Astelehenean 3. fasera igarotzea eskatu dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 2a, 17:06

Eusko Jaurlaritzak proposamena bidali dio Espainiako Gobernuari 3. faserako neurriak adosteko. Tapia sailburuak azaldu duenez, "EAEko errealitatetik hurbilago dagoen ezagutza" baliatu nahi izan dute, eta besteak beste, lurralde historikoen arteko mugigarritasuna baimentzea eskatu dute.

Eusko Jaurlaritzak astelehenetik asurrera konfinamenduaren arintzeko 3. fasera igarotzeko eskaera egin zion atzo Espainiar Gobernuko Osasun Ministerioari. Jaurlaritzaren ustez, Euskal Autonomia Erkidegoak "baldintza guztiak" betetzen ditu bai asistentziaren aldetik eta baita epidemiologiaren aldetik ere.

Egoera epidemiologikoari eta asistentzialari dagokionez, Nekane Murga osasun sailburuak pandemiaren bilakaera "bide onetik" doala azaldu du, eta kasu berriek beherantz egiten duten heinean, Zaintza eta Kontrol Planari esker kasu horien kudeaketa ahalbidetzen dela: "Hautemandako kasu berriei dagokienez, beherakada etengabea izan da: maiatzaren hasieratik hilaren amaierara arte %80 baino gehiago jaitsi dira".

Bestetik, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak "proposamen zehatza" egin dio Espainiako Gobernuari "EAEko errealitatetik hurbilago dagoen ezagutza" baliatuz: "Alde biko lanean ari gara 2. fasetik 3. faserako bilakaeran. Estatuak lurralde guztietarako ezarriko dituen behin betiko baldintzak oraindik ezagutzen ez diren arren, sail bakoitzak egindako plangintza xehatuaren arabera, proposamen bat helarazi diogu Espainiako Gobernuari".

Jaurlaritzak egindako proposamenak

Alde batetik, lurralde historikoen arteko mugigarritasun mugagabea baimentzea eskatu du Jaurlaritzak, eta baita mugakide diren lurraldeen eta probintzien arteko mugikortasuna baimentzea ere, baldin eta lurraldeak fase berean dauden.

Bestetik, garraio publikoan %100eko maiztasunak eta edukierak baimentzea nahi du Jaurlaritzak, nahitaezko maskararen erabilerarekin eta geltoki itxietan ausazko tenperatura kontrolekin.

Saltoki, denda eta merkataritza-guneetako edukiera ere handitzea proposatu du, % 60ra igoz eta tabernak, jatetxeak eta elkarte gastronomikoak edukiera-mugarik gabe erabiltzea ere bai –mahaien artean 2 metroko distantziarekin errespetatuz–. Horrekin lotuta, barrako zerbitzua baimentzea ere aurreikusi dute, kasu horretan ere, bezeroen edo bezero-taldeen artean 2 metroko tartea utzita.

Mendi-ibilaldietarako gehienez 30 pertsonako taldeak elkartu ahal izatea da beste proposamenetako bat, eta kirol, kultura eta aisialdiari lotuta bestelako neurriak ere jaso dituzte; besteak beste, liburutegien edukiera % 50ekoa izatea –mailegurako eta irakurketarako–, eta zinema, antzoki eta gune itxi nahiz irekietako ekitaldiak ere %50eko edukierarekin egin ahal izatea. Bestalde, goi mailako arraunean eta pilotan entrenatzen hasteko aukera ere gaineratu dute.

Proposamen zerrendarekin bukatzeko, udalekuen inguruko eskaera ere gehitu du Jaurlaritzak: haur eta gazteei zuzendutako eguneko aisialdiko jarduerak % 50eko edukierarekin egitea, hain zuzen ere –gehienez 80 lagun barruko espazioetan eta 200 espazio irekietan–. Halere, asko jota 12 pertsonako taldeetan antolatu beharko dira, begiraleak barne.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak