Hamabost lagun elkartzea baimenduko du astelehenetik Jaurlaritzak, baita etxeetan ere

Txomin Madina Milikua 2020ko mai. 23a, 13:18

Astelehenean hasiko den bigarren faseari buruzko xehetasunak eman ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak. Etxeetan gehienez hamabost pertsona elkartzeko aukera egongo da, beti ere segurtasun neurriak mantenduta. Ariketa fisikoa egiteko orain arteko ordutegi mugak ere bertan behera geratuko dira, baita umeendakoak ere. Egongo den muga bakarra 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara  izango da, tarte horiek 70 urtetik gorakoendako eta herritar zaurgarriendako bakarrik izango dira eta. Hezkuntzarekin lotuta, astelehenetik aurrerako jarduna arautzen duen agindua ere argitaratu du gaur Jaurlaritzak.

Konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartuko da astelehenean Euskal Autonomia Erkidegoa, eta Arantxa Tapia Sailburuak Eusko Jaurlaritzak landu duen araudiaren nondik norakoen berri eman du.

Mugikortasunari dagokionez, orain arte bezala bakoitza bizi den lurralde historikoan muga barik mugitu ahalko dira herritarrak; eta ariketa fisikoa egiteko ordutegi mugak ere kendu egingo dituzte, baita umeak kalera ateratzeko ordutegiak ere. Dena den, 70 urtetik gorakoendako eta herritar zaurgarriendako, 10:00etatik 12:00etarako eta 19:00etatik 20:00etarako ordu tarteak gordeko dituzte, Tapiak azaldu duenez, kalera lasaiago irten ahal daitezen.

Astelehenetik aurrera, era berean, baimenduta egongo dira hamabost pertsona arteko topaketak, bai etxeetan eta baita leku publiko zein pribatuetan ere. Azpimarratu du, hori bai, kasu guztietan ere mantendu egin beharko direla segurtasun neurriak.

Ostalaritza eta elkarte gastronomikoak

Astelehenetik, terrazetan bakarrik ez,  jatetxe eta tabernek bezeroak barruan hartzeko baimena ere izango dute, beti ere edukieraren %50 bete arte eta mahaitik mahaira gutxienez bi metroko distantzia mantenduta. Bezeroak ezingo dira barran egon, eta eserita egon beharko dira beti. Elkarte gastronomikoek ere zabaldu ahalko dituzte ateak, ostalaritzako establezimenduen baldintza berdinekin.

400 metro koadrotik gorako merkatal-guneek, bestalde, edukieraren %40ko mugarekin jardun ahalko dute.

Kultura eta aisialdia

Kultura eta aisialdi jarduerei ere berrekingo zaie astelehenetik aurrera. Museoak zabaldu ahalko dira, edukieraren %50arekin. Zinema, kultur-gune eta antzokiak ere ireki ahalko dira. Azken horien kasuan, leku itxiak badira, gehienez edukieraren herenarekin, eta gehienez 50 pertsonarendako. Leku irekiak badira, gehienezko edukiera herena izango da, eta 400 pertsona elkartu ahalko dira guztira, beti ere eserita.

Turismoan, naturako turismoa eta mendi ibilaldiak baimendu egingo dira, gehienez ere 20 pertsonako taldeetan.

Hezkuntza

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak gaur bertan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako aginduak jasotzen du astelehenetik aurrera DBH-ko 4. mailan, Batxilergoko 1. eta 2. mailan eta Lanbide Heziketako 1. eta 2. maila guztiak ematen diren ikastetxeetan irakaskuntza eta hezkuntza jarduerari presentzialki berrekitea, baita azterketak egitea ere. Era berean, ekaineko lehen astean gainerako ziklo eta mailetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak lanera itzultzea ere jasotzen du, hezkuntza jarduera ikastetxeetan egin dezaten

Araubide Bereziko Irakaskuntzei dagokienez ere gradu eta modalitate guztietan zentroen programazioaren arabera berrekingo zaio aurrez aurreko hezkuntza eta prestakuntza jarduerari; eta DBH-ko graduatu titulua eta Batxilergoko tituluak lortzeko proba libreak eta Lanbide Heziketan sartzeko probak egitea ere baimentzen du arauak.

Horretaz gain, publikoak zein pribatuak izan, euskaltegi, akademia, eskola, prestakuntza zentro eta antzekoetan aurrez aurreko jarduerak egitea ere baimentzen du; baita, azterketa ofizialak deitu, antolatu eta egitea ere, horien artean HABEren euskara-maila egiaztatzeko azterketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak