Foru Aldundiak mendiko praktika onen inguruko dekalogoa argitaratu du

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 29a, 13:58

Itxialdia arintzen ari dela-eta Foru Aldundiak mendizaleentzako dekalogoa plazaratu du, eta bertan mendian nola jokatu zehaztu dute. Dekalogoa mendian ezarritako paneletan jartzea ere erabaki du Aldundiak; horietatik bost Arantzazun daude dagoeneko.

Mendiaren "erabilera egokia" egiteko dekalogoa aurkeztu du Gipuzkoako Foru aldundiak; azaldu dutenez, gero eta gehiago baitira mendiaz eta landa eremuaz gozatzen hasi diren herritarrak: "Gipuzkoako landa eremuaren % 80a baino gehiago jabetza pribatukoa da eta hainbat pertsonak lan egiten dute bertan egunero. Landa eremura gerturatzen garenean bertako ohiturak eta arauak errespetatzen ez baditugu, ordea, arazoak sortzen dira" .

Arantxa Ariztimuño Mendi eta Natura Inguruneko zuzendariak azaldu duenez, dekalogoa mendiaz errespetuz gozatzeko "aholku sorta" da. Dekalogoa webgunean jarri dute ikusgai, baina horrez gain, Gipuzkoako mendietan ere panelak ezarri dituzte. Momentuz, hamabost panel ezarri dira; horietatik bost Arantzazun. "Panelen bidez, batetik, ganaduen zonaldean dagoela jakinaraziko zaio mendizaleari eta bestetik, panelean bertan dagoen QR kodearen bitartez mendizaletasunerako praktika onen dekalogoa zabaldu eta osorik kontsultatzeko aukera izango du", gehitu du Ariztimuñok.

Jokabideak hobetzeko hamar puntu

Mendizaletasunerako praktika onak hamar puntutan banatu dituzte eta hurrengo hauek dira:

  1. Saiatu mendira joateko garraio publikoa erabiltzen. Ezin bada eta ibilgailu propioa baliatu behar bada, aparkatu horretarako prestatutako tokietan.
  2. Bisitatuko den eremua Babestutako Naturagune bat bada, ezagutzeaz arduratu mendiko kirolen inguruan bertan ezarrita dauden arauak.
  3. Saiatu aurrez markatuta dauden ibilbideei jarraitzen, beti ere lur eremu pribatuetatik igarotzea ekidinez.
  4. Langa edo ataka bat igarotzean, beti itxita utzi.
  5. Mendira txakurrarekin baldin bazoaz, beti lotuta eraman.
  6. Mendira bizikletan hurbiltzen bazara, moteldu abiadura baserri inguruetan edo oinezkoren batekin topo egitean.
  7. Mendi ibilbide bat egiterakoan, baso-lanetan ari direnen eremu bat gurutzatu behar bada, jakinarazi langileei zein bide jarraituko den eta ez oztopatu beraien jarduna
  8. Ez hartu fruiturik zuhaitzetatik, jabearen baimenarekin ez bada.
  9. Zaindu ingurune naturala eta bertatik igaro ez bazina bezala utzi.
  10. Lagundu landa eremuko ekonomiei eta bultzada bat eman, hango zerbitzuak erabiliz eta bertako produktuak kontsumituz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak