Konfinamenduaren hasierak Lanzaroten harrapatu zuen Ion Merino elektrikari arrasatearra, oporretan, eta hona itzultzean hamabost eguneko koarentena egin behar izan zuen. "Horren ostean, ezinbestekoak ziren matxurak konpontzen aritu naiz orain arte, hau da, etxebizitzaren bat urik gabe, argindarrik gabe edota telebista edo Internet barik bazegoen. Hala ere, guztira hamar bat matxura edo izango ziren bakarrik, gehienak ur berorik gabe eta argindarrik gabe zeudenak", azaldu du.
Bezeroen etxeetara joan behar izan da Merino, eta hainbat segurtasun neurri hartu behar izan ditu hasieratik. Era berean, bezeroekin ahalik eta kontaktu fisiko txikiena izaten saiatu da. "Etxera sartu aurretik, esan diet beste logela batean egoteko eta ni zuzenean joan naiz matxura dagoen lekura. Hala, haiekin egotea saihestu egiten dut".
"Ea apurka egoera hobetzen den. Bitartean, gerrikoa estutu beharko dugu"
Elektrizitateaz gain, iturgintzan eta pintaketan ere aritzen dira Ion Elektrizitatea enpresako bi lankideak. Hala ere, lan gutxi daukate orain. "Gehienbat lagunek eta gertukoek esan digute konponketaren bat edo beste egiteko. Ate asko jotzen ibili gara, baina zorte handirik gabe. Oraindik beldur handia dagoela esango nuke, eta horregatik ez digute deitzen. Ea apurka egoera hobetzen joaten den. Bitartean, gerrikoa estutu beharko dugu", dio Merinok.
Atzeratutako lanak aurreratzen
Bergarako Ugarte aroztegian "apur bat lotuta" egon direla azaldu du aroztegiko arduradun Javier Sarraok. "Produkzio lana ez dugu gelditu, eta tailerrean lan egiteko aukera izan dugu, baina ezin izan ditugu muntaketak egin, eta oraindik ere nahiko lan dugu horretarako".
Sarraoren esanetan, erraz moldatu dira egoera berrira. "Ohituta gaude, bernizarekin aritzen garenean-eta, maskara eta eskularruak erabiltzen ditugulako. Azken finean, kaleko ohiturak apur bat aldatzea da".
"Lan berri gutxi daukagu, eta etorkizuna latza izango da"
Lehendik atzeratuta zeukaten lanak egiteko aprobetxatu dute, batez ere, denbora hau. "Aurrez genituen eskaera horiei erantzuna emateko altzariak fabrikatu ditugu, eta orain muntatzen hasi gara apurka-apurka". Duela hiru aste hasi ziren horretan. "Inor bizi ez zen etxe batean, erreforma bat egin ahal izan genuen, eta ordutik, bezeroei baimena eskatuz, ari gara muntaketa gehiago egiten, baina askorik ez", nabarmendu du.
Onartu duenez, lan berri askorik ez da sartzen ari azken aste hauetan, eta egoera "latza" aurreikusten du aurrera begira.
Apurka-apurka martxa hartuz
Arrasateko Deba Prest tindategiko gerente Esteban Leturiondok argitu duenez, ez da gauza bera tindategi bat edo garbitoki bat izatea, eta garbitokiek ez bezala, haiek itxi egin behar izan dute. "Tindategia bakarrik daukagu guk, arlo soziosanitariorako ez dugu lanik egiten. Beraz, itxi egin behar izan genuen, bi arrazoigatik: batetik, segurtasun ezagatik, prebentziorako baliabide falta genuelako eta, bestetik, jendea etxean sartuta zegoelako", azaldu du.
"Arropei dagokienez, ez gaude urteko garai hauetan egon ohi garen maila berean"
Maiatzaren 11an ireki zuten berriz, eta apurka-apurka nabaritzen joan dira mugimendu gehiago dagoela. "Alde batetik, edredoiekin, gortinekin edota alfonbrekin ondo ari gara lanean. Desinfektatzeko produktu berezi batzuk erabiltzen ditugu, eta produktu horiek ez daude edozein etxetan. Beraz, alde horretatik, bagabiltza hobekuntza bat nabaritzen. Baina, arropari dagokionez, ez gaude urteko garai hauetan egon ohi garen maila berean. Garai hauetan jaunartzeak eta ezkontzak hasten dira, baina aurten ez dago halakorik, eta hori nabaritzen dugu".
"Jendeak ez digu deitzen"
"Telefonoari behin eta berriro begiratzen diogu ea argindarra joan den edo arazoren bat dagoen, baina ez da hori, ez digute deitzen", dio Arrasateko Egia Iturgintzako arduradun Angel Egiak. Gainera, lan egiteko modua aldatu egin zaiela adierazi du. "Lehenaz gain, orain dokumentazio gehiago eskatzen digute enpresetan sartzeko, eta horrek lana atzeratzeaz aparte, denbora gehiago eskatzen du". Halaber, egoera ondo laburbiltzen duen anekdota bat kontatu du. "Ulman, sarrerara gerturatzean, tenperatura hartzen dizute, galdera batzuk egitearekin batera. Galdetu zidaten ea koronabirusaen sintomaren bat nuen, eta baietz erantzun nien. Lan gutxirekin gaudela, eta umore txarrez".
"Koronabirusaren sintoma batzuk ditut: lan gutxi eta umore txarra"
Etxebizitza bateko erreforma osoa egiteko lan handi bat lotuta zuten, eta orain dela gutxi hastekoak ziren, gainera, baina bertan behera utzi behar izan zioten bezeroek, ezin izango zietelako ordaindu. "Emaztea lanik gabe geratu da pandemiaren ondorioz, eta gizona, berriz, aldi baterako lan-erregulazioarekin. Haiek gu baino okerrago zeuden. Beraz, sentitzen nuela esan, eta aurrera. Zer egingo diogu ba?".
Lehendik atzeratuta zeukaten lanekin ari dira, baina ez zaie lan berririk sortzen. "Orain arte, inoiz ez zaigu lanik falta izan, ezta krisi ekonomikoaren garaian ere; beti eduki izan dugu lan asko. Baina orain jendeak ez digu deitzen", berretsi du.
Hasieran, kezkatuta; gero, pozik
Obrarik handienak atzeratu egin behar izan ditu Bergarako Urbieta Barne Diseinuak. "Itxita eduki dugun bi hilabeteetan etxetik aritu gara lanean, proiektu batzuen diseinuak burutzen, eta noizbehinka urgentziako lanak ere egin ditugu: iturgintzako lanak, etxe tresnen aldatzeak eta abar", dio Ainhoa Urbieta arduradunak. Lanera bueltatzearekin "kezkatuta" zeudela aitortu du, baina eskertuta eta pozik azaldu da bezeroengandik jasotako erantzunarekin. "Herriko komertzioetan erostera animatuta ikusten ditugu".
"Espero dugu aurrerantzean ere bezeroek gugan konfiantza izaten jarraitzea"
Maiatzaren 11an zabaldu zuten berriz denda. "Higiene eta desinfekzio neurriak jarraitzen gabiltza: gela, maskara eta beirazko manpara bereziak ere jarri ditugu mahaietan, bezeroen eta geure osasuna bermatzeko". Segurtasun neurri hauek "poliki-poliki" hartzen joan dira eta hasieran "arrotz" egiten bazitzaien ere, jada neurrietara ohitzen dabiltza." Gehien kostatu zaiguna, beharbada, maskara erabiltzea izan da".
Proiektu berriak dituzte esku artean eta horrek aurrera egiteko "ilusioa" pizten diela dio Urbietak. "Batzuk etxeko txoko ezberdinetan dituzten gabeziez konturatu dira eta gure bitartez, aldaketa batzuk egitera animatu. Espero dugu aurrerantzean ere bezeroek gugan konfiantza izaten jarraitzea", gaineratu du.