'5th CIRP Conference on Surface Integrity' biltzarra antolatu du Mondragon Unibertsitateak. Ekainaren 1etik 5era egingo da, eta Fabrikazio Aurreratuan egindako azken aurrerapausoak jorratuko dituzte bertan. Biltzarrean 19 herrialdetako 150 hizlarik parte hartuko dute, eta COVID-19ak sortutako egoera dela-eta, kongresua birtuala izango da. Mondragon Unibertsitateko ordezkariek azaldu dutenez, "une bakar baten ere" ez dute aztertu biltzarra bertan behera uztea edo atzeratzea: "Online egiteko erabakia erronka handia izan da, eta unibertsitateak azkar eta modu eraginkorrean erantzun du. Gainera, horri esker, edozein herrialdetako ikertzaileek biltzarrean aurkeztuko diren eduki zientifiko guztiak eskura izango dituzte".
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoari dagokionez, lau lan aurkeztuko ditu kongresuan: bi Errendimendu Handiko Mekanizazio taldearenak, beste bat Gainazalen Teknologien taldearena, eta laugarrena ENISErekin (Saint-Étienne-eko Ingeniarien Eskola Nazionala) elkarlanean.
Parte hartzeko izena ematen dutenek plataforman Fabrikazio Aurreratuko adituen esku-hartzeak aurkituko dituzte: "E-Conference biltzarrak eduki guztietara sartzeko eta eztabaida-foroetan parte hartzeko aukera emango du, egiten diren saioen artean aukeratu beharrik izan gabe. Ordutegi malgua izango du gainera". Foroa irekita mantenduko da ekainaren 1eko 9:00etatik, ekainaren 6ko 00:00etara.
Fabrikazio Aurreratuak gero eta pisu handiagoa du herrialde garatuetako ekonomietan; ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, nazioarteko lehia gero eta handiagoari aurre egiteko eta industria-irtenbide lehiakorragoak bilatzeko "tresna boteretsua" da. Hala, EAEn BPGd-aren % 21 osatzen duela azaldu dute, eta enpleguaren %20k lotura zuzena duela prozesu horiekin. Innobasquek emandako datuen arabera, I+G inbertsioari dagokionez, herrialdeek gero eta ekarpen eta ahalegin handiagoa egiten dute Fabrikazio Aurreratuan, eta EAEren kasuan, I+G arloko inbertsioaren % 40 bideratzen da Fabrikazio Aurreratura.
Ikerkuntza, inoiz baino garrantzitsuagoa
Industriak eta teknologiak aurrera egiteko ikerkuntza inoiz baino “garrantzitsuagoa” dela azaldu dute Mondragon Unibertsitatekoek. Biltzarrean, aurrerapen zientifiko berriak aurkeztu eta horien inguruan eztabaidatuko da: “Zehazki, aeronautikaren, energiaren, automozioaren eta makina-erremintaren sektorean egindako aurrerapenak aurkeztuko dira. Halere, eremu horrek aplikazioak ere baditu, biomedikuntzaren sektorean, osagai elektronikoetan eta optikoetan”. Helburu nagusia gaur egungo fabrikazio-prozesuak hobetzea dela azaldu dute, edo beste batzuekin ordeztea, osagaien gainazalaren integritatea bermatuz eta azken produktuen prestazioak ziurtatzuz.