordaintzen jarraitu behar izan dugu, diru-sarrera minimorik izan gabe ere". Gaineratu du ezkontzek "salbatu" egiten dutela euren lana, baina, horien faltan, galera ekonomikoak "izugarri handiak" izan direla. Jatetxe gehienetan, etxekoez gain, langile finkoak dituzte egunerokoan, eta gehienak ERTEan egon dira denbora honetan guztian –eta gehienek hala jarraitzen dute–.

Josune Ibabe, Gure Ametsa jatetxea: "Arabarekin mugan gaude, eta bertako bezeroak ezin dira gurera etorri" 

Horretaz gain, ospakizunetarako langile gehiago kontratatzen dituzte ostalariek –errefortzu modura–, eta azaldu dute aurten "nekez" izango dutela pertsona gehiago behinbehinekoz kontratatzeko aukera. Hala, ostalaritzan diharduten langileek ere kalteak izango dituztela uste dute arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak