Konfinamendua arintzeko planaren baitan, Eusko Jaurlaritzak bigarren fasean baimendu du elkarte gastronomikoen eta txokoen irekiera. Zehaztu dute tabernen irizpide berak jarraitu beharko dituztela: besteak beste, gehienez ere %50eko edukiera betetzea, eta mahaien artean gutxienez bi metro uztea. Bailarako elkarteetan galdetuta, Antzuolan azaldu dute elkarte guztiak "elkarrekin" zabaltzeko proposamena aztertzen ari direla, eta horretarako elkarteetako ordezkariekin batzarra egingo dutela, "bakoitzaren azpiegitura eta egoera ezberdina delako". Aretxabaletan, bestalde, asteon bildu dira elkarte bakoitzeko ordezkariak eta erabaki dute itxita mantenduko dituztela, momentuz. Eskoriatzako kasuan, ekainaren 8an irekiko dituzte, baina oraindik ezingo da otordurik bertan egin.
Neurriak hartuta
Oñatin, Oinarri elkarte gastronomikoa atzotik dago zabalik. Bertakoek azaldu dute Udalarekin hitz egin ostean hartu dutela "zabaltzeko erabakia". Hala eta guztiz ere, protokoloa jarraitu beharko dutela azaldu dute: "Elkarteak bi solairu ditu. Bakoitzean lehen egon zitekeen jendearen erdia soilik egon ahal izango da". Bestalde, aitortu dute sartzeaz bat eskuak gelarekin desinfektatu beharko direla, eta, ostera, diote erabilera bakarreko zapi zein maindireak erosi dituztela. Sukaldean gehienez ere bi pertsona batera aritu ahal izango dira, eta gainontzekoek eserita egon beharko dute.
Bestalde, Bergarako Sagarpe elkartetik azaldu dute ireki ahal izateko bete beharreko neurriak "aztertzen" ari direla eta lan horren "konplexutasunagatik" eta dekretuaren zehaztasun faltagatik "ezinezkoa" izango zaiela elkartea irekitzea: "Bazkideen segurtasuna bermatzeko neurriak nola bete ditzakegun ikusi arte izango dugu itxita".
Arrasateri dagokionez, esaterako, Txalaparta, Amaika Gazte eta Danok-Bat elkarteak ere ez dituzte zabalduko oraindik. Horretaz gain, Bergarako Gure Ametsa elkarteak martitzenean zabaldu zituen ateak, bazkideek GOIENAri azaldu diotenez. Eurena elkarte "txikia" da, eta lehen egunetan "ondo" moldatu direla diote: "Lehen, zortzi mahai genituen, eta orain, lau soilik daude erabilgarri".
Horretaz gain, bete beharreko "zenbait arau" ezarri dituzte, segurtasunerako. Aramaioko Leixar Ondo elkartea asteon dute zabaltzeko asmoa, baina aitortu dute erabakia ez dela "irmoa", beste elkarteek zer egiten duten jakin gura dutelako. Zubiondo elkartea, azkenik, astelehenean irekiko dute. Irekierarako hartutako erabakien artean daude gehienez ere 12 pertsona elkartzea –37 bazkide dira– eta elkarteko bost mahaietatik bi bakarrik erabili ahal izatea.