Bigarren fasean sartzeak eman dituen aukera berriak baliatzen dabiltza Debagoieneko kirolariak euren kirol jarduerekin jarraitzeko. Baina denak ez daude egoera berean, Bergarako Igeriketa Taldeko 80 neska-mutikoek eta Aloña Mendik dituen 100 neska-mutikoek –gutxi gorabeherako datua da– oraindik ezin dute-eta igeri egin, eta egoera hori ez da aldatuko datozen egunotan, euren entrenamendu toki den Agorrosingo igerilekua oraindik ez dute-eta zabalduko –ekain amaieran zabalduko dutela adierazi diete klubeko ordezkariei–.
Hala, GOIENAk baieztatu du Musakolako igerilekuak ere uztail hasierara arte ez dituztela zabalduko, eta, uda sasoian egin ohi duten moduan, ordurako kanpoko igerilekuak dira zabalduko dituztenak; barrukoak ez dituzte udazkenera arte zabalduko.
Hala, ibarreko bi klubetako ordezkariak zailtasun horiek guztiak gainditzen ahalegindu dira. "Hiru hilabetez ura ukitu barik egoteak hankaz gora jarri du igerilarien gorputzaldia, dagoeneko agur esan diogu aurtengo denboraldiari, eta onena da datorren urtera begira pentsatzen hastea", dio Josune Odriozola entrenatzaile oñatiarrak. "Izan ere, ez da orain arte galdu duguna soilik, igerilariak beste hilabetez entrenatu barik egongo dira eta. Denbora asko da", gaineratu du Xabi Labaka entrenatzaile bergararrak.
Hilabete hauetan modu telematikoan zuzendu dituzte igerilarien entrenamendu saioak; bereziki, core ariketak egin dituzte: "Baina modu horizontalean lan egitea falta izan zaie, eta hori ezin da uretatik kanpora landu".
ELKARRIZKETA: Xabi Labaka, Bergarako Igeriketa Taldeko ordezkaria: "Oñatikoekin batzea positiboa izan da"
Zelan moldatu zarete konfinamenduan egon garen bitartean?
Beno, ahal duguna egin dugu. Gure kirol jarduera ezin da etxean praktikatu, eta bereziki core ariketak egiten ibili gara, modu telematikoan. Bereziki, taldekideekin arteko hartu-emana mantentzen saiatu gara, jendea zelan zebilen ikusten. Hutsetik hasi beharko dugu denok.
Gipuzkoako txapelketa antolatzea izan da klubaren erronketako bat.
Bai; txapelketa otsailean egin genuen, eta, egia esan, aurten egin ahal izan dugun txapelketa bakarretakoa izan da. Txapelketa etxean antolatzeak beti ematen du ardura puntu bat, eta igerilariendako ere ez da gauza bera etxekoen aurrean jardutea. Pena da Euskadiko Txapelketak bertan behera geratu zirela.
Galdutako urtea izan da?
Ez dut uste; martxora arte egindako lanarekin geratzen naiz, uste dut igerilariek oso lan txukuna egin dutela. Orain, ikusi egin behar ikasturtea normal hasiko dugun. Gainera, aurtengo nobedadeetako bat izan da Aloña Mendiko igerilariak ere gurekin entrenatu direla Agorrosinen. Antolaketa aldetik hasieran zailtasunak ekarri zituen horrek, eta denok egin behar izan dugu moldatzeko ahalegina. Baina uste dut guretako oso positiboa izan dela euren ondoan jardutea, maila oso politeko igerilariak dituzte Oñatin, eta sinergiak batzeko oso ondo etorri zaigu guri ere.
Itsasora joaten hasi zarete entrenatzera.
Bai, fase berrian baimenduta dago probintzia barruan ibiltzea, eta neoprenozko trajea daukagunok bagabiltza poliki-poliki itsasoan igeri egiten. Ura hotz dago oraindik, baina sentsazio ederra da ostera ere igeri apur bat egitea. Hori bai, klub mailan igerilari guztiekin halako irteerak egitea ez da batere erraza.
Zuetako batzuk, gainera, itsas zeharkaldietan ere ibiltzen zarete...
Lasterketa horiek ere bertan behera utzi dituzte, eta ikusteko dago uda ostekoak egingo dituzten ala ez. Igeri egiteko uste duguna baino zaletasun handiagoa dago gurean, eta Bergaratik 20 laguneko kuadrilla ibiliko da itsas zeharkaldietako probetan esku hartzen. Esaterako, Zarautz eta Getaria artean egiten duten zeharkaldian oso giro polita egoten da, herri mailako proba da eta.
Josune Odriozola, Aloña Mendiko Igeriketa Taldeko entrenatzailea: "Martxora arteko lana ona izaten zebilen"
Zelan moldatu zarete konfinamenduan egon garen bitartean?
Astean lautan bideo deiak egin ditugu, taldeka antolatuta, eta indar ariketak egiten ibili gara. Baina ez da gauza bera, igerilariok denbora tarte honetan asko galdu dugu. Badakit beste kirol jarduera batzuetan ere badabiltzala, bizikletan, mendira joaten... Baina bai, igerilekuan, ahal dugunean, hutsetik hasi beharko dugu. Dena dela, gauza positiboen artean nabarmenduko nuke taldekide askok komentatu didatena; alegia, konturatu direla zenbat igartzen duten faltan igeri egitea eta eurendako erronka polita dela gutxieneko markak hobetzen joatea, igeri geroago eta hobeto egiten ikastea. Hori entzutea pozgarria izan da niretako.
Euskadiko Txapelketa jokatu ezinda geratu zineten.
Pena eman zigun, Euskadiko Txapelketarako talde polita geneukalako, guztira hamalau igerilari zeuden bertarako sailkatuta [Irati Delgado, Naroa Ibabe, Ane Madina, Ane Pelayo, Izar Mendizabal, Enaitz Sagasta, Ekhi Lazkanoiturburu, Sara Isasisasmendi, Ane Kortabarria, Eldeder Ibabe, Kepa Aldekoa, Ainhoa Redin, Aitor Diaz eta Aitor Tatiegi]. Bestalde, Kepa Aldekoak eta Enaitz Sagastak Espainiako Txapelketarako gutxieneko markak ere lortuak zituzten, eta eurekin batera beste pare bat igerilari genituen helburu hori lortzeko oso gutxi falta zitzaiena, esku-eskura zuten. Bada, bai, pena ematen du, baina zer egingo diogu, helburu horiek lortzeko datorren urtean hasiko gara ostera ere gogor entrenatzen.
Galdutako urtea izan da zuendako?
Ez, ez nuke halakorik esango, martxora arte egindako lana oso ona izan da eta. Iaz, pozik geratu nintzen egindakoarekin, eta nire sentsazioa zen aurtengoa are hobea izan behar zela.
Urte aldrebesa zuena: Zubikoa obretan, ondoren hau...
Bai, halaxe izan da. Urtarrilean gure igerilariak Bergaran hasi ziren entrenatzen, eta horrek nahikoa buruhauste ekarri zituen, bai. Entrenamenduetarako ordutegiak, taldeak... Eta martxoan, COVID-19arekin bertan behera geratu zen dena.
Zuek ere itsasora joateko asmorik bai?
Bai; asmoa da asteburuan egitea lehengo irteera, baina ez da erraza taldeak antolatzea, eta denek dute eskubide bera. Baina ez dira entrenamenduak izango, itsasoan ezin ditut zuzenketak egin; igeri apur bat egin eta ondo pasatzera joango gara.