Goiena telebista: bi hamarkada hemengo informazioa ematen

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 22a, 15:41

Gaur, maiatzak 22, 20 urte bete ditu Goiena telebistak. ATB eta Aretxabaleta telebistaren baturatik sortu zen, eta bailarako herri guztietara zabaltzen joan zen, euskara hutsezko programa eskainiz.

Maiatzeko loreak bezala heldu zen Goiena telebista bailarako herritarren etxeetara. Debagoien osora eta Aramaiora euskara hutsezko telebista eramango dugu. Zenbait herritan mesede galanta egingo dio euskararen normalizazioari. Pozik egoteko moduan gaude", esan zuen sorrerako Goiena telebistako erredaktoreburu Joxe Aranzabalek.

Goiena telebista ATBren eta Aretxabaleta telebistaren baturatik sortu zen, eta ATBren programazio berberarekin hasi zuen ibilbidea. Eguneko albisteak, Gatza eta berakatza sukaldaritza saioa, Goienasport, Hamaika magazin, Soinuz blai eta Guganda ziren saioetako batzuk.

Egoitza nagusia, Arrasaten

Goiena telebistaren emisio zentroa Arrasaten zegoen. Egungo Goienaren egoitza berean. Horrez gain, hiru ordezkaritza zituen: Aretxabaletakoa, Oñatikoa eta Bergarakoa. Hiru ordezkaritza, baina bailarako herri guztietako albisteak jasotzeko asmoarekin. Hori posible egiteko, unitate ibiltaria estreinatu zuten telebistan. "Bailarako edozein tokitako gertakariak edo ekitaldiak zuzenean eman ahal izango ditugu unitate ibiltariari esker", azpimarratu zuen orduko arduradun tekniko Jon Aldanondok.

Emisioen lehen astean, albistegi bereziak grabatu zituzten Aramaion, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan. Kazetari lanak egin zituzten Maider Osak, Amagoia Lasagabasterrek, Lorea Agirianok, Aintzane Gardokik, Rosa Mondragonek eta Monika Belastegik.

Legeztatuta

Orain dela 20 urte landatutako haziak ibilbide oparoa egin du hogei urtez. Garai berrietara egokitzen eta erronka berriak gainditzen jakin du. Hala, erronka horietako bat izan zen Lurralde Telebista Digital formatuan emititzeko baimena lortzea, 2007an. "Hainbat urtean legeztatu barik emititzen ibili ostean, legeak errekonozitutako lekua eta erakunde publikoen baimena lortu genuen. Kontratu administratibo harekin bermatu genuen seinalea banatu ahal izango genuela 10 urtez", gogora ekarri du Goiena telebistako egungo zuzendari Oihane Agirrek. Hurrengo pausu handia analogikotik digitalerako aldaketa izan zen, 2010ean. "Goiena telebistarendako oso garrantzitsua izan zen kanalen hedapena. Kable bidez emititzearenak aukera eman zigun gure ekoizpenak lurralde osora zabaltzeko. Ostean, Internet bidez mundu osora zabaldu gara", esan du Agirrek.

Zuzenekoa, herriko jaietan

Goiena telebistak esku artean duen hurrengo erronka herrietako jai nagusietako saioei "beste buelta bat" ematea da. Alarma egoerak aginduta, oso ezberdinak izango dira jaiak, eta baita Goiena telebistako saioak ere. "Bergarako Pazkoetatik hasiko gara. Bi orduko zuzenekoa egingo dugu, Bitorianatxoren jaitsiera eta guzti. Herriko sortzaileekin, eragileekin... egongo gara. Guk ere beste modu batera biziko ditugu jaiak. Baina garbi daukaguna da Goiena telebistak herrietako jai nagusietan egon Bergarako jaiak. GOIENA behar duela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak