Mikel Loiti: "Gure lehentasuna langile eta bezeroen osasuna bermatzea izan da"

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 24a, 17:55

Chapime Citroen eta Kiako arduraduna arduradun Mikel Loiti.

Arrasateko San Andres auzoan dagoen Chapime Citroen eta Kiako arduraduna da Mikel Loiti, eta 20 urte baino gehiago daramatza enpresa horretan lanean. Orain, zailtasunak zailtasun, egoerari aurre egiteko unea dela azaldu du, eta hori ezinbestean "elkarri lagunduz" egin behar dela uste du.

Zelan egin diozue aurre krisi honi zuen arloan?

Bat-bateko gauza izan zen; inork ez zuen egoera hau espero. Pandemiak negozioa ixtera eraman gintuen, eta langile guztiok joan ginen ERTE delakora; guztiok, bat izan ezik. Langile bat lanean egon da, hain zuzen ere, premiazkoak ziren beharrei erantzuteko. Espainiako Gobernuak argitaratutako dekretuan, premiazko zerbitzuei erantzuteko baimena jasotzen zen; adibidez, osasun arloko profesionalei arreta ematea. Oso lan konkretuak izan dira, eta momentu zehatzetan egin direnak; baina, oro har esan dezakegu martxoaren 16tik maiatzaren 4ra enpresa itxita egon dela. Orain, oso ondo ari gara lanean, batez ere tailerrean, eta hori aurrez egin dugun lanari esker da: etxean egon garenean bezeroen datuak jaso eta zerrendak egin ditugu, ondoren, haiekin harremanetan jarri eta txandak emateko; telefonoz eta e-mail bidez harremanetan jarri, eta lanerako buelta ahalik eta modu antolatuenean egiten saiatu gara. Majo ari gara lanean; txandak ekainaren 8tik aurrera ematen ari gara orain, eta aurrez egindako lanaren emaitza da hori, zalantzarik gabe.

Zein mezu bidali nahi diezu zuen bezeroei?

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu gure bezeroei, beti –egoera halakoa izan denean ere– gugan izan duten konfiantzarengatik. Pandemia hasi zen unetik langileen eta bezeroen osasuna bermatzea izan da gure lehentasuna, eta horren adierazle izan diren prozesu espezifikoak jarri ditugu abian: besteak beste, distantziak bermatzeko neurriak, bezeroen sartu-irtenak toki desberdinetatik egiteko moduak, langileen osasun-segurtasuna bermatzeko materiala, bezeroen kotxe guztiak desinfektatzea… Herritarrei esan nahi diegu Chapimera datozenean segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo direla, eta horrenbestez, lasai etortzeko.

Hemendik nola aterako gara? Zertarako balio izango du honek guztiak?

Sekula baino gehiago, orain, herri mailan pentsatu behar dugu: ahal den heinean, herrian bertan kontsumitu, eta guztion lana aurrera atera. Elkarlanean oinarritzen bagara eta kanpora begiratu barik herrian kontsumitzen badugu, denontzako onurak ekarriko ditu horrek. Beti pentsatu izan dut horrela, baina orain ziurrago nago: guk ez badugu gure kabuz aurrera egiten, ez espero gobernuek egoera konpontzea. Adibide gisa, osasun-materiala lortzeko beste herrialdeekiko izan genuen dependentzia nabarmena izan da; orain ordea, argi ikusi dugu gu ere material hori egiteko gai garela, eta ez dugula gainerako herrialdeen mende egoteko beharrik. Laburbilduz, esango nuke elkar lagunduz lortuko dugula aurrera egitea, eta zaila izango da, baina lortuko dugu. Ni eta nire lankideak behintzat gogotsu gaude.

Krisitik aukerak ere sortu dira sarritan. Zuen kasuan ere bai?

Automozioaren eta kontzesionarioen munduan enpresa gehienak talde handietan sartuta daude, baina gu enpresa txikia gara; azken finean, ez dugu aukera handirik gure negozioa dibertsifikatzeko. Halere, gu beste kontu batzuetan tematzen gara: bezeroengandik gertu egoten, zintzoak izaten, gardentasunez jokatzen… Eta orain, COVID-19arekin bezero nahiz langileen segurtasuna bermatzea izan da lehentasuna. Esan bezala, ez dugu lerro berriak sortzeko aukerarik. Guk batez ere, kotxeak konpondu, margotu eta saldu egiten ditugu; hori da egiten duguna. Dena den, orain uda-sasoia gerturatzen ari dela-eta, esan beharrekoa da autokarabanarekin aisialdiaz gozatzeko asmoa dutenentzat ere eskaintza dugula: igogailu handi bat dugu, eta furgonetak eta autokarabanak dituzten bezeroentzat lan egin dezakegu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak