Espainiako Gobernuak onartu egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak deseskalatzearen lehenengo fasetik bigarrenera igarotzeko egindako proposamenak. Gauzak horrela, astelehenetik aurrera, kendu egingo dituzte kalera irteteko ordutegi mugak, esaterako. Dena den, bigarren faseari buruz maiatzaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofizialean jasotzen denez, 70 urtetik gora duten edo egoerarik zaurgarrienean dauden herritarrentzat bakarrik izango den ordutegi zehatz bat ezarriko dela dio Espainiako Gobernuak: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara arteko tartea, hain zuzen ere. Halere, udalen eta autonomia erkidegoen esku egongo da gomendatutako ordutegi hori ezartzea edo moldatzea.
Taldean elkartzeari dagokionez, gehienez hamabost pertsonako bilerak egongo dira baimenduta.
Ostalaritza
Bigarren fase honetan, era berean, eta Espainiako Gobernuak maiatzaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoaren arabera, tabernei eta jatetxeei lokal barruan bezeroak hartzea ere baimenduko zaie, baina muga batzuekin: mahaian eseri ahalko dira bakarrik, ez barran; eta gehienez establezimenduaren edukieraren %40 bete arte. Zentzu horretan, baina Eusko Jaurlaritzak Gobernu zentralari asteon egindako proposamenen artean eskatu dute taberna barruko edukiera %50ekoa izatea.
Beilatokiak, gurtze-lekuak, ezkontzak...
Astelehenetik aurrera, aire libreko beilatokietan 25 pertsona elkartu ahalko dira gehienez; leku itxietan egingo direnetan, hamabost. Gurtze-lekuetan, ezingo da edukieraren %50 gainditu.
Ezkontzak ere egin ahalko dira bigarren fasea hastearekin batera, leku publiko zein pribatuetan eta betiere ez bada edukieraren %50 gainditzen. Aire libreko ospakizunetan ehun pertsona elkartu ahalko dira gehienez; leku itxietan, 50.
Eusko Jaurlaritzaren neurriak, "murriztaileagoak"
Eusko Jaurlaritzak bihar emango du bigarren faserako landuko duen arautegiaren berri. Negane Murga Osasun sailburuak atzo azpimarratu zuen, baina, pertsonen elkartzeen inguruko Eusko Jaurlaritzaren neurriak Espainiako Gobernuak ezarritakoak baino "murriztaileagoak" izan ohi direla.