Pandemia hasi zenetik hona, ia bi puntu egin du gora langabeziak bailarako udalerri gehienetan; Antzuolan, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Arrasaten, Elgetan, Leintz Gatzagan eta Oñatin, hain zuzen ere. Hala ere, Bergaran eta Aramaion egoera ez da horrenbeste aldatu. Martxotik hona, %8,15etik %8,95era egin du gora langabeziak Bergaran; eta Aramaioren kasuan, egoerak hobera egin du, izan ere, martxoko %2,38tik, %2,25era murriztu da langabezia-tasa maiatzean.
Maiatzeko datuak herriz herri
Apirileko datuekin alderatuz ere orokorrean okertu egin da egoera, baina kasu honetan, Antzuolan aurreko hilabetetik hona murriztu egin da langabezia tasa. Hurrengo datuak maiatzean erregistratutakoak dira:
- Antzuola: 71 langabe (%6,39ko langabezia tasa)
- Aretxabaleta: 288 langabe (%8,38ko langabezia tasa)
- Arrasate: 1.376 langabe (%13,18ko langabezia tasa)
- Bergara: 647 langabe (%8,95ko langabezia tasa)
- Elgeta: 50 langabe (%8,67ko langabezia tasa)
- Eskoriatza: 193 langabe (%9,50ko langabezia tasa)
- Leintz Gatzaga: 6 langabe (%4,35eko langabezia tasa)
- Oñati: 438 langabe (%8,06ko langabezia tasa)
- Aramaio: 17 langabe (%2,25 ko langabezia tasa)
Hego Euskal Herriko egoera
3.767 langabe gehiago erregistratu dira maiatzean Hego Euskal Herrian –horietatik 2.700 zerbitzuen sektorean. Horrela beraz, guztira 182.852 herritar daude lanik gabe. Osasun alorrean ez bezala, Gipuzkoa izan da ekonomikoki kaltetuena izan den lurraldea; %3,06 hazi da langabezia, eta 1.138 langabetu gehiago daude –guztira, 38.317–.
Gainerako lurraldeei dagokienez, Bizkaian %1,99 egin du gora langabezia-tasak eta 1.555 langabe gehiago daude, Nafarroan %1,72 hazi da eta 695 dira langabetuak eta Araban %1,62ko igoera erregistratu da eta 379 langabe gehiago daude.
Lanbideko zuzendaria, itxaropentsu
Lanbideko Borja Belandia zuzendariaren esanetan, jardueraren suspertzea euskal lan-merkatua dinamizatzen hasten ari da: "Covid-19aren pandemiaren ondorioz aldi baterako erregulazio-espedientearen eraginpean egon diren pertsonen ia erdia dagoeneko irten da egoera horretatik". Enplegu Zerbitzuak martxoaren erdialdetik jasotako datuen arabera, maiatzaren 28ra arte 200.652 pertsona inguru ziren ABEEEren eraginpean egoteko eskabide metatuak egin zituztenak. Maiatza bukaeran ordea, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteen eraginpean 100.300 pertsonak jarraitzen zuten, eta 67.421 pertsona euren lanpostuetara itzuli diren arren, 2.227 langabezi egoeran geratu dira.
Hala ere, Belandiak itxaropen mezua zabaldu nahi izan du: "Hasi gara tunelaren amaieran argia ikusten, eta gure jarduera hasi da suspertzen, baina oraindik ez zaio aurreko erritmoari heldu, eta horrek jarraitzen du ondorioak uzten".
Zerbitzuen sektoreak izan du langabeziak eragin handiena, eta bereziki ostalaritzan eta merkatari txikiengan. Lanbideko datuen arabera, EAEko langabeen % 68k zerbitzuen sektorearekin daukate lotura.
Bestetik, Belendiak azaldu duenez langabeziak gogorrago eragin du 34 urtetik beherako pertsonen artean: "Nabarmentzekoa da 16 eta 24 urte bitarteko tartea, %5,68 egin baitu gora langabeziak tarte horretan –hau da, 607 langabe berri–, eta igoerarik neurrizkoena 54 urtetik gorakoen artean izan da: % 1,34koa".