Bigarren fasea: zer egongo da baimenduta?

Txomin Madina Milikua 2020ko mai. 24a, 18:19

Herritar batzuk, gaur, kalean paseatzen, Arrasaten.

Bihar, maiatzak 25, konfinamendua leuntzeko bigarren fasean sartuko da Hego Euskal Herria. Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan orain arte egin ezin zitezkeen hainbat jarduera baimenduko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eta orain arte zeuden zenbait muga arindu.

Mugikortasuna

Orain arte bezala, herritarrak muga barik mugitu ahalko dira bizi diren lurralde historikoan. Arrazoi sozioekonomikoak eta mendekotasuna dutenak zein adineko pertsonak bisitatzea izango dira beste probintzia batera joatea baimenduko duten arrazoiak.

Ariketa fisikoa egiteko ordutegi mugak kendu egingo dituzte, baita umeak kalera ateratzeko ordutegiak ere. Erosketak-eta egitera edozein ordutan irten ahalko da. Dena den, 10:00etatik 12:00etarako eta 19:00etatik 20:00etarako ordu tarteetan lehentasuna izango dute 70 urtetik gorako herritarrek eta arrisku taldean daudenek.

Jendea elkartzea

Baimenduta egongo dira hamabost pertsona arteko topaketak, bai etxeetan eta baita lokal pribatu zein establezimendu publikoetan ere. Kasu guztietan ere mantendu egin beharko dira segurtasun neurriak.

Kongresuak, topaketak, negozio bilerak eta konferentziak baimenduta egongo dira, gehienez 50 parte-hartzailerekin, eta horien distantzia bi metrokoa izanda.

Adineko pertsonendako egoitzak eta gizarte zerbitzuak

Berriro ere bisita egin ahalko zaie tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna duten pertsonendako egoitza-zentroetan eta adinekoentzako egoitza zentroetan bizi diren pertsonei eta egoiliarrek ibilaldiak egin ahal izango dituzte, beti ere foru aldundiek ezarritako egutegi eta baldintzetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako, aurreratu du ekainaren 8an hasiko direla egoiliarrei bisitak.

Gizarte zerbitzuak ematen dituzten zentroak eta zerbitzuak berriro ireki ahal izango dira jendearentzat.

Tabernak, jatetxeak eta elkarte gastronomikoak

Terrazetan bakarrik ez,  jatetxe eta tabernek bezeroak barruan hartzeko baimena ere izango dute, beti ere edukieraren %50 bete arte eta mahaitik mahaira gutxienez bi metroko distantzia mantenduta. Bezeroak ezingo dira barran egon, eserita egon beharko dira beti eta mahaira eramango zaizkie eskatutakoak.

Elkarte gastronomikoek ere zabaldu ahalko dituzte ateak, ostalaritzako establezimenduen baldintza berdinekin. Diskotekek eta gaueko aisialdiko elkarteek itxita jarraituko dute.

Saltokiak eta merkatalguneak

Merkatalgune izaera ez duten saltoki txikietan ezingo da edukieraren %40 gainditu, eta solairu bat baino gehiago izanez gero, solairu bakoitzean muga hori errespetatu beharko da. Bezeroen artean bi metroko distantzia egotea bermatu beharko da; horrela ezin denean, bezero bakarra egon ahalko da saltokian.

Merkatalguneen kasuan, gune komunetan ezingo da edukieraren %30 gainditu, eta saltokietan, edukieraren %40 izango da muga. Bezeroak ezingo dira gune komunetan egon, ez bada saltoki batetik bestera joateko.

Hezkuntza

DBH-ko 4. maila, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ematen diren ikastetxeetan, maila horietako irakaskuntza eta hezkuntza jarduerari presentzialki berrekin ahalko diote, baita azterketak egin ere.

Horretaz gain, publikoak zein pribatuak izan, euskaltegi, akademia, eskola, prestakuntza zentro eta antzekoetan aurrez aurreko jarduerak egitea ere baimentzen da; baita, azterketa ofizialak deitu, antolatu eta egitea ere, horien artean HABEren euskara-maila egiaztatzeko azterketak.

Kultura eta turismo jarduerak

Museoak zabaldu ahalko dira, edukieraren %50arekin. Zinema, kultur-gune eta antzokiak ere ireki ahalko dira. Azken horiek leku itxiak badira, gehienez edukieraren herenarekin, eta gehienez 50 pertsonarendako. Leku irekiak badira, gehienezko edukiera herena izango da eta 400 pertsona elkartu ahalko dira guztira, beti ere eserita eta ikusleen artean segurtasun tartea gordeta.

Kirol azpiegiturak eta igerilekuak

Estalitako kirol azpiegiturak edozeinendako zabaldu ahalko dira, %30eko edukierara arte, aurrez ordua hartuta eta gehienez bi pertsonak parte hartzen duten jardueretarako.

Kirol erabilerarako igerilekuak zabaldu ahalko dira, bai itxiak eta baita aire zabalekoak ere. Edozeinek izango du erabiltzeko aukera, baina federatutako kirolariek lehentasuna izango dute. Erabiltzaile muga edukieraren %30 izango da.

Aisialdirako igerilekuetan ere, %30 izango da edukiera muga. Erabiltzaileak egoteko lekuetan, horien arteko distantzia gutxienez bi metrokoa izatea bermatu behakro da seineleen bidez.

Hondartzak

Hondartzan egotea eta ibiltzea baimenduta egongo da, eta kirol, baita aisialdi jarduerak egitea ere bi metroko segurtasun distantzia mantenduz gero. Etxe berean bizi direnen edo hamabost pertsona baino gutxiagoko taldeen kasuan izan ezik, bi metroko tartea utzi beharko da toallen artean. Dutxak, komunak eta aldagelak banaka erabili beharko dira. Erabiltzaileen arteko gutxieneko distantzia bermatze aldera, udalek edukiera mugatu dezakete, baina sarbidea beti ere doan izan beharko da.

Beilatokiak, gurtze-lekuak eta ezkontzak

Aire zabaleko beilatokietan 25 pertsona elkartu ahalko dira gehienez; leku itxietan egingo direnetan, hamabost. Gurtze-lekuetan, ezingo da edukieraren %50 gainditu.

Ezkontzak ere egin ahalko dira bigarren fasea hastearekin batera, leku publiko zein pribatuetan eta betiere ez bada edukieraren %50 gainditzen. Aire libreko ospakizunetan ehun pertsona elkartu ahalko dira gehienez; leku itxietan, 50.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak