Gorka Aretxaga: "Lanean ari gara, irailean hasteko baliabide egokiekin eta segurtasun neurriekin"

Goiena 2020ko mai. 24a, 11:03
Gorka Aretxaga, MGEPko Lanbide Heziketako Koordinatzailea.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Lanbide Heziketako Koordinatzailea da Gorka Aretxaga. Hezkuntza metodologia online formatura moldatu dute azken hilabeteetan "azkar egokitzeko gaitasuna" erakutsita. "Gure bertuteak balioan jarri dituela" osasun krisiak dio eta indarberrituta ateratzen ari direla gaineratu du.

Zela egin diozue aurre krisi honi?

Erronka handia izan da baina uste baino hobeto egokitu dugu gure hezkuntza sistema online formatura. Gazteak iaioak dira digitalizazio gaietan, eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakasleak eta langileak ere azkar eta ondo egokitu gara telelanera. Ikasleek orain arte klaseak zituzten ordutegi presentzial berdina mantendu dugu online formatuan ere; egia esan, alde horretatik normaltasunez jarraitu dugu teoriarekin. Gure metodologia lan talde eta erronka praktikoetan oinarritzen da, eta hor ere, ikasle bakoitza bere etxetik konektatuta, gai izan dira talde lanak birtualki aurrera eramateko. Erronken kasuan maketaren fabrikazioa edo garapen praktikoa ezin izan da burutu, baino gainontzeko analisi, diseinu, simulazio eta planteamendu guztia egin ahal izan dute. Gainera, klasera bueltatuko diren azken aste hauetarako guztiz saio praktikoak antolatu ditugu, laborategietako praktikak, ahozko aurkezpenak eta proiektuen defentsak batez ere.

Irakasle taldeak ere oso gertutik egin die jarraipena ikasleei. Klase orduak mantendu direnez egunero-egunero jaso dituzte ikasleek irakasleen jarraibide eta azalpenak, eta gainera, tutoretza birtualen bitartez ere gertu-gertuko jarraipena egin ahal izan diegu. Erakunde bezala, jarraipen bilerak ere egin ditugu ikasleekin beraien asebetetzea baloratzeko asmoz, eta hemen balorazio positiboa jaso dugu. Izan ere, ikasleek begi onez ikusi dituzte Mondragon Goi Eskola Politeknikoak martxan jarritako ikasketa dinamika berriak eta baita irakasle taldeak eta erakundeak egin duen egokitzeko esfortzua ere.

Bide batez, espazio hau aprobetxatu nahiko nuke modu irekian errekonozimendua egiteko ikasleei. Koziente gara eta, egoera bereziaren aurrean esfortzu nabarmen bat egin dutela ikasketa prozesu berrira egokitzeko.

Ze mezu bidali nahi diezu zuen bezeroei?

Kalitatezko zentro bat garela, egoera berrietara azkar egokitzeko gaitasuna dugula eta jadanik lanean ari garela irailetik aurrera baliabide egokiekin eta segurtasun neurriekin ikasturte berria martxan jartzeko.

Hemendik nola aterako gara, zertarako balio izango du honek guztiak?

Indarberrituta ateratzen ari gara egoera honetatik, esango nuke gure bertuteak balioan jarri dituela. Hainbat adibide etortzen zaizkit burura, adibidez, erabaki eta erantzun azkarrak emateko prest gaudela. IKTetako departamentua konfinamendua iritsi aurretik jarri zen martxan eta hainbat gailu teknologiko (tabletak, boligrafo elektronikoak, bideokamerak…) erosi zituen irakasleek beraien etxeetara eraman zitzaten klaseak hobeto emateko. Gure kooperaziorako ahalmena ere balioan jarri dugu ordainketetarako zailtasunak izaten ari diren familientzako soluzio aukera desberdinak eskainiz. Irakasle taldeak eta langileria guztiak erakundearekiko duen konpromisoa ere azalera atera da, denok egin dugu lan handia etxetik eskainitako ikasketen kalitatea bermatzeko.

Krisitik aukerak ere sortu dira. Nola aprobetxatu dituzue zuek?

Barneratu dugu posible dela gure aktibitatea onlinera egokitzea, zati batean behintzat, eta hori orain arte ez genuen kontenplatzen; beraz, ikasketa interesgarria izan da. Gainera, profesionalei zuzendutako online ikastaroak ere eskaini ditugu etxetik lan egin ezin zutenentzako. Hobetuz programaren bitartez %100ean diruz lagundutako ikastaroak izan dira, eta orain arte presentzialak baziren ere, egoerara egokitu ditugu profesionalek konfinamenduari probetxua atera ahal izateko. Ikastaro desberdinak jarri ditugu martxan, batzuk laburrak eta besteak luzeagoak; etxean egoteko garaia oso aberasgarria izan daiteke gure trebezi profesionalak garatzeko, ordenagailu bidezko marrazketan trebatzeko, teknologia eta aplikazio industrial desberdinetan sakontzeko…

Aipatu nahiko nuke baita ere, egoera larri honen aurrean gizartearekiko dugun konpromisoa oso presente eduki dugula eta gure ekarpena egin dugula. Bi hilabetez 15 pertsonako irakasle talde bat boluntario gisa etorri da egunero gure zentroko laborategietara 3D inprimagailuen bitartez babes pantailetarako piezak egitera. 4.400 babes pantaila baino gehiago banatu ditugu inguruko komertzio txiki, gidari, postari, hortz klinika, ile-apaindegi, optika eta abarretan. Inguruko ospitaleekin ere hartu-emanak izan ditugu UZIetako momentu larrietan hainbat balbula eta pieza inprimatuz. Gainera, Biteri Ikastetxe Nagusia ere ospitaletako langileen eskura jarri genuen beraien etxeetara bueltatu nahi ez dutenek gune isolatu batean bizi ahal izateko. Lau sendagile izan ditugu Biterin bizitzen hilabete batez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak