Googlen eta Applen asmoek ziurgabetasuna eragin dute jendartean

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 3a, 16:50

Osasun-sistemak Covid-19ari lotutako miaketa-aplikazioa garatu ahal izateko oinarri teknologikoa sortu nahi dute Googlek eta Applek. Baina gaiak pribatutasunaren inguruko eztabaida piztu du erabiltzaileen artean.

Telefono mugikorren doikuntza edo ajusteen atalean aukera berria agertu zaie Andoid gailuak dituzten erabiltzaileei. Bertan, "Google" aukera agertzen da eta baita "COVID-19ari esposizioak jakinaraztea" aukera ere. Horrek herritarrengan ziurgabetasuna eragin du, eta Applek eta Googlek azalpenak eman behar izan dituzte egoera argitzeko.

Gailuetan aukera hori jarriko zutela aldez aurretik ez abisatzeak mesfidantza eragin du herritarrengan, eta hainbatek aplikazioa "kontrolerako eta espiatzeko" baliabide gisa txertatu dutela salatu du. Horren aurrean, Googlek eta Applek aukera berria kaltegarria ez dela azaldu dute eta ez dagoela aktibatuta, oraingoz ez baitago APIa abiatzeko aplikaziorik: "Aukera hori sakatuz gero kontrolatu ditzakegun aukerak ("ezabatu id aleatorioak" eta "desaktibatu esposizio-jakinarazpenak") desaktibatuta daudela ikusiko dugu, oraindik ez baitago Google eta Applek API honekin inplementatutako aplikaziorik".

Azaldu dutenez, funtsean, aplikazioa oinarri teknologikoa izango da osasun-sistemak miaketa-aplikazio bat garatu ahal izateko. Googlek azaldu duenez, helburua anonimotasuna bermatzen duen sistema asmatzea da, baina eztabaida sortu du gaiak.

Aplikazioarekin aurrera egiteko agintarien oniritzia jaso beharko dute konpainiek.

Zertan datza aplikazioa?

Erabiltzaile batek Covid-19a duela jakiten badu, aplikazioaren bidez gertu izan dituenei eman diezaieke horren berri. Kutsatuta dagoenak bere borondatez jakinaraziko du hori, eta mugikorrak abisua emango die identifikazio-kodeak gorde dituzten beste telefono guztiei; hau da, aurreko egunetan bi metro baino gutxiagora egon direnei.

Gertu izan dituen pertsona horiek identifikatzeko konpainiek ez dute GPS bidezko daturik erabiliko; Bluetooth bidez funtzionatuko du. Mugikorrek etengabe bidaliko dituzte identifikazio-kodeak, eta bi metro baino gutxiagora dauden beste telefono batzuek jasoko dituzte. Hala, kodeak minutuero aldatuko dira. Dena den, esan bezala, Gobernuek erabakiko dute proposamena indarrean jarri edo ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak