Bilerak pantailaren bitartez, makina gutxiago martxan tailerrean, batzuk ERTEarekin. Hori da eskualdeko enpresa gehienen argazkia. Hala ere, proiektu asko sortu dira egungo egoerak ekarri dituen beharrei eta eskaerei erantzunez; eta, era berean, begiak aurrera begira jarrita dituzte, "egoera normaltzen denean lehiakorragoa izateko", eta tresnerian inbertitzen ari dira batzuk.
Wolfratex-en maskarak
Pandemiak elkarlanerako bideak zabaldu ditu, eta horren erakusle da Bergaran Lazpiur, Embalan3, Servimasa eta Egile Taldea enpresek elkarrekin sortu duten Wolfratex. Lagun zaharrak dira, eta duela aste batzuk elkartu ziren, sortu diren behar berrien aurrean nola lagundu zezaketen ikusteko, eta orain dela astebete inguru itxi zuten akordioa. Wolframari keinu egin gura izan diote izen horrekin, eta, hala, Bergarari erreferentzia zuzena egin. Lazpiurko zuzendari nagusi Ander Aranburuk akordioa lortzeko "bizkortasuna" nabarmendu du, eta enpresa bakoitzak bere "jardueraren ezagutzarekin" lagunduko duela gaineratu. Dagoeneko prestaketa lanak hasita dituzte; adibidez, areto zuri bat egokitu dute Spriri alokatutako lurretan".
Eguenean hasita, derrigorrezkoa da maskara toki askotan, eta igarri dute. "Telefonoek gehiagotan jotzen dute, bai. Gure aurreikuspenak dira lehenengo bertako eskaerei aurre egitea, eta ikusten badugu bertakoei zerbitzua eman ondoren aukera daukagula kanpoan ere ematen hasteko, bada, aurrera egingo dugu", dio Embalan3 enpresako gerente Ion Atxurik.
Hilean zazpi milioi maskara ekoitziko dituztela azaldu du Atxurik. "Ekainaren 5ean nahi dugu maskarak seriean fabrikatzen hasi. 2R izeneko maskara kirurgikoak izango dira gureak. Hiru motatakoak daude, baina 2R-koak dira seguruenak".
Taldeko enpresa bakoitzak jarduten duen arloaren ardura izan du, eta, hala, Lazpiurrek bi produkzio-lerro automatizatu garatu ditu: maskara kirurgikoak egiten dituena bata, eta FPP2 eta FPP3 sortzen dituena bestea. Bergarako lantegian egindakoa da guztia eta CE ziurtagiria duena. "Minutuko 120 maskara egiteko aukera izango dugu. Eskaera handiagoa bada, maki- na gehiago egiteko aukera ere badugu; hortaz, ez dugu oraingoz aterik ixten".
Makina berritzailea Metagran
Automobilgintza sektorerako egiten du, bereziki, lan Bergarako Metagra Group enpresak. Bi lantegi dituzte, Bergaran –100 langile– eta Mexikon –hogei langile–. Une honetan, sektoreko gehienen moduan, ez dute garairik onenak bizi: "Salmenta eta egoera aldetik oso txarra eta beldurgarria da egoera. Apirilean salmentetan %15era ez gara iritsi, eta ikusiko dugu maiatzean %30 izaten den... Eta ikusita merkatua nola mugituko den aurreikuspenak ez dira onak; izan ere, autoa ez da derrigo- rrezko beharra, aurretik daude jatekoak eta etxebizitza. Urteko epea kontuan hartuta, %30eko salmenta jaitsiera aurreikusten dugu. Murrizketa ERTE batean sartuta gaude, errelebo batera lanean, baina hori ere ez osorik. Honen guztiaren onena izan da zuzendaritzak eta langileen ordezkariek, guztion artean ados- tu eta bozkatu ditugula. Oso pozgarria da hori, eta aurrera egiteko indarra ematen du. Hau talde moduan atera behar dugu, konfiantza eta babes horrekin", dio Metagra Groupeko zuzendari nagusi Pello Txintxurretak.
Pozik daude jaso berri duten eta etorkizunera ilusioarekin begiratzeko aukera emango dien hotzezko estanpaziorako "makinetan erreginarekin". "Zazpi kolpeko makina da. Ohioko (AEB) National Machinery enpresa handian egin dute. Hotzezko estanpaziorako makinen artean aurreratuena da. Europa mailan oso gutxi daude zazpikoak; Euskal Herrian, nik dakidala, ez dago halakorik. Guk, orain arte, hiru, lau, bost eta sei kolpekoak genituen".
Tamainaz ez da dituzten artean handiena. "Ezaugarri nagusia da kolpe kopurua. Zenbat eta kolpe gehiago, orduan eta gauza konplexuagoak egin daitezke. Hotzezko estanpazioan kolpe bakoitza deformazio bat da. Makinan altzairu pieza bat sartzen dugu eta hori kolpeka piezari forma ematen joaten da; zenbat eta kolpe gehiago izan, orduan deformazio konplexuagoak atera daitezke. Horrez gain, batzuetan makinatik kanpo egin beharreko lanen bat, adibidez, mekanizazioa, ekiditeko aukera ere eman dezake. Beraz, kostuak gutxitzeko eta lehiakorragoak izateko aukera emango digu. Aurrera begiratu beharra dago, eta, horregatik, orain dela urtebete hartutako erabakia, gaur egungo egoeran ere erabaki zuzena izan zela deritzogu".
Irailerako makina berria martxan jartzea da euren asmoa. "Ezin da zuzenean lurrean jarri, aurrez lur azpia prestatu behar izaten da. Lan horretan gaude, eta gero, makinaren muntaia dator. Ez da konplikatua, baina lan luzea da bai".
Assembly: makinak hemen dira
Osasun Ministerioaren eskaria betez Mondragon Assemblyk Txinan duen lantegian eginiko lau makinak Euskal Herrian dira; horietako hiruk Hernanin egoitza duen Bexen Medical enpresarendako maskara kirurgikoak ekoiztuko dituzte; modu horretan, maskara-fabrikatzaile handiena bihurtuta; eta laugarrena Defentsa Ministerioaren farmazia zentrora bideratu dute.
Microliquid-en PCR test diagnostikoa
Minbiziaren, arnas gaixotasun infekzioen eta beste farmako batzuen tratamenduen diagnosirako teknologia mikrofluidikoetan Arrasateko Microliquid enpresa bioteknologikoa erreferente da.
COVID-19aren diagnostiko azkarra errazteko sistema eramangarri bat garatzen ari da, Biozientziak Gipuzkoa fundazioak lagunduta, eta 150.000 euroko laguntza jasoko du. Aurreikuspenen arabera, zazpi hilabetean prest egongo da Euskadiko osasun zentroetan eta ospitaleetan erabiltzeko.
Emaitzak, 15 minutuan
Fundaziokoen esanetan, "emaitzak modu azkar eta eraginkorrean lortuta, modu estrategikoan erraztuko da kutsaduren identifikazio azkarra eta balizko isolamendua egoera ezberdinetan, itxarote denboran dagoen murrizketari esker"; izan ere, PCR –Polymerase Chain Reaction– teknikan oinarrituta, hamabost minutuan emango ditu gailu berriak emaitzak, eta gaur egungo sistema gehienen epea bost ordukoa da.
Microliquid-ek beharrezko hornidurak eta azpiegiturak ditu produktu biosanitarioak egiteko derrigorrezkoa den ISO 13485 zertifikazioarekin ekoizteko.