Xabier Lete omenduz banatuko dituzte aurten Rikardo Arregi Kazetaritza sariak

Monika Belastegi Aranzabal 2020ko mai. 27a, 18:08
Iazko irabazleak, Pantxika Jauregi (Kanaldude) eta Monika Belastegi (Ttap), saria jasotzen.

Gaur, eguaztena, aurkeztu dute Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren 32. edizioa izango dena, eta iaz hasitako berrikuntzei jarraipena emanez, aurten ere bi sari nagusi egongo dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Hautagaitzak aurkezteko epea irailaren 18an itxiko da eta sariak azaroaren 26an jakinaraziko dituzte, Andoaingo Bastero kulturgunean Xabier Lete gogoan egingo den sari banaketa ekitaldian.

 

Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta urtero moduan deialdiaren xehetasunak aurkeztu dituzte Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Bertan parte hartu dute, Andoaingo Udalaren aldetik Mikel Arregi Aranburu, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak, eta Patxi Baztarrika, Udaleko Euskara teknikariak; eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak.

Aurten ere, bi sari nagusi

Iaz hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Bi sariez gain, finalistak ere izendatuko dituzte aurten, launa, gehienez, sari bakoitzerako.

Mikel Arregik halaxe azaldu du bi sari egotearen arrazoia gaurko aurkezpenean: "Ohiko kazetaritzari bizkarra eman gabe, sare sozialetako komunikazioan ere jarri nahi dugu fokua. Kazetaritza saria, berriemailetzari eta kazetaritzaren ezaugarri eta irizpideei estuki lotua izango da, eta bestea, Komunikazio saria, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitzeko bidean egindako urrats esanguratsu eta berritzaileak sarituko dituena". Arregiren esanetan, "euskara indartuko dugu gure bizimodua errazteko balio digun neurrian, eta horregatik da premiazkoa, herritarron eguneroko bizimoduan hain garrantzitsuak diren kazetaritza eta komunikazioan euskarazko sorkuntza, zabalkundea eta kontsumoa sendotu eta areagotzea. Helburu horren alde gure aletxoa jarri nahi dugu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariarekin".

Komunikazio saria, 'Ttap' aldizkariak

Iaz eman zuten lehenengoz Komunikazio saria eta Ttap aldizkari digital multimediarendako izan zen, 2019an sendotze bidean emandako pausoengatik.

Aplikazio bidez, doan, deskargatu daitekeen lehen euskarazko aldizkari digital multimedia da Ttap. Aldizkari Digital Multimediak SL enpresa da Ttap argitaratzeaz arduratzen dena, eta honako hauek dira bazkideak: Durangaldeko Anboto, Goiena, Zumaiako Baleike, Iruñerriko Euskalerria Irratia, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom bateragunea eta Kataluniako Esguard. Hain zuzen, aitzindaritasuna izan zen epaimahaiak sari banaketan azpimarratu zuen merezimenduetako bat beste batzuekin batera: "Euskarazko lehen aldizkari digital multimedia izatea, askotarikoak biltzen dituena, formatu multimedian eta digitalera egokitzeko bidean euskarazko kazetaritzari esparru eta aukera berriak irekitzen dizkion proiektua izatea, elkarlanari zukua ateratzen diona eta aro digitaleko esparru ugari uztartzen dituena".

Lanak aurkezteko epea, irailaren 18a

Aurtengo edizioaren oinarrien xehetasunak Patxi Baztarrika epaimahaiaren idazkariak azaldu ditu. Kazetaritza saria-ri dagokionez, 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era  egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera.

Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek. Betiere, 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikaizo proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko du nahitaez. 

Bietan ala bietan, saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa. Finalisten kasuan, gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute. 

Saridun izateko hautagaitzak irailaren 18ra bitartean aurkez daitezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: rasks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaiko kideak

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Jose Inazio Basterretxea, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea; Itxaro Borda, idazlea eta prentsa kolaboratzailea; Aingeru Epaltza, idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea; Maite Goñi, MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua; Elixabete Larrinaga, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea; Ion Muñoa, Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea; eta Jon Sarasua, MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua. Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Mikel Arregi, eta idazkaria, Patxi Baztarrika, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

Mikel Lete, gogoan

Finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren 26 iluntzean izango da Andoainen, Bastero Kulturgunean, Xabier Lete gogoan goiburupean, haren musika kantu eta olerkiekin osatutako zati artistikoa izango duen ekitaldian. Orduan jakingo da nortzuk diren aurtengo saridunak.

Rikardo Arregi sariak, pizgarri

Estibaliz Alkortak azpimarratu duenez, "euskarazko hedabideen arloa zeharo aldatu eta eraberritu da Rikargo Arregiren garaitik hona. Covid 19aren eraginez bizi izan dugun egoerak erakutsi digu euskarazko hedabideek, publikoek zein pribatuek, badutela gaitasuna gure jakin nahiak eta beharrak asetzeko. Hurbileko gure mundua zein mundu zabala azaltzeko gaitasuna erakutsi dute, era osagarri batean. Euskarazko hedabideek jakin dute unean-unean egokitzen eta eraberritzen, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak pizgarri bat izan dira bilakaera hori sustatzeko. Covid 19aren osteko egoera berrietara egokitzeko ere oso lagungarriak izango dira horrelako ekimenak".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak