ALBISTEAK

Hauteskundeetarako osasun-jarraibideak aurkeztu ditu Jaurlaritzak

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 1a, 13:26

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Segurtasuneko sailburuek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako osasun-jarraibideak azaldu dituzte, adierazi dutenez, herritarrek botoa emateko eskubidea "bermez osoz" gauzatu dezaten.

Zazpi alorretarako jarraibideak eta gomendioak nabarmendu nahi izan dituzte Nekane Murga eta Estefania Beltran de Heredia sailburuek hauteskundeei begira: segurtasun-tartea uztea, maskara erabiltzea, eskuak sarri garbitzea eta erabilera handiko guneak garbitzea dira, besteak beste. Bozka emateko egunetik harago, hauteskunde-kanpainan hartu beharreko neurriak ere zehaztu dituzte, adibidez, ekitaldiak egiten direnean, pertsonala saihestea: "Saihestu egingo da edozein eratako objektuak edo liburuxkak eskura ematea, eta leku itxietan egiten diren ekitaldietan, gel hidroalkoholikoa jarriko da sarreran, eta eskuzkoa ez den estalkidun zakarrontzi bat irteeran".

Uztailaren 12an bete beharko direnei dagokienez, besteak beste, hauteslekuak ez dira adinekoen egoitzetan kokatuko eta jende pilaketak ekiditeko 41 hautesleku gehiago jarriko dira, EAEn. Gainera, hauteskunde-mahaia osatzen duten pertsonen arteko segurtasun-tartea zainduko da, eta baita eta botoa ematera doazen herritarrena ere; horretarako, markak egongo dira lurrean. Ilarak sortzen badira, 65 urtetik gorakoak edo haurdun dauden emakumeak lehenetsiko direla ere jakinarazi dute sailburuek. Desinfekzio lanak ere etengabe egingo direla azaldu dute sailburuek.

Bestalde, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak bihar onartuko duela Jarraibideen Eskuliburua: "Eskuliburua hauteskunde-mahaietako lehendakariei, kideei eta ordezkoei banatuko zaie izendapenaren jakinarazpenarekin batera. Eranskinean jasoko diren eta egun horretan bete beharko diren neurriak jasotzen dira bertan".

Errolda-txartela aurrez begiratzeko gomendioa

761 hauteslekuetatik 100ek beste kokaleku bat izango dute uztailaren 12an, eta hortaz, etxetik atera orduko EINk etxeetara bidaliko duen errolda-txartela begiratzeko gomendioa egin du Jaurlaritzak: "Bertan jartzen du hautesle bakoitzak zein hautesleku eta mahaitan eman behar duen botoa".

Posta bidezko botoek, gora

Segurtasuneko sailburuak azaldutakoaren arabera, epe berean, duela lau urte eskatu zen boto bakoitzeko zortzi eskatu dira dagoeneko. Eskaera egiteko hauteskundeak.eus webgunean dagoen EINren formularioa bete behar da, eta sinatu ostean, dagokion posta-bulegora eraman behar da. Hori egiteko epea uztailaren 2an bukatuko da.

Bestetik, Hauteskunde Batzorde Zentralak azaldu duenez, Correos gaitu du boto-eskaerak telematikoki eta sinadura elektronikoarekin egin ahal izateko: "Posta bidezko botoa eskatzen dutenek, postariak hauteskunde-dokumentazioa etxean ematen dienean, aukera izango dute postariari botoa emateko, posta-bulegora joan beharrean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak