Arlo fiskalean hartutako neurriak
Eider Mendoza foru bozeramaileak gogoratu duenez, Aldundiak dagoeneko arlo fiskalari dagozkion bi neurri sorta onartu ditu, eta gaurkoa arlo honi gehituko litzaioke, Aldundiaren "lehentasun nagusiak gizarte politika eta ekonomia sustapena" direlako.
Arau berri honek lau helburu ditu: lehena, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek izan dezaketen likidezia faltari laguntzea; bigarrena, ekintzailetza sustatzea helburu duten neurriak hartzea; hirugarrena, kalitatezko enplegu egonkorra sortu eta bermatzea eta merkataritza txikiaren aldaketa babestea.
Likidezia faltari laguntzea
Autonomoentzako zein enpresentzako carry-backa da onartu den neurrietako bat, zergadunek izan dezaketen likidezia faltari aurre egiteko asmoz. Autonomoen kasuan, Mendozak carry-back izeneko mekanismo bat nabarmendu du eta "gaurko irabaziekin etorkizuneko galerak konpentsatzean" datza. Mekanismo honen helburua da, likidezia faltari aurre egitea. Gauzak horrela, errenta aitorpenaren kanpaina honetan, zergadunek lehen seihilekoko negozio zifra, aurreko urtekoa baino txikiagoa dela erakusten badute, (2019ko urte osoaren %15a) 2020rako aurreikusitako etekin negatiboa oinarri ezargarritik murrizteko aukera izango dute, nahiz eta horrek ezingo duen etekin positiboa gainditu.
Enpresen carry-backari dagokionez, autonomoei aplikatuko zaien berdina izango da, alegia, enpresek 2020 urteko lehen seihilekoan negozio zifra jaitsi egin dela erakusten badute, oinarri ezargarria %50 murrizteko aukera izango dute. Mikroenpresek eta enpresa txikiek %75era arte murriztu ahal izango dute.
Ekintzailetza sustatzea
Aldundiak sozietateen gaineko zergan kenkari berri bat ezarri du, mikroenpresei eta enpresa txiki zein ertainentzat "onuragarria" izango dena. Izan ere, Mendozaren esanetan, neurri honen helburua da ekintzailetza sustatzea: "2020 urtean sortzen diren enpresa txiki eta ertainetako parte hartzeetan egiten diren inbertsioak dira kenkariaren helburua". Foru bozeramaileak gehitu du, kenkaria inbertsioa jasotzen duen enpresaren arabera aldatuko dela.
Enplegua sortzea
Enplegua sortzeko asmoz, Aldundiak indartu egin du, sozietateen gaineko zergaren kenkaria eta hau, onuragarria izango da enplegua sortzen duten enpresentzat, zerga hobari hau aplikatzeko aukera izango dutelako. Mendozak aipatu du, gaur hartutako erabakiarekin kenkari honen muga, 4.900 eurotik 7.500 eurotara igo dela.
Langileek sortutako sozietateak ere izan ditu hizpide Mendozak eta kasu honetan, enplegua egonkortzeko eta kontsolidatzeko neurriak hartu dituztela aipatu du. Gauzak horrela, kenkariaren ehunekoak %5 igoko dira eta baita, hobariaren mugak ere. Kasu honetan, gizonezkoentzako 1.200 eurotik 6.000 eurotara eta emakumezkoentzako, 1.800 eurotatik 8.000 eurotara.
Transformazio digitala
Onartutako neurriaren azken helburua betetzeko, Aldundiak laguntza eskainiko die merkatariei, merkataritza elektronikora jauzia eman dezaten. Horretarako, foru ogasunak kenkari berri baten alde egin du, autonomoentzako eta enpresa txikientzako izango dena. %30eko kenkaria txertatuko da, PFEZan eta sozietateen gaineko zergan. Foru bozeramaileak azaldu duenez, pandemiak sortutako krisiak eta horri aurre egiteko hartutako neurriek ezinbesteko egin dute merkatariei mundu digitalean sartzea.
Osasun arloko langileak
Autonomo eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako neurri hauez gain, Mendozak osasun arloko langileentzat hartutako neurri baten berri ere eman du: "COVID-19aren testuinguruan, aseguru entitateek doako aseguru kolektiboa egin diete osasun arloko langileei eta aseguru honek barne hartzen ditu gaitz honek eragindako gaixotasunaren edota heriotzaren prestazioa".